Saioa Aginako Lamarain
Psikoterapeuta

Amaierako puntua

Bizitzan zehar, zenbatetan ikusi duzu zure burua agur esatera behartuta? Gure bizitza hasten eta amaitzen diren zikloez beteta dago. Hortaz, eta oinazea sortu arren, hasiera eta amaiera ugari bizi izango ditugu.

«Ez dut ulertzen nola gertatu den. Ezin dut sinetsi leku hartatik joan izana. Nola izan daiteke bukatu izana, bizipoza ematen zidan-eta!». Horiek izan daitezke darabilkizun pentsamenduetako batzuk; bada, orduan, zuri ere, amaierek ez dizute hasiera berri bat imajinatzen uzten.

Oraindik iragandako garaietan bizi zara? Agian, istorioren bat amaituta dago, baina oraindik zure barnean amaitu gabe irauten du, edo bizipenak amaitu zaizkion hiri batean bizi zara, eta, hori jakinda, ez zara onartzeko gai. Hala eta guztiz ere, amaierak, gure barneko zati batekin geratzen diren esperientzia baten ageriko ebidentziak dira. Amaierek agurra suposatzen dute, bai, baina ezin dugu ahaztu agurtzen dugun horrek emandako bizipenak gureak direla eta inork ezin dizkigula kendu.

Beste hitz batzuekin esanda, agurraren zatirik korapilatsuena, ez da «agur» esatearen ekintza bera, baizik eta ikastea agur horrek, dena delakoa alde batera utzi eta aurrera jarraitzea esan nahi duela. Askotan esan digute bizitza errusiar-mendi bat bezain aldakorra dela, une baxuago zein altuagoetara egokitu beharra dugula, baina, aldi berean, bizitza zoriontsua izatea, gauzek, harremanek eta egoerek betiko irautea dela sinestarazi nahi digute. Aurkakotasun horretan, kaltea aurkitzen da. Babesgabe sentitzen gara, gure egia etengabe aldatzen dela ohartzean, zoriona etengabekoa ez dela alegia, eta, irabazten jarraitu ahal izateko, lehenago edo beranduago, zerbait galtzera behartuta gaudela.

Ateak ixtea ezinbestekoa bihurtzen da orainak aurrera egiten ez duenean. Sarritan geldialdia gertatzen da, oraindik gure bihotzean irekita dirauen iraganari heltzeagatik. Orain, hausnar ezazu, denbora hartu izan zenari joaten uzteko egoerek, gauzek edo bizitzaren zenbait alderdik gehiago eman ezin dutenean, eta onartu, izan ez zena eta oraindik ahaztu ez duzun hura. Zure zama hustu ezazu, etorriko denari hutsunea utziz. Iraganak ikasteko balio du, ez zu gelditzeko ordea, oraina atzokoarekin ezberdina izan daitekeelako. Zentzugabekeria da, hilzorian dauden egoerak aurrera jarraitzea behartzea. Emozionalki osasuntsua baita, esaldiari amaierako puntua jartzea.

Beldurra, nahi edo ez, beti egongo da hor, bai zerbait edo norbait askatzeko orduan, bai bizitzak aldi berri batera gidatzen gaituenean.

Batzuetan positiboa izango da eta beste batzuetan ez, baina beharrezkoa da bukatzea eta atea itxi ahal izatea, beste bat edo beste batzuk ireki daitezen baimentzeko. Bestela, aurrera egitea ezinezkoa zaigu, zehaztasun gabeko etengabeko egoeran bizi izango gara, ezer ez dugulako ixten edo amaitzen.

Nahiko arazotsua izan daiteke askatzen ez jakitea, agur esaten ez jakitea edo zerbaiten amaiera erabakitzea. Kontrakoa bezain beste: ezerekin hertsiki ez nahastea, hura galtzeko beldurrez. Beharbada, dena bukatzen dela naturaltasun handiagoarekin ikusten ikasten badugu, hemen eta orain, inguratzen gaituen honetaz gehiago gozatzea lortuko dugu, jada joan zen hori guztia faltan bota ordez. •

saioaaginako@gmail.com