2019/05/18

Erreportajea
SUITZA
AEB-etako armen aldeko zein kontrakoak, Alpeetako herrialdeko eredua aztertzen

Suitzan arma ugari dituzte herritarrek etxeetan, Euskal Herrian baino askoz ere gehiago, baina sarri esaten denaren aurka, horrek ez du eragiten beste lekuetan baino homizidio gehiago izatea. Armen kontrako zein aldeko estatubatuarrek Alpeetako herrialdea hartu dute erreferentzia gisa, posizioak indartuko dituztelakoan.

Jose Angel Oria
0518_gaur8_zipre2hh

Suitzako kriminaltasun tasa ez dago AEBetakoarekin edo Brasilgoarekin alderatzerik. Harrigarriena da armen kontrako zein aldeko estatubatuarrek Alpeetako herrialde txikia hartu dutela erreferentzia gisa, beren posizioak indartuko dituztelakoan.

Armak AEBen ariman daudela dioten National Rifle Association elkartekoek beren blogean orain hiru urte esplikatu zutenez, Suitzak garbi utzi du ez dela beharrezkoa armen jabetza modu zorrotzean arautzea, herritarren esku milioika pistola eta errifle dauden arren, homizidio tasa munduko baxuenetakoa baita. Gainera, ehiztariek erabiltzen dituzten armetako batzuk lortu eta erabiltzeko ez da baimenik eskatu behar. Zer gehiago nahi zuten erriflearen lagun estatubatuarrek?

Ameriketako potentziako egoera aldatu eta armak edukitzea arautu nahi duten lagunek ere Suitzako eredua hartu dute erreferentzia moduan. Europako herrialde menditsuan udal agintariek erabakitzen dute pertsona bati armak eramateko baimena eman ala ez. Fusilen bat edo bestelako armaren bat duten pertsona guztiak erregistro batean ageri dira (ehiztarien errifleak eta arma erdiautomatiko batzuk lortzeko ez da oraingoz baimenik behar).

Nabarmentzekoa da kantoiko Poliziak oso serio hartzen duela bere lana: behar izanez gero, psikiatra batekin hitz egin dezakete herritar jakin bat armak edukitzeko moduan dagoen jakiteko, eta debekua ezar dezakete. Beste kantoietako agintariekin ere hitz egiten dute, arma eroslea fidatzeko modukoa den ala ez erabakitzeko.

Antzeko zerbait nahi lukete ezarri beren estatuetan New Yorkeko, New Jerseyko, Connecticuteko eta Rhode Islandeko legegile batzuek. Begiraleek nabarmendu dute ezin direla alderatu AEBetako eta Suitzako egoerak. Izan ere, herritarren egoerak, pozik ala haserre ote dauden, tiro egiten hasteko arrazoirik duten ala ez, erabakigarria da indarkeria eragiteko.

Pozik ala haserre?

Nazio Batuek munduko zoriontasuna neurtzen dute urtero. Herrialdeka egindako azterketaren arabera, suitzarrak laugarren lekuan ageri dira (goi postuetan ageri dira beti, Finlandia, Islandia, Danimarka eta Norvegia bezala), zaintza, askatasuna, eskuzabaltasuna, zintzotasuna, osasuna, diru sarrerak eta gobernantza onari dagokionez oso nota altuak lortu baitzituzten Alpeetako herrialdean.

AEBetan, aldiz, behera egin dute sailkapen horretan eta aurten 19. postuan daude. Analistek diote Ameriketako herrialdean asko murriztu dutela babes soziala eta ustelkeriak gora egin duela, eta horregatik estatubatuar asko zoriontsu sentitzetik gero eta urrutiago daudela.

Edonola ere, Suitzan bertan ere gauzak aldatzen hasiak dira, 1990eko hamarkadan kriminalitate tasak gora egin izanaren ondorioz. Ehunka urte egin zituzten armen inguruko arauak kantoietako agintarien esku uzten. Baina egoera berriak, krimen kopuruak gora egin izanak, eragin zuen lehenengo araudi federala sortzea. Geroztik arau ugari ezarri dituzte, Europar Batasuneko legeen pare egoteko.

Araudi federalak hasi zirenetik, su armek eragindako heriotzen kopuruak, suizidioak barne, behera egin du. 2015ean egindako inkesta baten arabera, herritarren %11k baino ez zuen bere arma, Armadak emandakoa, etxean gordeta. Eta ehuneko horrek ere behera egiten jarraitzen du.

Helburu bakezaleak

«Armak etxean ditugu, bai, baina helburu bakezaleekin gordetzen ditugu –esan zion orain urte batzuk BBC kateari Martin Killias Zuricheko Unibertsitateko Kriminologia irakasleak–. Suitzan zure arma etxetik ateratzeak ez du zentzurik, arma bat kalean eramatea debekatuta baitago».

