Amagoia Mujika Telleria eta Xabier Izaga Gonzalez
ARABAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Printzipalen ikusiko da katea, garai desberdineko katebegiek lotua

Arabako finalak hamalaugarrena du gaur. Printzipal antzokiko oholtzan arituko diren sei bertsolariek ondo kontatzen dute Arabako bertsogintzaren historia; ikasle eta irakasle izandakoak kantukide, kate beraren katebegi direla jakitun.

AROA ARRIZUBIETA BARREDO

«Ez nuke nahi finalista gazteena izateak ni txiki sentiaraztea»

Gasteiz, 2001. Finalista gazteena, Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketa irabazi duen lehen arabarra izan zen eta horrek une batean karga pixka bat sortu zion. Hala ere, asmatu omen du karga bizkarretik kentzen eta oso gustura sentitu da txapelketan. Finalean egiteko gai dena erakutsi nahi du.

Zalantza izan omen zenuen txapelketan izena eman edo ez.

Euskal Herriko Eskolartekoa irabazi nuenean presioa sentitu nuen nire gainean, jendeak nigatik espero zuen hori emateko presioa. Txapelketan izena emateko orduan beldur hori izan nuen, presio horren estutasuna, eta zalantzak izan nituen. Baina, gero, parte hartzaileak ikusita, denak lagunak eta ezagunak ginela ikusita, txapelketara joatea erabaki nuen. Pentsatu nuen, “joango naiz, gozatu egingo dut, ahal dudana emango dut eta jendeari ez badiot ematen espero duena, ba izorratu dadila!”.

Zein modutan sentitu zenuen presio hori?

Ez zen hainbeste jendeak esaten zidana, gehiago zen nik nire buruari jartzen niona. Nolabait kontziente nintzen jendeak asko espero zezakeela nigatik eta akaso ez nuela maila emango; egun txar bat izango nuela, zurian geratuko nintzela, ez nuela izango Eskolarteko finaleko egun eder hura... Finean, saio bakoitza egun bat da eta egun hori baldintzatzen duten gauza asko daude.

Eskolartekotik Arabako Txapelketara. Aldea handia al da?

Bai. Plazan biltzen den jende kopurua oso desberdina da. Arabako Txapelketa askoz jendetsuagoa da. Pentsa, Printzipaleko plaza ere sekulakoa da niretzat. Baina horrek, era berean, presioa kentzen dit. Zera pentsatzen dut: 17 urte ditut, finalera iritsi naiz eta hori nahikoa sari bada.

17 urteko finalista berriaren zapatetatik kantatzea gauza ederra da.

Bai, eta hori aprobetxatzeko asmoa daukat. Ez nuke nahi finalista gazteena izateak ni txiki sentiaraztea. Dakidan guztia emango dut, bertso eskolan landutako guztia erakutsi nahi dut. Ezin bada ezin da, baina ni gogor saiatuko naiz.

Urduritasunak kezka sortzen al dizu?

Ez naiz pertsona urduria, nahikoa tenple izaten dut normalean. Baina egia da Printzipal areto berezia dela eta jakitun naiz jendeak nigatik zerbait espero duela. Baina espero dut jendearen presioa baino gehiago jendearen bultzada sentituko dudala. Eta nik pozik erakutsiko diet zer egiteko gai naizen.

Zer da bertsoa zure bizitzan?

Nik bertsogintzari esker ezagutu dudan jendeak sekulako ekarpena egin dio nire bizitzari. Ez bakarrik bertsolariek, baita bertsogintzaren inguruan mugitzen den jendeak ere. Finean, bertsoak giro bat eman dit, toki bat munduan, eta hor primeran sentitzen naiz.

Nola gerturatu zinen bertsogintzara?

Ikastolan, hezkuntza arautuan, ezagutu nuen. Hamabostean behin bertsolari bat etortzen zen klasera. Gero, eskolaz kanpoko jardueratan sortu zitzaidan bertsolaritza lantzeko aukera eta konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala. Ikastolatik bertso eskolara pasatu nintzen eta hor ezagutu nuen hain eroso sentiarazten nauen giro hori. Eta sentitu nuen hori zela nire tokia.

MANEX AGIRRE ARRIOLABENGOA

 

«Arabako bertsogintzaren ispilu izango da finala eta hori pozgarria da»

Aramaio, 1982. Bi txapela jantzi ditu, 2011n eta 2015ean. Arabako final guztietan egon da eta dagoeneko beteranoaren titulua ondo lortua du. Hortik kantatzea egokituko zaio aurten, taldearen ardura eta babesa betebehar. Orain artean bidean egindako akatsak ez egitea jarri du erronkatzat.

