Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

«Mendi» gogoan

Gurasoek Jon Koldobika Mendizabal izenez erregistratu zuten 1928an Lekeitioko elizan. Gero, ume zela, 36ko Gerra bizitzea tokatu zitzaion. Zarauzko Iñurritzako eskolan hasi zen. Han aldatu zioten izena, eta Juan Luis bilakatu zuen eskolak, Franco diktadoreak euskararen aurka ezarritako legeak leialki jarraituz. Mendi txikitatik ohartu zen, nahitaez, eskolak duen botereaz. Izan ere, Jon Koldobika izatetik Juan Luis izatera igaroarazteak hizkuntza batetik bestera egindako itzulpen soil batek baino askoz haratagoko asmoa zuen: hizkuntza bat ezabatzearekin, kultura, izate, nortasun eta mundu ikuskera bat ezabatzearekin zerikusi handiagoa zuen erabakiak.

Eskola amaitu eta bere bidea jarraitu zuen. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Munizipaleko Gizarte Ekintzako Kultura arloko zuzendaria izan zen. Aldi berean, asko bidaiatu zuen munduan barrena, izugarri irakurri zuen eta kultura zabaleko gizona bilakatu zen. Baina, batez ere, bizitzaz interesatu zen. Lagun zuen Jorge Oteiza eskultoreak esaten omen zion Zarauzko malekoian gora eta behera paseoan zebiltzan erretiratuei begira: «cuántos cadáveres andantes», eta Mendik, bizitza okupatu baino bizitzan mundu hobeago baten aldeko, pertsonen osotasunaren eta duintasunaren aldeko apustua egin zuen. Eta irmoki sinetsi zuen “edukazioa” zela horren guztiaren zutarria.

Erretiroa hartu zuenean itzuli zen eskolara. Umetako eskola haren alboan eraiki zuten ikastolara joaten hasi zen astelehenero, 5 eta 8 urte bitarteko neska-mutilei pintatzen erakustera. Txikitan hasi zen pintatzen eta bere ogibidea bilakatu ez zuen arren, sekula ez zion zaletasunari utzi. Jon Koldobikaren esnaera izan zen hura, etxeko goxotasunean ikasi eta eskolak ezabatu zion euskarara itzuli zen.

Orain, neurozientziek erakutsi digute bizitzako lehen urteek sekulako garrantzia dutela garapenean eta pertsonaren izatearen eraikuntzan. Mendi horren guztiaren adibide praktiko bizia izan da. Han zegoen ikastolan, umetan izena eta izana ukatu zioten eskolatik metro batzuetara, gorputza zahartuta baina gogoa bizi-bizi. Harrotasunez esaten zuen berari izena eta hizkuntza ezabatu zioten eskolaren alboan, metro gutxira, orain neska-mutilek euskaraz ikasi eta bizitzeko aukera dutela. Pozarren egoten zen umeak eta gazteak euskaraz entzuten.

Eskolara itzultzea erabaki politikoa izan zen. “Hik Hasi” aldizkariari 2001ean deskribatu zion ikastolan egiten zuena: «Aurrera jarraitzera animatzen ditut: koloreekin jolasteko, detaileak marrazteko... Zer egin duten konturarazten saiatzen naiz, eta hortik aurrera egin dezaketenaz ohartarazten ere bai. Azken finean, ateak irekitzen saiatzen naiz. Izan ere, gaurko bizimoduak ateak itxi egiten ditu, eta ireki egin behar direla iruditzen zait. Horregatik, hori txikitatik erakutsi behar zaie. Hori da aberatsena, kuriositatea izatea eta bizitzari buruz interesatzea».

Eskolan ondasun immaterialari, belaunaldiarteko transmisioari, herritarren parte hartzeari eta abarri begira jartzen hasi garen honetan, Mendirena bezalako adibideak behar ditugu. «Bi gauza erakutsi beharko lizkieke eskolak haurrei: jatekoa lortzen eta zaletasunak lantzen» esaten zigun maiz. Horra hor hezkuntzaren boterea.

Hamarkada batez joan zen Mendi eskolara, berak egiten zekiena transmititzera, artea. Eskolan beste kontu batzuk transmititu behar ditugu... arteaz ez du inork hitz egiten neska-mutilekin. Bere lanaren kronika gisa geratu zaigu bere ikasle izandakoek behin heldu bihurtuta esperientzia hartaz marrazkiz eta hitzez egin zuten gogoeten koadernoa. •