Izan ere, ehiztariek eta tiro-ariketak egiten dituzten kirolariek badute arma gainean eramateko baimena, etxetik zuzenean tiro-eremura joanez gero. Ez daukate beren erriflea hartu eta kafetegi batera sartzeko aukerarik. Eta puntu batetik bestera doazenean, armek kargatu gabe egon behar dute, ezbeharrak saihesteko. AEBetan gutxienez bi tragedia gertatu dira nahi gabe arma batek tiro egiteagatik.

Horrenbeste arma herritarren eskuetan egonda, nolaz Suitzan ez dute AEBetan hain ohikoak diren tiroketa tragikorik izaten? Horixe da hedabide batek baino gehiagok egin izan duten galdera. Gogorarazten dute 2001ean izan zutela horietako azken tiroketa: gizon bat Parlamentura sartu eta hamalau pertsona hil zituen, bere buruari tiro egin aurretik.

Zortzi milioitik gora biztanle dituen herrialdean gaur egun jabetza pribatuko bi milioi su arma baino gehiago dute. Hala ere, 2016an 47 homizidio baino ez zituzten izan.

Haurtzaroan hasita

Zergatik ez dute suitzarrek kriminaltasun tasa handiagoa? Egile batzuek diote herrialdean ume guztiei tiro egiten irakastea obsesio bat bihurtu dutela eta horrek armak gehiago errespetatzea eragiten duela.

Zurich hiriko Knabenschiessen festa (“tiro egiten duten mutilak” euskaraz, nahiz eta 1991z geroztik neskek ere esku hartzen duten), XVII. mendean sortu zen eta gaur egun herrialde osoko nerabeak, 13 eta 17 urte bitartekoak, elkartzen dira Suitzako Armadako errifleak zein ondo erabiltzen dituzten erakusteko. Doitasuna saritzen dute.

Bestalde, Suitzako jarrera ofiziala «neutraltasun armatua» da eta horrek ere badu bere eragina. 1815az geroztik herrialdeak ez du esku hartu nazioarteko inongo gatazketan, nahiz eta suitzar soldadu batzuek Nazio Batuen bake misioetan esku hartzen duten. Suitzar batzuentzat, etxean armak edukitzea «eginbehar patriotikoa» da, herrialdea defenditu ahal izateko.

Soldadutza

AEBetako eta Suitzako egoeren arteko aldea esplikatzen duen beste faktore bat soldaduskarena da, Europako herrialdean 18 eta 34 urte bitarteko gizonezko guztiek egin beharrekoa. Pistola edo fusilen bat erabiltzen ikasten dute, eta, zerbitzua amaitzean, herritarrek arma erosi eta etxera eramateko aukera dute. Baimena behar dute horretarako. Gobernu federalak herrialdeko indar armatuak murrizteko erabakia hartua du.

Suitzako Gobernuak egindako kalkuluen arabera, herritarrek etxean dituzten armen %50 Armadak emandako errifle zaharrak dira. Badirudi arma kopurua jaisten ari dela. 2007an egindako Arma Txikiei Buruzko Inkestak esan zuen 100 suitzarretik 46k zituztela su armak. Munduko sailkapeneko hirugarren postuan zegoen orduan Suitza, AEBen (89) eta Yemenen atzetik. Gaur egun behera egin du ehuneko horrek.

Edonola ere, tiratzaile asko da oraindik. Gregory Barthassat 18 urteko gaztea Genevan 15 eta 20 urte bitartekoei doanik ematen dieten ikastaro batean ari zen kazetarien galderak erantzuten. Etxean ikusi eta ikasitakoarekin, zaletasuna sortu zitzaion. Ez da araudia zorroztearen aldekoa. Bihar ezezko botoa emango du.

 

Armak gehien errespetatzen dituen herrialdea

Jihadistek azken urteotan egin dituzten eraso ikaragarrien eraginez, Europar Batasunak armak lortzeko baldintzak zorroztea erabaki zuen, eta Suitzak gauza bera egin beharko du, Schengen eta Dublineko itunetatik kanpo geratu nahi ez badu. Gobernuak eta Parlamentuak adostu dituzte aldaketak, baina erabaki horren aurka dauden herritarrek erreferendum bat deitzeko aukera zuten eta baliatu egin dute: bihar da kontsulta, 125.000 lagunek eskatuta. Beste modu bateko demokrazia dute Alpeetako herrialdean.

Biharko erreferendumak ez ditu agintarien asmoak aldatuko, azken inkesten arabera hiru herritarretik bik Gobernuak esandakoari baiezkoa emango baitiote. Emaitza hori lortzeko, Suitzar Konfederakundeak Europar Batasuneko estatuekin negoziatu du, bere «berezitasunak» esplikatzeko eta tiro-ariketek herrialdean duten tradizioa azaltzeko. Horri esker, Europar Batzordeak zertxobait aldatu du araudia alde jakin batzuen inguruan, Gobernu Federalak Parlamentura bidali zuen idatzian irakur daitekeenez.

