Iker Barandiaran

Estetika eta poseetatik harago

Pasa den asteburuan Vulk taldea ikusi nuen berriro zuzenean. Puntako taldea iruditzen zait Bilboko laukote gaztea, freskotasuna, indarra eta originaltasuna eskaintzen dituena. Sasoi betean dago taldea eta hainbat arrazoirengatik harrituta uzten ditu ikusleak: soinu erabat irmoa dauka, hondeamakinaren parekoa; erritmo eta tempo aldaketa ugari; egiten dutena sinisten dutela transmititzen dute eta oso pose berezia daukate, anti-posea deituko nuke nik. Aspaldi ibiltzen ziren arropak janzten dituzte garrantzirik emango ez baliote bezala, eta eskema gehien apurtzen dituena Andoni abeslaria da: goitik behera skinheada dirudi, baina ez! Hala, aurrekoan ere askok taldearen estetikan, jarreran eta aurreiritziak apurtzearen gaitasunean jarri zuten fokua, eta zoritxarrez ez horrenbeste musikan.

Egia da hasieran ikuslea lekuz kanpo uzteko gaitasuna dutela; gauza antzekoa gertatu zitzaidan duela urte batzuk aurrenekoz beraien bideoklipa ikusi nuenean. Baina kontuan hartu behar da belaunaldi jauzi handia dagoela beraien eta nire artean; era berean, oso poztekoa da gaur egungo gazteen artean eta zer esanik ez musikaren esparruan propio guztia posea ez izatea. Hain zuzen ere, Vulk-en anti-pose edo anti-estetika horren atzean lehengo eta oraingo musika bere egiten duen talde fresko, indartsu eta sinesgarria dagoelako.

Estetika hutsak, poseak eta itxurak berebiziko garrantzia hartu duten garai hauetan, irribarrea piztu didate astean bisitan izan ditugun IRA musika talde feminista eta antifaxistakoek. Ilerik ez mingainpean eta entzuleria handia badute ere, jarrera borborka dutela diren bezalakoak agertu dira Vallecaseko neska hauek “Muerte a los borbones”, “Arte y Terrorismo” zein ironikoki erretratatzen dituen “Chandal y encaje” moduko esaldi pisutsuak oihukatuz. Auzo langile izaera, Vallecas, eta horri pertenentzia beti presente.

Estetika eta tribu zehatzen pertenentzia berriro ere hain pisutsua den honetan, gogoan daukat duela 25 bat urte edo gehiago –eta ez garela askorik aldatu esango dut– inguruko batek baino gehiagok harrituta aipatzen zigula beste askoren kontrara gure lagunartean bakoitzak estetika propioa zuela eta erabat plurala zela. Antza denez ez genion elkarri askorik eragiten eta bakoitzak argi geneuzkan gure preferentzia propioak. Horien artean oso presente daukat tarteka bereizgarri gisa kamiseta soil bat janzten zuen lagun bat, eta kamiseta haien aukeraketek agerian uzten zuten parranda edo bestelako abentura gosez irteten zela kalera. Bi kamiseta bereizgarri zituen: bata Bap! taldearena, eta bestea Señor No-rena. Biak ala biak musika estilo jakin batean –bakoitza berea– jaio, baina estetika eta poseei bizkarra emanez izaera propioa eraiki eta emaitza fresko eta sinesgarria lortuta askotariko jarraitzaileak izan dituztenak. •