Finalean beteranoa zara dagoeneko. Horrek taldean autoritate bat ematen du, egiteko jakina; gazteak babestu, urduritasuna kudeatzen lagundu, saioaren pisua hartu...

Bai. Eta autoritate horren kontziente naizen lehen aldia da. Orain arte Asier Otamendi, Zigor Enbeita, Oihane Perea... ikusi ditut “lidergo” paper hori hartzen. Orain paperak trukatu egin dira eta sentsazio ona da. Horrek esan nahi du dagoeneko urte batzuk daramatzadala txapelketan parte hartzen. Final denetan egon naiz. Beteranoaren ezaugarria hori da, atzetik ibilbide bat egin duela. Eta ez da karga bat, gehiago da akuilu bat. Zure burua zirikatzen duen ardura bat dela esango nuke, besteei lagunduaz zure buruari ere laguntzen diozulako. Esperientzia hori bizitzeko gogoz nago.

Beste aldean egon zarenean, babestua izateko beharra izan duzunean, noren lidergoaz akordatzen zara bereziki?

Oihane Perearena gogoratzen dut bereziki. Adinean ez dago horrelako aldea, baina ni bertsotan hasterako Oihanek dagoeneko bidetxo bat egina zuen eta beti zaindu izan gaitu denok txapelketa garaian. Gainera, zaindu izan gaitu hasi eta buka; hasi kanporaketako saiotik eta bukatu finalaren ondorengo parranda gurekin eginez. Gaztetxo batentzat hori oso garrantzitsua da. Eta ikusten dut orain gauza bera egiten duela Aroarekin.

Esan duzunez txapelketan orain arte ez zara hain gustura sentitu. Egin behar ez diren akatsak egin dituzula aipatu duzu.

Bakarka ez dut asmatu. Bi aukera izan ditut asmatzeko eta bietan beteta ez bukatu izanaren sentsazioa izan dut. Akats teknikoak ere izan dira, potoren bat tartean. Eta, gero, ofizio batzuetan gertatu zait ondo hasi eta bidean ofiziotik atera izana, nire burua kanpotik ikusiko banu bezala. Oso sentsazio eskasa da. Erabat barruan egon gabe bezala sentitu naiz ofizio batzuetan. Ea akats horiek ez ditudan egiten finalean.

Pentsatzekoa da finalean bakarkako on bat egin nahiko duzula.

Hori da nire helburua. Baina, tira, bakarka bi bertso dira eta beti ez da erraza. Egia da bakarkakoari garrantzi handia ematen zaiola, gehiegi akaso. Bakarrik egiten den ariketa delako izango da segur aski, inoren laguntzarik gabe egin behar duzulako. Baina egia da akaso garrantzi larregi ere ematen zaiola.

Belaunaldi aldaketa islatuko du finalak eta finalisten herena emakumeak dira.

Bai, eta oso pozik gaude horregatik. Baina ez da anomalia bat: Arabako bertsogintzaren ispilu izango da finala. Hor gaudenak plazetan gabiltzanak gara, finalera sartu gabe geratu diren beste askorekin batera. Gero eta emakume gehiago ere badabiltza eta hori ere islatuko da finalean. Pozgarria da.

Eta finalisten erdiak aramaioarrak zarete.

Bai eta horrek harrotasun bat ematen du. Interpretazio okerrik egin gabe, hala ere. Pentsatu izan da –eta horrela entzun izan dugu askotan– Aramaioko egoera soziolinguistikoa dela-eta, normala dela hor bertso eskola indartsu egotea. Eta hori ez da horrela. Badira egoera soziolinguistiko antzekoa duten eta bertso eskola indartsurik ez duten herriak. Aramaion bertso eskola oso indartsu dago lan handia egiten delako, ez zeruak horrela agintzen duelako. Lan horren fruitua ikusiko da finalean eta horrek oso harro sentiarazten gaitu.

Zergatik sei bertsolariko finala eta ez zortzikoa?

Talde antolatzaileak horrela erabaki du eta esango nuke erabaki zuzena izan dela. Guk ez dugun beste ikuspegi bat dauka talde antolatzaileak, osotasunean ikusten du errealitatea eta txapelketa. Tira, iritsiko da Arabak ere zortzi bertsolariko finala duen eguna. Edo ez, akaso hori ere aldatuko delako. Txapelketak dinamikoak dira. Baina gaur egungo errealitatea kontuan hartuta, egokiena sei bertsolariko finala dela uste dut.

