Amagoia Mujika Telleria
HEZKUNTZA ALIANTZA

Ikastolen Elkartea eta Galiziako Semente eskolak hizkuntza eta hezkuntza propioaren bidean elkartu dira

Batzuk Galizian eta Euskal Herrian besteak, berariazko hizkuntzako eta norbere herriaren neurriko eta koloreko hezkuntza sistema propioan sinisten dute. Hartara, elkarlanerako akordioa sinatu dute, ahal duten neurrian, bidearen parte batzuk elkarrekin ibiltzeko. Ikastolen Elkartearen eta Semente eskolen arteko aliantza da.

Galiziako Letren Egunean, iragan maiatzaren 17an, elkarlanerako konpromisoa hartu zuten Ikastolen Elkarteak eta Semente eskola galiziarrek. Izan ere, berariazko hizkuntza duten eta hezkuntza sistema propioa izan nahi dutenen bidean eta ahaleginean elkarren ondoan bildu dira euskaldunak eta galiziarrak. Eta horregatik osatu dute aliantza, tasunak eta helburuak partekatzen dituztelako, nahiz eta bakoitzak tamaina, erritmo eta testuinguru desberdina izan.

Aliantza horren oinarriek zehazten dutenez, hezkuntzan hizkuntza baten normalizazioa lortzeko biderik eraginkorrena murgiltze eredua da. Hartara, gizartea horrekin kontzientziatzeko eta estrategia komunak garatzeko konpromisoa hartu dute.

Herriko hezkuntza proiektua, autogestionatua, irabazi asmorik gabea eta hezkuntza tradizionalaren alternatibak eskaintzen dituena. Aukera hori sendotzea ere badute erronka Ikastolen Elkarteak eta Semente eskolek. Eta Estatu espainolaren baitan, Madrildik inposatzen diren lege proiektuei aurre egiteko elkarrekin arituko direla hitzartu dute, «hezkuntza sistema propioa sortzea mugatzen baitute lege proiektu horiek». Komunikazioa, elkartrukea, elkartasuna, elkarrekiko ezagutza bultzatzea, esperientzia pedagogikoak eta materiala partekatzea... elkarlanak badu nondik tira egin eta urtean bitan elkartzeko konpromisoa hartu dute erronkei eusteko.

Semente eskolak

Lehenengo Semente eskola 2011ko azaroan ireki zen Santiago de Compostelan. Bi eta sei urte arteko umeentzako eskaintza biltzen du, erabat galegoz. Geroztik ezaugarri bereko eskola gehiago zabaldu dira. Gaur egun, haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako zortzi eskola daude martxan eta beste hiru irekitzekoak dira.

Semente eskoletan pedagogia eraldatzaile aurreratua eta aurrerakoia erabiltzen dute. Hezkuntza galegoa da, jarduera guztiak galegoz egiten baitira. Eskolok sormen eta berrikuntza espazioak dira eta laikoak. Hezkidetza eta berdintasuna dituzte lan ildo nagusi; gizon eta emakumeen arteko parekidetasun ezari eta gizartean ematen diren bazterketei aurre egin nahi baitiete.

Semente eskolak autoeraketaren bidez kudeatzen dira, era asanblearioan. Hartara, gurasoek, hezitzaileek eta ikasleek parte hartze zuzena dute egunerokoan. Askatasuna, errespetua eta autoerregulazio arduratsua dira aukera pedagogiko horren zutoinak; beren herri eta auzoetan txertatuta daude eta kultura artekotasun espazioak dira. Gainera, naturan oinarritutako heziketa sustatzen dute.

Mende honetan galego hiztunen beherakada nabarmena izan da. Egoera horri aurre egiteko sortu dira Semente eskolak; galegoaren berreskurapena eta ondorengo belaunaldientzat kulturaren transmisioa ziurtatzeko. “Escolas de Ensino Galego” deiturikoetan, galegoa da komunikazio-hizkuntza eta umeen autoestimu linguistikoa indartzen saiatzen dira. Curriculum nazional galegoa osatu nahi dute eta horretarako ari dira lanean.

Koldo Tellitu

«Guretzat garrantzitsua da hezkuntzan bide berean dabiltzanak topatzea Estatu espainolean»

Ikastolen Elkarteak Semente eskolekin izenpetutako akordioa garrantzitsu jo duzue. Zergatik?

Bai, gure ezaugarri komunak dituen horrelako elkarte batekin elkarlana bultzatzea garrantzitsua da. Hego Euskal Herrian egiten dugun lehen aliantza da, Ipar Euskal Herrian Seaskak eginak baititu antzekoak. 2009ko gure batzar nagusian helburu bezala zehaztu genuen elkarlanean aritzea hezkuntza eskola nazionala bultzatu nahi dutenekin. Estatu espainolean horrelako elkarlana garrantzitsua da, ez garela bakarrak irudikatzen dutelako, Galizian ere mugitzen ari direlako.

