Gorka Elejabarrieta

Euskal Herrian, estatuetan, Europan eta munduan

Gehiengo soziala eta nazioarteko aitortza eskuratu behar ditugu gure helburuak lortzeko eta, hala ere, ez dakigu nahikoa izango ote den, parean dugun arerioak ahal duen guztia egingo baitu gu geldiarazteko. Ez dirudi, Europan gertatzen ari denaren kontra, Estatu espainolak erabakitzeko eskubidea onartuko duenik. Ez dirudi, ondorioz, erreferendum adostu bat izan daitekeenik gatazka politikoa konpontzeko formula. Gaur-gaurkoz, behintzat, ez.

Aldebakarreko bidea ere zaila, luzea eta konplikatua da. Katalanek sekulakoa egin dute, baina ez dute oraindik independentzia lortu eta hartutako bideak ere zenbait muga agertu ditu. Estaturik gabeko herriekin indarrak bildu behar ditugu, hori izan daiteke klabea, gure edabe magiko sekretua, orain arte behar bezala eta behar bezainbeste erabili ez duguna. Madrili eta Parisi begira, baina baita Brusela eta nazioarteari begira ere. Helburu berdintsuak dauzkagu eta kasu askotan baita arerio berdinak ere. Gure indarrak, eskaerak eta ekimenak elkartu behar ditugu eraginkorragoak izateko.

Nazioartean, fase berri honetan, herri bezala agertu behar dugu; subjektua, alderdiak baino gehiago, Euskal Herria izan behar da, eta hori lortzeko lan egin behar dugu, baita Euskal Herrian ere. Nazioarteko politika estatu politika bilakatu behar dugu, bere osotasunean ezin bada, bai behintzat ahal den esparru horietan. Bestela, jai daukagu.

Ez gaude hemen politika konbentzionala egiteko

Urte dezente daramatzat herriz herri, maleta, pasaportea eta hegazkin txartela lagun. Hegazkinei beldur diet, eta, ehunka hegazkin hartu arren, beldur hori ez da gutxitzen. Hegazkina mugitzen hasten den bakoitzean beti datorkit pentsamendu berdina burura: «ze ostia egiten dut nik oraindik ere honetan!». Hori bai, beldurra gutxitu ahala, nire burua egiten dugunaren garrantziaz konbentzitzea lortzen dut. Gu ez gaude honetan politika konbentzionala maite dugulako, ezta politika konbentzionala egiteko ere. Ez gaude honetan postu bat, eserleku bat, lortzeko. Gure herriaren askatasuna eskuratzea da gure helburua eta horretan jarraitzeko konpromisoa hartu dugu, konpromiso indibiduala eta kolektiboa. “Ni” eta “gu” uztartu ditugu.

Orain bide horrek Madrilera eraman nazake, Senatura, nora eta arerioaren bihotzera. Zein da gure misio nagusia Madrilen? Nire ustez gatazkaren konponbidearen eremuan urratsak ematen jarraitzea. Gatazkaren arrazoiak eta ondorioak konpontzeko eman beharreko pausuen alde konplize eta lagun gehiago eskuratzea. Gure eskubideak ozen eta garbi defendatzea. Autodeterminazio eskubidearen aldeko etengabeko lana egin beharra dago eta lan hori Estatuko gainontzeko estaturik gabeko herriekin egingo dugu. Elkarrekin gehiago eta indartsuagoak garelako, erabakigarriak izango gara. Eta erabakia gure esku badago, badakizue nolakoa izango den erabakitakoa. Gatazkaren ondorioek behin betiko konponbide bat behar dute, preso politiko guztiak eta iheslari zein deportatuak etxeratzea da gure helburua, eta helburu horren alde ahal dugun guztia egingo dugu. Madriletik ere bai. Estatuko betiko faxistak hor ditugu, ate joka, mehatxuka, horiei ere aurre egitera goaz Madrilera, ez diegu beldurrik. Ez dezagun boto bat bera ere eman gabe utzi.

Estaturik gabeko herriekin batera

Elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa izan behar dira gure musika, gure diskurtsoen eta ekintzaren oinarria. Zer eta erreferendum adostu bat, erabakitzeko eskubidea eskuratzeko, jakinik Estatuak ez duela ziurrenik horrelakorik onartuko, baina jakinik ere musika eta bide hori direla gehiengoa eta nazioarteko aitortza eskuratzeko modua.

Eta hori guztia katalanekin eta gainontzeko estaturik gabeko herriekin batera egingo dugu, estatuetan, Europan eta munduan. Datozen garai beltzen eta faxismoaren gorakada berrien aurrean, estaturik gabeko herriak bilakatuko gara demokraziaren, bakearen eta justizia sozialaren ikur. Estaturik gabeko herriak arazo izatetik konponbide izatera pasa behar dugu, pasatuko gara. Elkarrekin, denok batera. •