Nerea Ibarzabal Salegi

Arrainak lurpean

Orduan, denbora-pasa gisara, jangarriak ez diren arrainak arrantzatzen dira; ustel ez daitezen, kartelak jarri dituzte hondartzetan zehar, arrantzaleei arrainak harrapatu bezain pronto hondarpean lurpera ditzaten eskatuz». Claude Levi-Straussek idatzi omen zuen hau “Tristes tropiques” liburuan, eta Julio Cortazarrek “Rayuela”-n jaso zuen. Metafora bat izan zitekeen, baina Levi-Strauss antropologoak benetan ikusi zuen omen zituen kartel horiek Fire Islanden, Long Islandeko (AEB) hondarrezko irla luzanga eta fin batean.

Baina errealitatean gertatu izanak ez dio metafora izaera ukatzen hain irudi esanguratsuari, zelan ba. Poesia batzuk idatzita datoz eta bertso batzuk eginda, gaia entzute hutsarekin. Eta Fire Island ere gurea da, denona; zeresanik ez azken egun –urte, bizi, aro– mediatiko hauetan, non politikaren monopoliodunek hondartzak kartelez bete dizkiguten. Baina beste maila batean gaude dagoeneko, orain ez baita aski arrainak estaltzearekin. Orain lurrekoa baino hondar hobea saltzen duten postutxoak jarri dituzte, orain arrain usaina neutralizatzeko proiektu bat abiatu dute zortzi enpresak, orain inbertsore batzuek lurmuturraren zatirik handiena berenganatu dute, bertan arrain ez-jangarriei buruzko museo bat egiteko, orain hasi dira esaten modan dagoela arrain ez-jangarriak jatea, eta beharbada behartsu estilodunek bat egingo dute korronte berri horrekin, orain jakin dugu arrainek gure antidepresiboen eta eguzkitako kremen kimikoak daramatzatela barruan, eta ikusi beharko da zelan hobetu arazte sistema, sustantzia horiek ez dezaten itsasoan amaitu. Hausnartu genezakeen baita ere ea zergatik bizi diren pertsonak triste eta zer krema pozoitsu zabaltzen ditugun azalean, baina hori ez.

Hainbeste mutatu du gure irla luzangak, non ez baikara ausartzen gure oraingo arazoen hasierako errora joaten. Are gehiago –hare gehiago–, ez dugu saiatu ere egin nahi. Ezintasun interesatu bat geureganatu dugu, nagi kroniko bat, soilik ondorioen epe laburreko konponbideetan lubakitzeko behar bat, dagoeneko arrain gehiago dauzkagulako lurpean uretan baino, itsasoa lekualdatu egin dugulako ia, eta arazoen errora joateak suposatuko luke iradokitzea arrainen arrantza eta lurperatze sistematiko honek ez daukala ezelako zentzurik. Eta hori litzateke birziklatzeko modu eraginkorrak proposatzea bezalakoa, behin erraustegi bat egin eta gero. Errora, errore.

Horrelakoak proposatzen dituztenek garesti ordaintzen dute, laster baztertzen ditu irla luzangako mass media-k. Errora? Azken lerrora. Erotzat joko zaituzte, arriskutsutzat, gezurtitzat, barre egingo dizute etxe oneko semeek, arrainen arrantza eta lurperatzean oinarritzen baita gure estruktura herrena. Arazoen oinarriari erreparatzea errudunak bistaratzea da, eta Fire Islanden ez gaude hori barkatzeko.

Eta bitartean geroz eta urrutiago gaude errotik, geroz eta jaioberri gehiagok erabiliko dute “betidanik” hitza gaurko kaosa definitzerakoan, edo ez, agian geroz eta gertuago gaude, geure muga ezagutu, eztanda egin eta hutsetik hasteko. Baina zergatik iruditzen zait ezetz, eutsi egingo diola estruktura ugertu honek, jarriko zaizkiola adabakiak eta hortxe jarraituko duela, usteldua baina desegin barik, metalen aleazio ez-puru eta maltzur baten etenik bako aktibitateari esker –edo–. Ez dut telebista piztu nahi. •