IÑAKI VIÑASPRE SIMON

 

«Finalaren uneren batean lehertu egin nahiko nuke, eztanda egin eta jendearekin konektatu»

Abetxuko, 1984. 2004tik gaur arte, final guztietan aritua. Bere erronka da finalean gorako ertzak marraztea, apartatzeko moduko uneren baten protagonista izatea.

Finaletan denetarik egindakoa zarela diozu.

Finalean potoak egindakoa, hanka luzeak, ideiak joan izan zaizkit... denetarik. Egia da, hala ere, horrelako hanka sartze baten ostean saioa hobeto joaten dela. Dagoeneko presioa kentzen duzu gainetik eta hortik aurrerakoa hobeto egiten duzu. Baina espero dezagun aurtengo finalean horrelakorik ez gertatzea.

Txapelaren bueltan-bueltan ibili izan zara, buruz burukora bitan iritsi zara...

Tira, ez dut izan txapela irabazi beharraren presioa. Beste batzuk izan dira beti faboritoak eta hortik aparte ibili naiz. Gertu egon naiz, baina presiorik gabe. Egia da txapelak erakarri egiten nauela duela hamar urte baino gehiagotik. Baina Printzipalen izatea bera bada sari bat niretzako, txapel txiki bat. Printzipalen Arabako zale guztien aurrean aritzea eta horien denen babesa jasotzea izugarria da. Txapela lortzea baino gehiago edo gutxiago den, txapela irabazten dudanean esango dizut.

Zer helburu jarri diozu zure buruari?

Finalean uneren batean lehertu egin nahiko nuke, saioren batean eztanda egin eta jendearekin konektatzea. Hortik aurrera, erori gabe ibiltzea, ideietan fresko aritzea, jendearengana iristea... Hortik doaz nire helburuak.

Saio batean oso ondo eta oso gaizki aritu zaitezke segidan. Hori barneratuta omen duzu.

Bai. Badira ideiaren mendekoagoak diren bertsolariak, ideia distiratsu horren bila aritzen dira. Eta badira erregularragoak direnak, esateko gauza handirik izan gabe ere bertso handiak egiteko gaitasuna dutenak. Ni gehiago naiz ideiaren mendekoagoa eta hori ona eta txarra izan daiteke: ona, bertsoaren baitan ideiak garrantzia handia duelako, eta, txarra, ideiarik ez datorrenean nondik heldu edo nora jo ez dakidala gera naitekeelako. Baina, tira, urteen joanean hori ere hobetu dudala uste dut eta hori erakutsi nahiko nuke finalean.

Ertzak marraztu nahi dituzu goraka.

[Barreak] Tira, goian-goian lerro zuzen bat marraztea ere ez zait inporta. Baina egia da nahiko nukeela momenturen batean goian egon, ez dut esaten puntuazioan, animoan, ideietan eta jendearen aldetik jasotzen duzun horretan baizik.

Seikotean, beteranoen tokian ja. Horrek pisu bat al dauka zuretzat?

Ez dut horrela ikusten. Nire ustez Oihanek eta Manexek daukate pisu hori, txapeldunak izan direlako. Txapela daukazunean oraindik ere hor goian zaudela erakutsi behar duzu. Nik ez diot horrelako presiorik jartzen nire buruari. Beteranoa naizela badakit eta asko gustatzen zaidan finala da. Baina ez dut helbururik jarri nahi postuari begira.

Bertsogintza familia handi bat da, eta, Arabakoa, oso lotuta dagoen familiaren adar txikiagoa.

Bai, zalantzarik gabe. Horregatik poztuko gara txapela edonork irabazita, lehengusu batek irabaztea bezalakoa baita. Arabako bertsogintzaren tamaina txikia da eta horregatik oso batuta dago. Gainera, elkarteak egindako lana ere hor dago. Hori bere fruituak ematen ari da eta oholtzan ikusten da.

Seikote ederra, aitzakiarik gabeko finala.

Bai, egia da. Aurretik ere egon dira bi emakume, baina orain Aroa sartzea oso pozgarria da; emakumea delako, gaztea delako eta, batez ere, Aroa delako. Finalari ekarpen polita egingo dio. Peru Abarrategik ere berdin. Uste dut gazteek asko ekarriko diotela finalari, eta, saio ona eginez gero, biak txapelerako hautagaiak iruditzen zaizkit.

