Antton Izagirre

Argi luzeak

Hauteskunde aldi luze baten azken saioa igarota, alderdi politikoak, komunikabideak eta eragile desberdinak gobernantzarako negoziazio eta akordiorako espekulazio eztabaidaren erdian murgilduta dabiltzan honetan, epe motzeko begirada horretatik harago galdera bat egin beharra sumatzen dugu: ezer aldatu al da benetan? Hau da, gizartearen egitura ekonomiko-sozialean eragin izateko adineko mugimendurik suma daiteke ala guztiak bere horretan jarrai dezan bermatzeko makinaria izan dira hauteskundeak eta eratorritako indar korrelazioak? Alderdi politiko desberdinen analisitik eta fokuetatik aldenduz gero, zer ikuspegi gailentzen ari zaigu argi luzeak piztuta?

Hauteskunde biharamunean, Adegiko ordezkariak hor atera zaizkigu enpresetan langileen soldata igoeraren kargak enpleguaren sorrera arriskuan jartzen duela ohartaraziz.

Axola gutxi gobernantza nola eratzen den. Kapitalaren boterea non dagoen aldarrikatzera datozela ez dago zalantzarik. Edozein kasutan esan liteke, euskal gizartearen gehiengoak eskuin politikoari babesa eman diola, nahiz eta kalean aldarrikatzen diren eskaera sozialak bestelakoak diren: erretiro duina, gutxiengo soldata, generoaren arteko arrakalari ez, prekarietateari ez, zerbitzu publikoak...

Nola ulertu kontraesana? Ala, ez dago kontraesanik eta orotara gizarteak ez dio aitortzen politikagintzari eraldaketa sozialerako gaitasunik?

Edonola ere, edo behar bada horregatik, ezkerreko ikuspegia duten alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragileek, luzerako begirada jarrita, badute eraldaketa sozialean eragiteko erantzukizun eta motiborik.

Kapitalismoaren oldarraldia ez da kasualitatea eta benetan gizarte justuagoa nahi badugu, horri aurre egitea betebeharra da. Zentzu horretan aurkeztu berria den Euskal Herriak Kapitalari Planto plataforma indarrak metatzeko eta lanerako aukera izan liteke. •