Antton Izagirre

Ez gara leloak

Hauteskunde batzuk egin eta hurrengoen atarian gauden honetan, esanguratsuak gertatzen zaizkigu dinamika horren jirabiran sumatzen ditugun zenbait ikuspegi, perspektiba eta aje. Hauteskunde aurreko egun eta hilabeteotan jasotzen ditugun mezuen bidez, alderdi eta erakundeek beren baitako ahal, kemen eta gaitasunak erakusteko ahaleginak egiten dituzten bitartean, gero eta maizago uzten dituzte agerian bai dituzten egiturazko ahuleziak bai gai nagusienetan eragiteko dituztenak. Guztiek ere, nekez egin diezaiekete aurre globalizazioaren, kapitalaren, mundu-ekonomiaren eta merkatuaren aginte-taldeek halabeharrez ezartzen dizkieten mugei. Inertzia ekonomiko horiei aurre hartu eta herritarren interesetara moldatua beharko lukeen politikaz aritu ordez, eztabaida politikoa txikikerietara eta ñabardura inozoetara mugatzera ohitu gaituzte, politikaren degradazioa eta gutxiestea eraginez. Politika hauteskunde lehiara mugatuta, ozta-ozta jakin dezakegu nork izango duen aginte makila, baina beste kontu bat da boterea noren esku dagoen jakitea.

Komunikazioaren esparrua da politikaren ikusmira erabat eraldatu duen beste alderdietako bat. Herritarron parte hartzea eta ekarpenak ahotan hartuta dabiltzala dioten arren, oinezkook urrun sumatzen ditugu politikariak; mamia eta estalkia bereizteko zailtasunak ditugu. Kasurik gehienetan hautagaien eskaintza politikoak prentsa bulegoetan egosten dira, zer den programa eta zer propaganda bereizterik ez dago. Komunikazioaren aroan gaudela ukaezina da. Edukiaren eta formaren artean estalkiak erakartzen omen gaitu. Zer baino, nola komunikatzen den omen da gakoa. Gizakion garuna horretara moldatu da.

Hau horrela ematen den garaiotan, agian ez gara modernoak izango, baina ezta inozoak ere. Politikarako, tertulia pausatuak eta sakoneko eztabaida lasaiak lehenetsi nahiko genituzke zelofan koloretsuen artetik. •