OIHANE PEREA PEREZ DE MENDIOLA

 

«Plazer handi bat da bizitzako momentu honetatik kantatzea»

Gasteiz, 1997. 2007an, 2009an, 2013an eta 2017an, txapeldun. Eskertzekoa da haren hurkoen bultzada, hainbat urtetako txapelketek eragindako nekeari muzin egiten lagundu diona.

Zalantzak izan dituzu txapelketara aurkeztu aurretik.

Tira, nire belaunaldiko gehienak uzten joan dira, BECen kantatzen dutenak kenduta. Txapelketek desgastea sortzen dute. 2017ko Arabako Txapelketa eta Txapelketa Nagusiaren ondoren neke apurtxo bat sumatzen nuen, baina, egia esan, bizitzako momentu oso interesgarria da adin hau eta plazer handi bat da kokaleku horretatik kantatu ahal izatea, bizipen pilo batekin, zer nahi duzun jakinda, edo 20 urterekin baino pixka bat gehiago, inguruan gauza asko ikusita… Horrek biltegi handia ematen dizu, eta bertsotarako lasaitasun handia. Besteak beste, lagunek eta inguruak bultzatuta erabaki nuen parte hartzea ondorio guztiekin. Hala ere, uste dut Oihane oso momentu onean dagoela bertsotarako eta txapelketarako ere.

Eta oraindik txapelduna zara.

Bai. Batzuetan konplexuak, beldurrak eta horiek denak kendu behar dira. Horietatik askatzen zarenean ematen duzu zure benetako bertsioa, gidatzen zaituena ez denean txapela irabazteko obsesioa edo galtzeko beldurra, adierazteko gogoa eta ilusioa baizik.

Iragarpenak egitea, zaila, ez?

Manexek txapela berriro irabaztea posible ikusten dut. Viñasprek ere oso txapelketa ona egin du, oso prestatuta eta mentalizatuta dago eta aukera handiak ikusten dizkiot, eta uste dut jende asko poztuko litzatekeela. Gazteek oso arrisku handia dakarte, besteak beste publikoa alde edukiko dutelako, ilusio handia dakartelako eta freskura handia daukatelako. Nafarroako Txapelketan ere ikusi da Xabat eta Joanes Illarregik zer paper jokatu duten. Badator belaunaldi bat oso prestatua, pentsamendu berriekin, ideologia aldetik ere garatua eta heldua, eta oso proposamen interesgarria dakarte.

Gazteek eskarmentu falta dute kontra. Eta alde?

Sorpresa efektua, eurek ez badakite ere. Oso posible da bertsorik onenak gazteren batek botatzea. Txapelketa matematika ere bada, eta nahiz eta guztiok gora eta behera egingo dugun, gutxien jausten denak aukera gehiago dauzka, eta horretan esperientziak beste zerbait ematen du.

Gustura zaude txapelketara begira egin duzun prestaketa lanarekin?

Oso pozik nago. Uste dut lan integral bat dela. Zeure barrua landu behar duzu, pentsamendu eta sentimendu mailan elikatu behar duzu, eta biltegia nahiko beteta eduki behar duzu, inprobisazioa hori delako, biltegitik ezustean zerbait ateratzea. Irakurri egin dut, kantatu, entzun… Zentzu horretan nahikoa elikatuta nator.

Aurten ez zara emakume bakarra.

Final batean Andere [Arriolabengoa] ere egon zen, eta oso esperientzia polita izan zen niretzat. Aroarekin bi saiotan kantatu dut eta bietan oso gustura egon naiz, zaharrena eta gazteena izan arren. Oso gaztea baina oso ona da, eta oso prestatuta dago, sobera prestatuta. Bi emakume finalean, oro har gero eta gehiago, gizonezkoen maila berean daude eta.

Berdintasun egoeran?

Txapelketak sortzen duen presioa eta exijentzia eta erakusleiho funtzio hori emakumeoi zailagoa egiten zaigu. Bertso eskolatik oholtzara salto egitean emakume asko jausi egiten dira ez dutelako beren burua gauza ikusten, edo, beharbada, inguruak edo heziketak ez dituztelako kapaz sentiarazten. Arabako Txapelketan ere gutxi izan dira parte hartu duten emakumeak, batzuk jausi egin dira, baina aurrera egin dutenak harrigarria da noraino heldu diren. Beraz, onak gara jartzen garenean, baina nire ustez geure buruarengan konfiantza falta dugu. Finalaren atarian geratu da Paula Amilburu, Anderek ere oso saio ona egin zuen… baina gizarteak zailago egiten digu. Berdintasunera ailegatzeko gizonak baino hobeak garela demostratu behar dugula ematen du.

