Juantxo EGAÑA

Lehen euskaltzainak

1919an, Eusko Ikaskuntzak sustatuta eta Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako aldundien itzalpean, Euskaltzaindia sortu zen. Erakunde berri haren eginkizuna hauxe zen: «hizkuntzaren batasun lexiko, fonetiko eta grafikoa ezartzea, literatura indartsu bat sortzeko beharrezko oinarri gisa eta euskalki literarioaren ondorengo eta behin betiko batasunerako ezinbesteko atariko gisa, euskaldun guztien nahiaren arabera». 1919ko urrian bildu zen lehen aldiz Donostian. Lehenengo bilera hartan Resurreccion Maria Azkue presidente hautatu zuten. Artikulua ilustratzen duen irudia Ricardo Martinek egin zuen. Kameraren aurrean jarrita, 1928ko maiatzaren 28an Donostian elkartu ziren Euskaltzaindiko zenbait kide ageri dira. Ezkerretik eskuinera, zutik, Nikolas Ormaetxea «Orixe», Jean Elizalde, Seber Altube, Julio Urkixo eta Erramun Olabide; eserita, Juan Bautista Eguzkitza, Bonifazio Etxegarai, Resurreccion Maria Azkue eta Georges Lakonbe.