Ramon Sola

Ez da garaipenaren eguna; hondamendiarena, ere ez

Harritzeko motiboak ematen ditu beti erredakzioan liburutzar handietan bildutako hemeroteka begiratzeak, aspaldikoa izan ala duela gutxikoa. Biharko hauteskundeetarako kanpaina prestatzen ari ginela, aurrekoarena ireki eta ustekabe ugari hartu ditugu. Ez soilik 2016an hautetsontziak jada San Juan gaua pasata jarri zituztelako, ekainaren 26an hain zuzen (ez dirudi kasualitatea hauteskunde lehiak opor garaietan deitzeko espainiarren joerak: Aste Santua tarteko, uda atarian, Gabonen bezperetan...). Jada inork gutxik gogoratuko badu ere, soilik hiru egun lehenago, 2016ko ekainaren 23an, Brexita nagusitu zen Erresuma Batuko erreferendumean, eta, egun berean, Kolonbia aldean elizen kanpai hotsak entzun ziren Gobernuaren eta FARCen arteko akordioaren seinale.

Ordutik hona, gure zenbait uste ustel ageri dira. Esaterako, british kultur politikoa eredutzat genuen, arazoei aurre egin eta konponbideak aurkitzeko gaitasunagatik: Brian Currinek berak aurpegiratua zigun gu guztiak –espainolak eta euskaldunak zaku berean sartuz, ulertu genionez– «latinoak» ginela, elkarri mokoka aritzen ohitutakoak, gatazka antzuen zaleak. Bada hiru urte luze joan dira geroztik eta, Brexitaren erreferendumaren ondorioak kudeatzeko ezintasuna ikusita, british kultur politikoaren mitoa ahultzen joan da.

Kolonbiarekin, antzeko parezido. Oraindik Euskal Herrian negoziazioaren totemak indar handia zuela, itzela iruditu zitzaigun Santos presidentea eta Timochenko gerrilla burua elkarri bostekoa ematen ikustea, bai eta Habanako mahaian nazioarteko bitartekarien laguntzarekin FARCek lortutakoa ere. Handik hona, errealitatea nagusitu da: akordioak betearazteko indar harreman nahikorik ezean, alferrik da sinatutakoa. Tartean, portzierto, Erresuma Batukoa bezain harrigarria egin zitzaigun Kolonbiako erreferendumeko emaitza ere. Nola liteke herritarren gehiengoak bake akordioen aurka egin izana 2016ko urrian?

Igandeko gau hura helduta, argazki hau atera zen: PP buru, bipartidismoa berrindartuta, Podemos ezinean Espainian baina jaun Euskal Herrian eta jabe Katalunian. Guztiok ulertu genuen Katalunian erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoa zabaltzen zela, eta horrela heldu zen gerora Urriaren 1eko erreferenduma, baina ez demokrazia, ez independentzia, ez irtenbidea.

Mundura berriro salto eginez, Brexita txalotzen ari zen Donald Trump pailazo huts gisa hartzen genuen orduan. Brasilen Dilma Rousseffen aurkako ehiza hasia zen, baina ez zen oraindik estatu kolpearen dimentsioa sumatzen. Espainian Francoren nostalgikoek oraindik PPren botopapera zeramaten, ez Voxena.

Bilakaera hori ikusita, ezin esan Euskal Herriarentzat azken hiru urteok negargarriak izan direnik. Kanpotik datorrenari baino, geuk egindakoari begiratzen badiogu, zenbait lorpen badira, gatazka armatua gainditzeari dagokionez gehienbat. Etorkizunean oraingo kanpainan zer gertatu zen oroitzeko hemeroteka hartzen duenak herri bizia aurkituko du bi asteotan: Korrika, Gazte Topagunea, Aberri Eguna, pentsionisten mobilizazioak, GARAren aurkako espolioari aurre egiteko dinamikak...

Blokeaturik zen mundu batean, iraultzaile izateagatik nabarmendu zen Euskal Herria. Egun, inboluzioa nagusi dela, eustea bera ere bada garaipena, aukera-leiho famatuen zain egoteko arreta osoz. Bihartik bertatik hasita. •