2019/05/11

Mikel Zubimendi Berastegi
EH Bilduren botoa, EAJren doktrina eta apostasia gida

«Euskal Herri libre batek merkatu librea behar du, gizarte sendo batek EAJ indartsu bat. Kapitalismoa eta demokrazia elkar elikatzen direlako, aberria eta alderdia lez»

Arerioa ezagutzea ez da lan erraza, diziplina eta zorroztasun zientifiko handia behar dira. Norbere burua aztertzea, egoera eta kondizio propioak ezagutzea, garena eta izatera irits gaitezkeena barneratzea ere ez da ez batere erraza. Egoerak tentuz irakurri, zuhurtziaz epaitu eta ausardiaz ekitea eskatzen du.

Ezkerreko independentismoak egiten, esaten eta agintzen duenaz arduratu behar du beti. Lortzen dituen boto eta irabaziak hauskorrak direla barneratu. EH Bildu ez dela indar bakar, ideologikoki homogeneo, politikoki granitiko eta obedientzian diziplinatua. Eta EH Bilduri botoa emanez politikoki batu, sozialki berreraiki eta ideologikoki berrindartu nahi dugun proiektu independentista irabazleak ez duela horretan bilakatzea helburu.

Lehia gogorra espero da datozen asteetan EH Bildu eta EAJren artean. Txinpartak aterako dira, bai. Baina lehia hori ezin daiteke azken bataila edo denetan borroka handiena bezala hartu. EH Bilduk bere ekinean errotu behar du gogoa, lana erruz egin, serio eta anbizio guztiarekin. Posizio onean dago benetan, tonua indarturik, beste alaitasun bat sumatzen da ezkerreko herri abertzalean. Gorantz joaten segitzeko, emaitza handiak lortzeko, gauza asko eta onak ditu alde.

Baina EAJ du aurrean. Eta, bereziki Gipuzkoan, EH Bildurekin gorputzez gorputz borrokatzea bilatuko dute jelkideek. Jokoa nahastuko du EAJk, zikindu, eta, pilotari txapeldunek egiten duten lez, txoko guztietan pilota gozo-gozo utzita, kantxaren erdi-erdian mantentzen den bakarra bera dela esango du.

Joko hori desegin egin behar da EH Bilduren onerako. Eta, barneratu, kantxaratzen garen lehen momentutik gure aurkaria dopatuta dagoela, jokatzen hasi baino lehen milaka eta milaka boto bereak dituela, txitxi eta gantz eginda. Azken hamarkadotan entxufatu, sostengatu eta zaindu duen klientela erraldoi horrek ematen dion abantaila horrekin lehiatzen dela.

Gakoetako bat EAJk sortu eta saltzen duen doktrina desmuntatzea izango da. Kontakizun alternatibo bat herriratzearekin batera, deseraiki egin behar dira gure herrian normalizatu, sakralizatu diren kontu batzuk.

Hona, labur-labur, batzuk: «EAJ jakintsua da, efizientea, herriak zer eskatzen duen, jendeak zer nahi duen beste inork baino hobeto daki. Eta horregatik, EAJren soluzioak beti dira hoberenak. Eta okerrak egiten baditu, hango ustelkeria edo hemengo zabarkeria, bere burua zuzentzeko berezko ahalmena du, herri honen eta bere ekonomiaren informazio guztia prozesatu ahal duen bakarra delako. Euskal Herri libre batek merkatu libre baten beharra du, euskal gizarte sendo batek EAJ indartsu bat behar duen bezala. Hortik ondorioztatu behar da kapitalismoa eta demokrazia, aberria eta alderdia, elkar indartzen direla. Hirutasun santu baten existentzia defendatzen duen doktrina da: gobernua, merkatua eta boto emaileak, besterik ez dago. Eta gobernuaren zeregina da trabak kentzea, merkatua libre egiteko traba oro, ezkerreko ekintzaile eta sindikalista potrozorri horien guztien eragina baztertzea, folkloriko egitea. Ekimen pribatuak beti irabazten diolako sektore publikoari, beti, alde handiarekin, efizientzian, kalitatean, erabilgarritasun eta prezioan. Desberdintasun sozialik gabeko gizarterik ez dagoelako eta pobrea, pobre bada, bere arduragatik da, gogor lan egiten duenak beti lortzen duelako bere saria euskal oasian». •