XABI IGOA ERIZ

 

«Azpimarragarria da saioetan batu den jendea. Oso seinale ona da Arabako bertsogintzarako»

Aramaio, 1992. Hirugarren finala du gaurkoa. Ez da beteranoetakoa, baina orain arte bikain jardun du txapelketa honetan. Bere helburua finala gozatzea da, ahalik eta saiorik osoena eginez. Finala ardura eta pribilegioa dela uste du, arabar bertsogintza zer den, non dagoen eta zertarako kapazak diren erakusteko ardura eta Principalen kantatzeko pribilegioa.

Nola sumatu dituzu orain arteko saioak, oro har?

Lehenik eta behin, azpimarragarria da saioetan batu den jendea. Oso seinale ona dela uste dut, bai arabar bertsogintzarako bai arabar bertsozaletasunerako. Bertsolariontzat oholtzatik publikoa bero eta plazak hain beteta ikustea ikustea gauza ederra da. Hori azpimarratuko nuke. Bestela, sailkapenean oso tarte txikiak izan dira puntuazioetan eta hori denondako ona da, saioak ondo doazen seinale; azkenean, elkar elikatzen dugu, ofizioetan batez ere, eta horrek saioa hobera eramaten du.

Ba al dago faboritorik?

Topikoak dira, baina esango dut finala egun bat dela eta edozein gauza gerta daitekeela. Nik uste dut kasu honetan edozeinek irabaz dezakeela. Berriek seguruenik ez dute euren burua hor ikusiko, baina euren freskura eta gaitasuna sobera erakutsi dute. Eta, bestela, bi txapeldun daude, betiko finalista bat eta hirugarrenez finalera datorren bat [Igoa bera], orduan uste dut edozeinek irabaz dezakeela. Eta hori ona dela uste dut finalerako.

Hala ere, beharbada saioetan zehar erregulartasunari begira, Viñasprek eta zuk bitik bi egin dituzue, zuen azken saioetan lehenengo izanez.

Bai, baina hori ez da ezeren seinale, eta, gainera, kanpora begira baino nik uste dut barnerako balio duela, pentsatzeko “hau egiteko gai izan zara; ba, zapatuan egizu hori eta apur bat gehiago. Gehiago da estimulu bat zentzu horretan, kapaza izan banaiz...”. Baina ez irabazte zentzuan, oholtzan eduki beharreko jarreran baizik.

Aurten finalera lehen aldiz sartu diren bi bertsolari gazte daude.

Hori niretako giltzarria da, gure iraupenerako, finalaren onerako ere bai. Freskura ekartzen digute Peruk eta Aroak. Aroaren kasuan, azken hiru finaletan izan ez den kasuistika dago, bigarren emakumezkoa, Oihanerekin batera, eta hori ere bada gure bertsolaritzaren isla, haren ohiko errealitatearen isla, eta komenigarria da hori nabarmentzea, bai gazteen bai emakumeen presentzia. Niretako ezinbestekoa da. Nire ustez, hemen gertatuko dena bada gure bertsozaletasunaren eta bertsogintzaren irudia, bai kateari dagokionez bai gazteei dagokienez bai emakumeei dagokienez, eta uste dut hori garrantzitsua dela. Azken batean, hau da gure plaza nagusia, ez dakit urteko plazarik garrantzitsuena, baina bai bisualizazio gehien daukana arabar bertsogintza moduan, eta horretan islatzea benetan garen hori uste dut garrantzitsua dela.

Hiru finalista, erdiak, aramaioarrak zarete.

Pozez bizi dugu hori, ezin ukatu. Bertso eskolan astero-astero biltzeak eta urte osoko lanak fruituak eman ditu, bata bestearen irakasle izateak ere badauka bere alde ona. Larunbatean hiru egotea... gure osasunaren seinale da.

Txapelketa prestatzeko ere elkartu izan zarete, ezta?

Bai, sarri bildu gara, eta oro har Aramaioko Bertso Eskolako denok prestatu dugu txapelketa, ez finalean gaudenok bakarrik, e? Final erdietan sei ginen… Lan egin den seinale, eta lanak emaitzak ekartzen ditu. Ez gara izango munduko onenak, baina langileak bagara!

Final irekia, beraz. Saio ona izango dela espero duzu?

