Jose Angel Oria
analisia

Huaweidunon komeriak

Huawei markako sakelako bat erosi dugun milioika lagun urduri gabiltza: Donald Trump presidenteak espioitza leporatu dio multinazionalari, eta, aitzakia horrekin, AEBetako konpainiek ezin dute negoziorik egin Txinakoarekin. XXI. mendeko nagusitasuna dago jokoan. Oraingoz, mugikor berarekin segitzeko moduan gara.

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak idatzi zuen txio batek urduri samar jarri gaitu Huawei Txinako konpainiak saldutako sakelako telefonoren bat dugun erabiltzaileok. «Gerra komertziala» esaten diote AEBek eta Txinak abian jarri dutenari eta teknologian aditu ez garenontzat erabat ulertezina da gatazka hori: nola da posible estatubatuar agintariak herrialde bereko konpainia askori kalte izugarriak eragingo dizkion debekua ezartzea? Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak, Nazio Batuen Erakundeko zerbitzu ekonomikoek eta Nazioarteko Diru Funtsak ere azpimarratu dute «gerra» moderno hori erabiltzaileontzako oso kaltegarri izango dela, gatazkarekin nolabait lotutako konpainiei eta munduko hazkunde ekonomiko globalari min egiteaz gain.

Hala ere, Donald Trumpek bereari eusten dio oraingoz. Ezin da baztertu edozein egunetan Txina erraldoiarekin itun «zoragarri» bat lortu duela esatea. Sinesgarritasun gutxi du agintariak eta AEBetako hauteskunde kanpainan oso garbi utzi zuen gezurren artean ikaragarri ondo konpontzen dela, bere arerioak baino hobeto behintzat.

Kasu honetan ere, Huawei smartphone bat dugunon beldurra argia da: merkataritza gerratan ere oso estimazio handia duen baliabidea da gezurra presio egiteko garaian, mahaiaren beste aldean dagoen ordezkaria estutzeko alegia. Beraz, adituek diotenari jaramon egitea izango da gauzarik onena. Orrialdeotan erabiltzaileok kontuan hartu beharreko puntu batzuk jaso ditugu.

Segurtasuna

AEBetako presidenteak Huawei konpainiaren aurka eman dituen aginduen arabera, Google konpainiak ezin dizkio Txinako etxeari berak sortu eta kudeatutako Android sistema eragileak eman. Erabiltzaileon ikuspuntutik begiratuta, segurtasun eza litzateke arazorik larriena, Android sistemak plazaratzen dituen gaurkotzeak Huawei telefonoan sartzeko aukerarik izango ez dugulako. Eguneratze horiek seguruagoak egiten dituzte telefonoak, hackerren kalterako, bestelako arazoak konpontzeaz gain.

Androidek jakinarazi du Google Play zerbitzuak eta Google Play Protect segurtasun sistemak ondo funtzionatuko dutela egungo Huawei telefonoetan. «Android esperientzia osoa» eskainiko duela esan zion Googlek BBC britainiar kateari. Carles Garrigues UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko irakasleak uste du oraingoz ez dugula arazorik izan behar huaweidunok. Arazoa aurrerago sor daiteke, eta abuztutik aurrera merkaturatzen diren smartphone berrietan (Android sistemarik gabe egongo dira hortik aurrera saltzen direnak), aplikazio batzuk eguneratzea ezinezkoa izango delako. Edonola ere, Android sistemak ez du bertsio berririk egingo datorren urtera arte (iturri batzuek esan dute urtea bukatu baino lehen plazaratuko duela) eta normalean hilabeteak pasatzen dira berrikuntza hori telefono guztietara eraman arte. Horrenbestez, lasai egotea komeni zaigula ondorioztatu behar, adituek esana irakurrita. Haserretu eta mugikorra harrika botatzea ideiarik txarrena litzateke.

