Mikel Zubimendi Berastegi

Faxismoa perfume eginda

Duela aste batzuk ikusi nuen iragarkia. Ayelet Shaked Israelgo justizia ministroarena zen. Hara non ikusi nuen okasiorako poxpolin-poxpolin jantzita, ilea txukunduz, belarritakoa jartzen, sorbaldan jaka zuria zeramala barandan eskua jarrita eskaileretan behera, pianoan tintin eginez narrazioari tonu sentsuala emanez. Perfumea botatzen ere ikusi nuen, “Faxismoa” izeneko perfumea, “Faxismoa” markakoa. Eta honakoa esaten ere aditu nuen: «Demokrazia bezala usaintzen du niretzat». Harritu, harritu, ez ninduen asko-asko harritu ere. Israelgo lehen ministroaren lagun-mina den Brasilgo Bolsonaro presidenteari aditua diot emakume bati esaten «bortxatua izateko ere ez duzu balio». Edota Trump berari «kalera irten eta lau pertsona tiroz hiltzen baditut ere, jendeak niri botoa ematen jarraituko du». Akaso, pentsatzen jarrita, faxismoak badu perfumeak duen “zer” bat. Seduzitu egiten du, liluratu, harrapatu; gatibuak hartzen ditu. Holako-halako zerbait eduki behar du, hain harro eta ozen ageri diren faxisten kluba zein azkar handitzen ari den ikusita. Botoetan ere faxismoaren gorakada joera global nola egin den ikustea baino ez dago.

“Faxismoa” perfumea. Benetan, ez al da larreostia? Agian hitzek beren esanahia galdu dute dagoeneko, baina, zalantzarik ez izan: kontu handiarekin erabili beharreko hitza da “faxismoa”. Hori bai, horizontean hain argi eta mehatxagarri ageri denean, ez da saihestu behar. “Egia” hitzarekin, adibidez, esaten da “egia-oste” izeneko aro batean bizi garela. Ahaztu, baina, “faxismo” hitzarekin berdina pentsatzeaz. Ez, ez gaude “faxismo-oste” aro batean, bizi dugun aroa “faxismo-aurrea” baita. Faxismoa proba fase betean dago, oldarraldi berriak entseatzen. Berez, izatez, ez da bat-bateko fenomenoa. Proba egin behar du, ustez jendeak onartzen ez dituen kontu asko plazara atera, ustez sozialki onartezina denaren mugak etengabe urratu behar ditu. Batetik, jendea ohitzen joateko, eta, bestetik, findu eta kalibratzeko, hurrengo saioak prestatzeko. Fase horretan gaude orain, bereziki Estatu espainiarrean. Eta botoa emateko hiru aste falta direnean, gogoratu behar da faxismoa ez dela beti boterera botoen gehiengoarekin iritsi, ez duela hori ezinbesteko baldintza izan. Fanatizatutako %40 batekin aski izan dute. Eta ez du axola gainontzekoek faxistak gorrotatzea. Pertsonalki, ez dut dudarik aukera hori ere probatzen ari direla. Bereziki espainiar Estatuan, Vox-PP-Ciudadanos hirutasun faxista horren eskutik.

Saiakeron ostean etorriko dira muga moral guztien leherketak, ankerkeria maila berriak onartzeko jendea ohitzea. Ehiza txakurrek bezala, jendeak ere odola usaindu behar du. Basakeriaren gustua eman behar zaio. Faxismoak hori egiten du, kanpoko talde baten mehatxua eraikiz, besteak deshumanizatuz. Eta behin lortu duenean, apustua igo egin dezake, leihoak hausten hasi eta sarraskiraino helduz. Hala egin zuten judu eta boltxebikeekin, hala egiten nahi dute independentista euskaldun eta katalanekin.

Faxismo-aurreko agenda betea dabil gure inguruotan. Odola usaintzen jarri dute jendea, eta propaganda makineria topera jarri dute martxan defendaezina zena defendatzeko, pentsaezina zena pentsarazteko. Eta probak egiten jarraituko dute. Probak egin osteko hurrengo saiakerak gero eta finduagoak izango dira, emaitzak aztertuko dituzte, metodoak perfekzionatu eta mezuei forma berria eman. Eta gero, ura bere bidean bezala, faxismoa ere bere bidean sendo segitzeko moduan izango da. •