Ezaugarriak partekatzen dituzue, baina Semente eskolek ibilbide laburragoa dute eta artean txikiagoak dira.

Bai, egia da txikiagoak direla eta urte gutxiago daramatzatela. Seaskaren egungo egoerarekin pareka daitezke agian. Baina garbi daukate Galizian beharrezkoa dela galegoz aritzen den eskola nazional baten aldeko apustua egitea. Oraintsu emandako datuen arabera, Galiziako hezkuntza sistema publikoan, haur hezkuntzan, hiriburuetan %5 baino ez da galegoz egiten. Datu horien aurrean, Semente eskolen bultzatzaileek garrantzitsu jo dute galegoa eta kultura galiziarra erdigunean jartzen dituen hezkuntza eskaintza sortzea. Egia da Ikastolen Elkartea beste fase batean dagoela, pisu gehiago duela eta, segur aski, batez ere guk lagunduko diegu haiei. Baina guretzat oso garrantzitsua da bide berean dabiltzanak topatzea Estatu espainolean; gu bezala hezkuntza sistema nazionala defendatzen duten eragileak. Arnasgune ederra da hori guretzat. Bitxia da, baina gurean bezala Galizian, hezkuntza publikoaren eta pribatuaren arteko eztabaida hori bizi-bizi dago. Sementekoek erabaki dute, botere publikoen zain egon gabe, hezkuntza nazionalaren aldeko apustua egitea, bestela galegoa eskoletan erabat desagertuko dela ikusten baitute. Baina egia da kezkak eta hausnarketak partekatzen ditugula.

Semente eskolak, «Escolas de Ensino Galego» deiturikoak, herritik sortu dira.

Bai, herri mugimendu bat dira eta horretan antzekotasuna daukagu. Galizian barna hamar bat egoitza sozial dituzte, eta kultura arloan erreferente garrantzitsuak dira; musika, dantza, grafismoa… Sementekoak, eskolez harago, herri mugimendu bat dira eta Galiziako hainbat alorretan mugitzen dira. Hezkuntza arloan oraindik txikiak diren arren, kulturaren arloan oso indartsuak dira. Sementekoen atzean herria dago, hori garbi ikusten da.

Estatu espainoletik inposatzen den hezkuntza ereduaren kontrako bide horretan elkartu zarete galiziarrekin. Nola alde egin inposizio horretatik, zein da bidea?

Gaur egun egiten ari garena. Batetik, arlo instituzionalean egoera horri aurre egingo dion lege bat lortu nahi dugu. Bestetik, gure egunerokoan, euskal curriculuma, euskara eta gure hezkuntza sistema nazionala bultzatzen dugu. Bide horretan, galiziarrek ere apustu bera egin dute. Oraindik ez dute curriculum propioa garatu eta lan horretan ere lagunduko diegu, aholkuak emanez.

Aliantza modu praktikoan nola gauzatuko da?

Hemendik gutxira, esate baterako, UEUk antolatutako jardunaldietan bada bat “Ikastolak eta kooperatibismoa” deiturikoa, eta horretan parte hartu dute Sementekoek, beren eredua azalduz. Horrez gain, joan den urtean Semente eskolak laguntzeko diru bilketan parte hartu genuen. Eta elkarren arteko kontaktua egongo da; haiek gure proiektua ezagutzera etorriko dira eta alderantziz. Pixkanaka, joango gara zubiak eraikitzen eta loturak sortzen.

Hala ere, esan beharra daukagu ez garela Semente eskolekin harremanetan dagoen eragile bakarra. Gure aurretik Hik Hasik eta Irrien Lagunak elkarteek bazituzten harremanak. Baditugu ideiak eta elkarlana elikatuko dugu denon artean.

Globalizazioaren garaian, denok mundu garen honetan, zer-nolako panorama dute hizkuntza propioa bultzatu nahi duten hezkuntza ereduek?

Gure azkenaldiko kezka nagusietakoa hori da, ikusten dugulako gure ikasleen artean euskararen erabilera maldan behera doala. Faktore nagusienetako bat hori da hain justu; globalizazioaren eragina. Horri buruzko hausnarketa sakona egiten ari gara Huhezirekin batera.

Eta Galizian gauza bera gertatzen da. Semente eskolen inguruan dabiltzanek reintegrismo-a bultzatzen dute. Galegoak gaztelerarekin antzekotasuna du, baina portugalerarekin askoz handiagoa. Hartara, mundura ateratzeko tresna gisa aurkezten dute galegoa, eta portugalera erabiltzen den munduko tokietara begira jartzen dira. Nolabait, munduan hizkuntza erreferente modura ikusten dute portugalera eta hori beren mesedetan dela uste dute.

Baina, lehen esan bezala, arazo larriena da hezkuntza publikoan galegoak apenas duela lekurik. Hezkuntzan galegoaren egoera oso txarra da, baina kalean euskararena baino hobea. Kalean asko entzuten da galegoa.