Atzerapena

Telefonoan zaharkituta geratu den sistema operatibo bat edukitzea segurua al da? Gaur bihar baino seguruagoa, Helena Rifa irakaslearen arabera: «Sistema operatiboaren bertsio berria sortzen denean, bertsio zaharren segurtasun eguneratzeak ez dira lehentasunezkoak eta atzerapenak izan daitezke». Adituak gogorarazi du mugikorra behar bezala gaurkotuta edukitzen ez badugu, norbaitek geure informazio pertsonal guztia, pasahitzak eta aplikazioek erregistratuta dituzten eguneroko jarduerari buruzko datuak lapurtzeko arriskua dagoela.

App Gallery

Huaweik jakinarazi du bere sistema eragile propioa garatzen ari dela, debekuari aurre egiteko. Cesar Corcoles UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko irakasleak esplikatu du Android sistema kode irekian oinarrituta dagoela eta edonork egin dezakeela sistema operatiboaren bertsio libre bat. Gerta daiteke mugimendu hori nahikoa ez izatea Txinan bizi ez garen erabiltzaileontzat, aplikazioak deskargatzeko plataforma zerotik abiatuta egitea «oso zaila delako», Corcolesen arabera. Apple etxearen App Store eta Google Play zerbitzuen pare jartzea asko kostatuko zaie Huaweikoei. Windows Mobile sistema operatiboak porrot egin omen zuen aplikazioak deskargatzeko dendak beste bi plataforma horiekin lehiatzea lortu ez zuelako. Irakasleak gogorarazi du Huaweik App Gallery duela, Txinako merkatuan funtzionatzen duena. Plataforma horren erronka litzateke beste horiek eskaintzen dituzten aplikazioak bezain erakargarriak eskaintzea.

Gmail eta Facebook

Gmail (Google mail) Googleren doako posta elektronikoko zerbitzua huaweidun askok erabiltzen dugu. Garrigues irakasleak dio Huawei posta elektronikoko edo Google Maps bezalako zerbitzurik gabe utziz gero, Txinako konpainiak oso kolpe gogorra jasango lukeela: «Behin betiko kolpea iritsiko zaio Facebook bezalako beste enpresa batzuek ateak itxiko balizkio. Orduan, Huaweiren gailu berriek oso zaila izango lukete Txinako merkatutik kanpo arrakasta izatea».

Erabiltzaileon datuak

Adituek diote hemendik aurrera gertatzen dena Txinako agintariek hartzen dituzten erabakien araberakoa izango dela. Ernesto Pascual irakasleak nabarmendu du Google konpainia bera ere kaltetzen duela Trumpen debekuak, hemendik aurrera huaweidunon datuak biltzerik ez du izango-eta: «AEBek badakite XXI. mendean teknologia kontrolatzen duenak informazioa eta mundua ere kontrolatuko dituela».

Izan ere, telefonoen bidez datu ugari biltzen dituzte konpainiek, eta horregatik estrategikotzat dute arloa. «Debekuaren gauzarik esanguratsuena da datuen zirkulazio libreari oztopo bat jarri diola», Pascualen arabera.

5G sarea

Begirale guztiak bat datoz: Trumpen debekuaren helburu nagusia 5G izeneko sarean Huaweik lortu duen nagusitasuna kaltetzea da. Bost axola bere erabakiaren eraginez AEBetan milaka lanpostu galtzen badira.

4G sarearekin baino hogei aldiz bizkorrago nabigatzea ahalbidetuko omen duen teknologia propioa garatu du Huawei konpainiak eta adituek diote bizpahiru urteko aldea duela egun lehiakideekiko. “Gauzen Internet” posible egingo du aipatu sareak, eta Trumpek ezin du onartu etorkizuna markatuko duen arloan, negozio izugarriak egiteko aukera emango duen teknologian, estatubatuarrak lehen postuan ez egotea. Ohituko beharko dute, bada. Neurri batean, huaweidunok gara errudun.