Maider Iantzi Goienetxe

Mila jai batera

Mila jai batera Bilbon, Korrikari errematea emanez». Izenburu horixe zuen 1980ko abenduaren 7ko “Egin”-ek, euskararen aldeko ekimen erraldoiaren lehendabiziko edizioan. Azpititulua, honakoa: «Partizipazio ezin hobea izan den arren, uste baino diru gutxiago». Zazpi probintzietan barna 200.000 korrikari bildu zirela kontatzen da kronikan, eta ezin konta ahala herri erakunde, kargudun eta lagunek hartuko zutela parte hirian eginen ziren azken dozena kilometroetan, testiguaren barreneko mezua irakurri ondotik mila adarreko besta nagusi bati hasiera emanez. Kasik 40 urte igaro dira, eta Korrikak lehen aldian bezala hunkitzen gaitu.

Kazetari bezala bizi izan dudan esperientziarik intentsu eta politena izan da duela sei eta lau urteko edizioetan hamaika egunak furgonetako lagunekin partekatzea: abiatzeko urduritasuna, jendetzaren bultzada, dena ongi ateratzeko ardura... Berehala ekitaldian barneratzen zara eta desagertu egiten da gainerako guztia. Halakoa da euforia, kosta egiten dela gauean lo hartzea, Korrika bezala zure burua ere ez delako gelditzen. Telefonoz non zauden galdetzen dizutenean hirutan pentsatu behar duzu etengabeko mugimendu horretan kokatzeko, bidean baitzaude eta bertan hainbertze jende, herri eta txoko ezagutzen dituzu... Eta horietako bakoitzak, kilometro bakoitzak, bere historia du. «Kilometro guztiek dute garrantzi bera». Horixe, iltzatuta gelditu zitzaidan AEK-koen erranetako bat.

1980an bezalaxe, bidean goaz, bertze etapa batean, konplizitatea sentituz, helburua ahantzi gabe (kontzientzia suspertzea eta euskaltegientzat dirua biltzea), Korrika noizbait ospakizun hutsa izanen den esperantzan. •