Gorka Elejabarrieta

Eskoziaren txanda

Scottish National Party (SNP) alderdiak Eskoziarako daukan helburua independentzia da. Eskoziako Gobernua bereganatzea lortu zuenean, erreferendum bat antolatu zuen, bere programa politikoa, bere helburuak, lortzeko bidea baitzen hori. Eskoziak ezetz esan zion independentziari, baina, aldi berean, SNPren esku utzi zuen Eskoziaren etorkizuna. 2014. urtean independentziari ezetz esan zion herri berak bozkatu baitu SNP egon diren hauteskunde ezberdinetan. Oilategia otsoaren zaintzapean uztea.

2016an Brexitaren inguruko erreferenduma egin zen. Erresuma Batuan gehiengoak Europar Batasunetik ateratzearen alde bozkatu zuen. Eskozian eta Ipar Irlandan, aldiz, jendartearen gehiengoak Europar Batasunean jarraitzearen alde egin zuen, hau da, Brexitaren kontra. Bazirudien etorkizun horren ezberdinen aldeko hautuak ondorioak izan zitzakeela erresumaren etorkizun batuaren baitan. Eta uste horiek konfirmatu berri dira. Nicola Sturgeonek, Eskoziako lehen ministroak, aurreratu du Eskoziak bigarren independentzia erreferendum bat egingo duela.

2014ko erreferendumean aukera statu quo-a vs independentzia izan zen. Gauzak berdin jarraitzea vs aldaketa. Eta edozein aldaketak beti dakar beldurra eta zalantza. Are gehiago, Erresuma Batuak batasunaren alde egindako kanpainan behin eta berriro errepikatu zen independentziak Eskozia Europar Batasunetik kanpo jarriko zuela automatikoki, eta, aldiz, Erresuma Batuaren baitan jarraitzeak Europar Batasunean jarraitzea ziurtatzen zuela.

Gauzak asko aldatu dira 2014. urteaz geroztik. Nicola Sturgeonek Eskoziaren etorkizunerako bi norabide marraztu ditu orain, Brexita edo independentzia. Aldaketa vs aldaketa. Brexitak ekarriko duen aldaketa vs independentziak ekarriko duen aldaketa. Gainera, oraingo honetan Eskoziak Europar Batasunean jarraitzea ziurta dezakeen aukera bera ere trintxeraz aldatu dela dirudi, independentzia baita egun Eskozian Brexita geldi dezakeen aukera bakarrenetarikoa.

Bi urteko epean egin nahi du erreferenduma Eskoziako Gobernuak. Bigarren erreferendumera iristeko bidea hasi da, beraz. Erresuma Batuko Gobernuarekin elkarrizketa eta negoziazioak hasi beharko ditu Eskoziak lehenik, Erresuma Batuarekin adostu behar baitu erreferenduma, bai data, bai galdera, bai balizko erantzunak ere. Erresuma Batuko Gobernuak zailtasunak jarriko ditu eta prozesua atzeratzen saiatuko da, egungo egoera ez baita hoberena bere interesak, hau da, erresumaren batasuna, ziurtatzeko. Hala ere, zaila dirudi bukaeran erreferenduma egitea debekatuko duenik pentsatzea, horrelako erabaki bat ez litzatekeelako ulertuko ez Eskozian ezta Erresuma Batuan ere; are, independentista kopurua handitu dezake.

Eskozia eta Erresuma Batua ispilu dira guretzat. Kataluniak arre edo so egitea erabakitzen duen bitartean, bere liderretako asko epaituak eta kondenatuak izango diren bitartean, beste batzuek erbestean jarraituko dute, nazioartean lobby lana egiten. Eta guk Kataluniako eta Eskoziako egoerek gure prozesua nola suspertu dezaketen asmatu behar dugu. Gure indarrak Madril eta Bruselara begira sinkronizatu behar ditugu, indartsuagoak izateko, aukera gehiago izateko. Ez da hurbilpen ideologiko soila. Interes berdintsuak dauzkagu eta elkarrekin aritzeak norbere helburuak lortzea erraztu dezake, horregatik sinkronizatu behar ditugu gure prozesuak ere; bereziki garrantzitsua da hori egitea. Eskoziar independentistak lagundu bai, baina gutxi gorabehera bi urte iraungo dituen Eskoziako bigarren erreferendumerako bidean gure egoera lagunduko duen bide bat marrazten ere asmatu beharko genuke. Hor dago nire ustez bigarren erreferendum horren koska guretzat. •