Suitzako tiratzaileek, armak kirola egiteko dituztenek, eginbehar administratibo berriak badituzte ere, Exekutiboak uste du aldaketek ez dutela batere kaltetzen tiroa, Suitzan sekulako arrakasta duen kirola. Gainera, ehiztariei, arma erdiautomatikorik erabiltzen ez dutenez, arau berriek ez diete ezer eragiten, Gobernuak egiten duen irakurketaren arabera.

Alderantziz, Bruselak eskatzen dituen aldaketak Bernak egin gabe utziko balitu, Suitza Schengen eremutik kanpo geratuko litzateke. Eta Dublineko Itunetik kanpo ere bai. Beraz, Suitzako Poliziak ezingo luke Schengengo Informazio Sistema erabili, egun ikerlariek ezinbestekotzat jotzen duten tresna. Herrialdeak galduko lukeenaren adibide bat baino ez da hori. Gainera, asilo politikoa eskatze duten etorkinak arazo bihurtuko litzaieke: egun beste estaturen batetik iristen direnak berriz bidaltzeko aukera dute Suitzan, Europar Batasuneko datu-baseak kontsultatuta nondik etorri diren argitu ondoren. Baina datu-baseok erabiltzerik ez badute, asilo eskari guztiak herrialdean bertan aztertu beharko lituzkete. Adituek diote baldintza horietan, gerrak eta miseria atzean utzi nahian ihes egindako pertsonentzat Suitza askoz ere erakargarriago izango litzatekeela.

Agintariek kalkulatu dute Suitzari milaka milioi euro libera suitzar kostatuko litzaiokeela balizko ezezkoak. Eskuin kontserbadoreko Zentroko Batasun Demokratikoa izan zen Parlamentuan kontrako jarrera izan zuen bakarra, beste guztiek bat egin baitzuten Gobernuarekin. Bere posizioa indartu nahian, alderdi horretako ordezkariek zioten orain aldaketak onartuz gero, aurki murrizketa gehiago ezarriko zaizkiela suitzarrei eta, azkenean, herritar guztiak armarik gabe utziko dituztela. Arazotzat dute hori.

 

Bolsonaro diktaduren miresleak brasildarrek beren esku arma gehiago izan ditzaten urratsak egin ditu

Kamioilariek, abokatuek, nekazariek, ehiztariek, politikariek, kazetariek eta bestelako profesional askok su arma bat eramateko eskubidea dute, Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak sinatu berri duen dekretuaren arabera. Adituek diote erabakia Konstituzioaren aurkakoa dela eta indarkeria gehiago eragingo duela, baina eskuin muturreko agintariak aurrera egitea erabaki du, Washingtondik datorren haize gerrazaleak bultzatuta.

Bolsonarok iaz kanpainan zehar askotan esan zuen armen aldekoa dela, krimenari aurre egiteko armatuta egotea baino gauza hoberik ez dagoela. Presidenteak berak orain lau hilabete su armak etxean edukitzeko erraztasunak ematen zituen dekretua sinatu zuen, hauteskunde kanpainan agindutakoa bete nahian. Bere irakurketaren arabera, 2005ean egin zen erreferendumean erabakitakoa betetzeko helburua du dekretuak. Orduan Brasilgo boto emaileen %64k esan zuen ez dagoela arma merkataritza erabat debekatzearen alde.

Armen inguruko kontrolak malgutzeak indarkeria armatua gaiztotu baino ez duela egingo uste dute espezialistek. Herrialdeak mundu osoko markarik negargarrienetakoa zuen dekretuaren aurretik ere: 64.000 hilketa 2017an, hau da, 31 homizidio 100.000 biztanleko, Nazio Batuen Erakundeak berak «biolentzia endemiko» kontsideratzen duen maila hirukoiztuta.

«Hildako kopuru horrek gora egingo duela espero dugu», adierazi du Ivan Marques Instituto Sou da Paz erakundeko zuzendariak. Bere kalkuluen arabera, 20 milioi brasildarrek dute momentu honetan armak eramateko baimena: «Uneotan Brasili gerta dakiokeen gauzarik okerrena da». Robert Muggah Igarape Institutuko zuzendariak nabarmendu du herritar bakoitzak lau arma eduki ditzakeela.

Zergatik ez dute kriminaltasun tasa handiagoa Suitzan? Batzuek diote ume guztiei tiro egiten irakastea obsesio bat bihurtu dutela eta horrek armak gehiago errespetatzea eragiten duela

Ezin dira alderatu Ameriketako Estatu Batuetako eta Suitzako egoerak. Herritarren egoera, pozik ala haserre ote dauden, erabakigarria da indarkeria eragiteko