Nik uste dut baietz, badaudela saio on bat izango dela pentsatzeko arrazoiak. Batetik, txapelketa orain arte zelan joan den ikusita; bestetik, esperientzia eta berritasunaren arteko jolasean oreka bat topatuz gero uste dut ederra izango dela, baten pisua eta bestearen freskotasunak finalari on egingo diotelako. Eta lekua bera, hain handi eta hain goxo aldi berean, publikoaren jarrera seguru itzela dela… Arrisku asko daude final ona irteteko.

PERU ABARRATEGI SARRIONANDIA

 

«Gazteok, egun ona tokatuz gero, zerbait aportatu ahal dugu»

Aramaio, 1997. Bere lehen finala da. Goranzko ibilbidea egin du finalerainoko saioetan. Urduritasuna kontrolatuta gustura kantatzea du helburu.

Pozik finalerako sailkatuta, ezta?

Bai, etxean komentatu dut ilusionatuta nagoela, baina argi edukita nire helburu bakarra saio ona egiten saiatzea dela.

Txapelketan gorantz egin duzu. Zelan ikusi duzu zuk zeure burua?

Aramaion [final laurdenetan] esango nuke saio txukuna egin nuela, baina apur bat nerbioso, edo lotuta. Gero, finalaurrekoetan, Legution, apur bat berezia izan zen, bost aramaioar egon ginen bertan, eta Serapio [Lopez]. Hor eroso sentitu nintzen, eta final laurdenetakoarekin baino gusturago irten nintzen.

Final honetan bada txapela janzteko aukera gehiago duenik?

Ez, puntuazioen arabera ikusten da ez dagoela faborito argirik. Ez dago oso alde handirik. Jakina, hor daude bi txapeldun eta beste bi final batzuk jokatutakoak, Viñasprek buruz burukoa ere bai… Esperientziak halako bentaja ematen du, baina finala egun bateko kontua da.

Hala ere, zuk, gaztea izan arren, baduzu eskarmentu apur bat plazan.

Bai, ibilita nago, baina nahiko nerbiosoa naiz, eta, orain, finalean, nerbioak ahalik eta gehien kontrolatu nahi ditut. Nik ez dut inoiz hainbeste jenderen aurrean kantatu. Baina saio ona egiten ahaleginduko naiz, hori da garrantzitsuena.

Bik final laurden eta finalerdi bana irabazi dituzte.

Tira, horiek nire kinieletan zeuden, argi dago aukera badutela, eta ni asko poztuko nintzateke horietako batek txapela jantziko balu. Baina uste dut horrek ez duela ezer esan nahi. Lehenengo egin egin behar da.

Arabako bertsolaritzak ia 40 urte ditu. Eta jende gaztea.

Uste dut final hau horrela erakargarria dela, belaunaldi diferenteak elkarrekin. Transmisioa dago, eta hemen ikusten da argi, bata bestearen irakaslea izanda. Bai Aroa bai ni lehen aldiz gaude finalean, ez dugu ezer galtzeko beldurrik, eta, nerbioak kontrolatzen jakinez gero, irabazteko asko daukagu. Esan nahi dut, egunaren arabera, ona tokatuz gero, aportatu ahal dugula zerbait, bizitasuna...

Eta beste gazteentzako erreferentzia.

Aroa bertso eskolak ematen dabil. Emakumea eta gaztea izanda, horrelako plaza batean kantatzen ikusten duten gazteendako erreferente bat izan daiteke. Erreferenteak ez dira Maialen Lujanbio eta horrelakoak bakarrik izan behar, jende lurtarragoa ere izan daiteke, bertso eskoletara jendea erakartzeko.

Sei bertsolaritik, bi emakume.

Eta ez da ahaztu behar beste batzuk ere hor daudela. Andere [Arriolabengoa] final batean egon zen; aurten Paula [Amilburu] finaletik oso gertu sailkatu da, eta aurreko bi txapelketetan ere hortxe ibili da, suerte apur baten faltan, hiruretan zazpigarren. Oraindik ez du aukerarik eduki, baina seguru edukiko duela. Oihane dagoeneko oso ibilia da, eta ez du akats askorik egingo, baina Aroaren kasuan ez dut uste presionatu behar denik. Kristoren maila dauka eta berez etorriko zaizkio aukerak, haren maila kontuan edukita, kapaza izango da gauza oso politak egiteko, seguru.

Urduritasuna aipatu duzu lehen.

Finalerako helburua da saioa gozatzea, eta urduritasuna kontrolatzea; saioa motibagarria izatea nahi nuke.