Ainara Lertxundi
BAKEAREN KOOPERATIBAK

FARCeko gerrillari ohiek Ecomun jarri dute martxan gizarteratzea bultzatzeko

Agirre Lehendakaria Center zentrok, Lakuako Gobernuak eta Mondragon Korporazioko LKS eta Alecop enpresek FARCeko gerrillari ohien kooperatiba sarea indartzen lagunduko dute. Horretarako konpromiso gutun bat sinatu berri dute Mutatan, Kolonbian. Xedea, gerrillari ohiek ekoitzitako nekazaritza eta artisautza produktuak babestea.

Habanako bake akordioen baitan, FARC-EPko gerrillari ohiek Ecomun (Economías Sociales del Común) kooperatiba sarea sortu zuten, ekonomia solidarioan oinarrituta. 2017ko uztailean aurkeztu zuten Bogotan eginiko ekitaldi batean. Pasa den asteburuan, hilaren 23an eta 24an, batzar nazionala egin zuten Icononzon, Toliman. Kolonbia osoko ordezkariak bildu ziren, baita nazioarteko lankidetzako ordezkariak eta FARC talde politikoko legebiltzarkideak ere. Egun, 13.000 borrokalari ohi, gerrillariak eta milizianoak kontuan hartuta, daude gizarteratze prozesuan. Kolonbiako Gobernuaren eta erakundeen aldetik laguntza emateko borondate eskasa aurkitu dute.

Habanan hitzartutakoa betetzeko konpromisoa eskasa da, batez ere, lurraren banaketari eta jabetzari dagokionez. Gerrillari ohientzat lur funts bat sortzea adostu zuten, baina, akordioak sinatu zirenetik bi urte baino gehiago igaro direnean, oraindik ere ez dute lan egiteko lursail propiorik.

 

«Nekazaritza eremuetakoak gara gehienak, nekazariak. Horregatik da lurra hain garrantzitsua guretzat; gerrillari ohien gizarteratze ekonomikoa bermatzeko ezinbestekoa da», plazaratu zuen Ecomuneko zuzendari Fanny Castellanosek Contagio Radio irrati kolonbiarrean. «Estatuaren begiak beste leku batean jarrita daude, ez behintzat landa eremuetan. Nekazari arruntak ez dira euren lurren jabe. Edozein unetan kendu diezazkiete lur sailak, baita berrogei urtez landu ostean ere. Guri ere gauza bera gerta dakiguke, lurraren jabeak ez baikara», salatu zuen elkarrizketan.

Ecomunek zonalde desberdinetan gerrillari ohiek bultzatu dituzten proiektu ekonomikoak babesten ditu. Jada 125 kooperatiba sortu dituzte, 5.000 bazkide baino gehiagorekin, horietatik 1.300 emakumeak. Datorren abuztuan, Ecomunek Bogotan duen egoitzan denda bat zabalduko dute ekoizten dituzten produktuak saltzeko.

Guztion kezka nagusia argia da: nola merkaturatuko dituzten ekoizten dituzten produktuak –oihartzun gehien izan duena La Esperanza kafea da–. Izan ere, ez dago politika publikorik produktuon salerosketa bermatzeko eta «horiek gabe zail izango dugu nekazaritza eta artisautza produktuak komertzializatzea», adierazi zuen Castellanosek.

Tokian tokiko merkatuak oinarri hartu nahi dituzte. Ekoizteko modu tradizionalak berreskuratzen ari dira, ikuspegi alternatibo eta ekologikoa oinarri. Ekoturismoa bultzatzen ere ari dira; gatazka armatua indarrean zenean bisita ezin zitezkeen zonalde batzuk, orain, turismorako zabaldu dira, gerrillari ohiak turismo gidari bihurtuta, inork baino hobeto ezagutzen dituztelako inguruok. Hamazazpi ekimen proposatu dituzte turismoaren alorrean. Horietako batek turistei aukera ematen die kanpaleku gerrillari bat nolakoa zen ezagutzeko eta gerrillariek erabiltzen zituzten dendetan lo egiteko.

Kooperatiba horiei laguntzeko konpromisoa hartu dute Mondragon Korporazioko LKS Next eta Alecop enpresek, Agirre Lehendakaria Center zentroak eta Lakuako Gobernuak, Europako Batasunarekin batera. Euskal Herriak kooperatiben munduan duen esperientzia zabala gerrillari ohien esku jarri nahi dute, laguntza ekonomikoa emateaz gain. Aholkularitza lana egingo dute, kooperatibak nola sortu, garatu eta sendotu azalduz, ekimenon bideragarritasuna bermatzea helburu. «Auzolana» da filosofia.

Elkarlana sustatzeko eta bake prozesuari ekarpena egiteko, konpromiso gutuna sinatu zuten guztiek martxoaren 13an, Mutatan. Bertan izan ziren Carlos Barandiaran eta Aitor Altolagirre LKS Next eta Alecop enpresen ordezkariak, Paul Rios Agirre Lehendakaria Centerreko kidea, Jonan Fernandez Lakuako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusia eta Rafael Kutz Lakuak Txilen, Perun eta Kolonbian duen ordezkaria.

Europar Batasunak 7.477.312 euroko ekarpena egingo dio egitasmoari, Kolonbiako Gobernuak 1.100.000 eurokoa, Espainiako Nazioarteko Lankidetzarako eta Garapenerako Agentziak eta Lakuako Gobernuak 300.000 eurokoa eta Ecomunek 319.327 eurokoa.

«Bake prozesua gauzatzeko zailtasun handiak egon arren, baikor itzultzen naiz gerrillari ohien ausardia ikusita. Gizarteratzearekin konprometituta daude. Euskadik eta Europako Batasunak ekarpen handia egin diezaiokete Kolonbiako bakeari», esan zuen Riosek.

Fernandezen hitzetan, «bakea lehen mailako aktibo ekonomikoa da. Gizarte batek duen energia azalarazten du bakeak, esperantzari bide ematen dio. Bakea eta bizikidetza kausa unibertsalak dira. Bakea, justizia eta adiskidetzea inporta zaizkigulako gaude hemen».