Iñaki Soto

Teknologia-enpresa handiak, diseinuzko distopia txikiak

Googlek Toronton eraikitzeko asmoa zuen hiri adimendunak eztabaida piztu du hango biztanleriaren eta erakundeen artean. Interneteko enpresaren parte den Sidewalk Labs eta Toronto Waterfront erakundearen arteko elkarlana 2017an aurkeztu zen. Orduan, filantropia urbanistikoko ekimen bat zirudien. Etorkizuna irudikatzeko aukera gisa saldu zieten, alegia, pertsonen eta teknologien arteko harremanaren ondorioz hemendik urte gutxira hiriak izango direna aurreikusteko ekimen pribilegiatu gisa aurkeztu zuten.

Proiektuak aurrera egin ahala, ordea, gardentasun falta nagusitu da. Hasierako proiektua baino askoz ere hiri handiagoa eraiki nahi zuten. Horretarako, garraio zerbitzuak inbertsio publikoen bitartez ordaintzeko asmoa zuten. Bide batez, normalean udal eta beste erakundeentzat izaten diren zergak beraiek jasotzeko maniobratzen ari ziren. Askatasun zibilen aldeko mugimenduen ustez, hiri honetarako aurreikusten zuten gizarte kontrolaren maila onartezina da.

«Bizi eredu askatzaileak»

Kasu honetan formula Smart City delakoen bertsio ultramodernoa eta neoliberala izan arren, historian zehar jite honetako giza-esperimentuak ugariak izan dira. Bai benetakoak, baita alegiazkoak ere. Ez soilik kapitalismoan, baita lubakiaren beste aldean ere. Txikitik handira zabaltzeko asmoa duten ekimenak, gertuko komunitateetatik abiatutako saiakerak, tradizioen eta teknologien uztarketatik abiatutako ereduak… Hein batean, idealismoaren itzulpen soziopolitikoak dira.

Tentazioa handia eta logikoa da: garatzen hain zailak diren makroegitura ideologikoen aurrean, saia gaitezen bideragarriak diren saiakera txikiagoak aurrera ateratzen, honelako ekimen txiki askoren batuketak ekarriko baitu benetako askatasuna. Elizaz eliza, erlijio izateraino.

Torontoko kasuan ez bezala, sarri honelako ekimen utopikoen funtsa askatzailea izaten da. Gehienetan, atzean dagoen motor etiko-ideologikoa ezkerrekoa eta demokratikoa da. Tradizio honen jatorrian Thoreauren “Walden” topa daiteke, baita falansterio eta bestelako komunak ere. Zenbait kasutan, ordea, atzean dagoena asmo teknikoa eta, nolabait esateko, ilustratua da. «Ideologiez harago», unean uneko giza garapenarekin eta ezagutza mailarekin koherentea den antolakuntza egiteko saiakerak omen dira. Torontoko berria irakurtzerakoan B. F. Skinnerren “Walden Two” distopiaz oroitu naiz.

Hiriak gako dira eta hemen diseinu lan handia dago

Torontokoak erakusten du ez direla soilik distopia bat eraikitzen ari, baizik eta guztion artean finantzatzea nahi dutela. Beraiek bai direla “smart”. Beren kontrolerako gaitasuna sareetatik mundu “errealera” zabaltzen ari dira. Hori konbatitu behar da, zalantzarik gabe.

Alternatiben alorrean, gure baitako erreakzionarioa beti dago zain. Nire ustez, teknofobia eta deskonexioa ez dira aukera politiko bat. Kibutzismo bizimodu bat da, ez ordea alternatiba politiko bat. Indar utopikoa hiri eta herrietan irauli behar da. Diseinuari diseinu hobeagoarekin erantzun behar zaio, efizienteagoa izango den alternatiba politikoekin, agenda propio batekin eta irudimenarekin. Munizipalismoa indar eraldatzaile garrantzitsua izango da ziklo politiko honetan, Toronton eta hemen. Boza ematea minimoa da. •