Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Zeren beldur!

Zein motatako formazioa eskatzen ote dute sailburu, senatari, ministro eta gisako ardurak betetzeko? Zer-nolako eskarmentua behar ote da? Nire gogoetara datoz Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkunde Nazionaleko ministroak senatuan esandakoak. Ministroak, murgiltze sistemaren ondorioz, frantsesaren ezagutza «arriskuan» dela iragarri du. Blanquerren aurretik, Jacqueline Gourault Frantziako Lurraldeen Kohesioaren eta Lurralde Kolektibitateen ministroak hitz egin zuen murgiltze ereduaren aurka, «Konstituzioaren kontrakoa» delako.

Hizkuntzen ikas/irakaskuntzaren gaia, beste gaien gisan, hainbat ikuspegitatik azter daiteke: antropologia, psikologia, kognizioa, neurologia, soziolinguistika, pedagogia, historia edota beste hainbeste diziplina eta zientzietatik, hain zuzen.

Zorionez, asko dira eremu horietan adituek eta ikerlariek egin dituzten ikerketak. Ez behar beste, akaso, baina bai nahikoak hizkuntzen arteko harremanak ezagutzeko, edota psikologikoki eta kognitiboki eleaniztasunak dituen aukerak eta abantailak azaltzeko.

Heziguneetan, hamarkadetan, ikusi, landu, ikertu eta esperimentatu dugunaren ondorioz, badakigu ikasleak eleaniztunak izatera iritsiko baldin badira, gaur-gaurkoz, baliagarriak gertatu zaizkigun ereduak murgiltze eta mantentzea direla. Neska-mutilek hizkuntzak bereganatzea nahi badugu –zer esanik ez, euskararen kasuan–, etxetik hizkuntza ez dakartenak murgiltze ereduan eta dakartenak mantentze ereduan aritu beharko dute. Eredu horiek, soilik, bermatu baitute, artean, hizkuntzak menderatzea, menderatu dituzten mailan. Jakina, hizkuntzak bereganatzeaz ari garenean, ezagutzaz eta erabileraz ari gara. Eredu horietan aritu direnak gaztelania/frantsesa eredu elebakarrean aritu direnak adina edo hobeto ikasi dutela egiaztatu dugu.

Blanquer ministroak «eredu honen bertute pedagogikoak zalantzagarriak dira» eta «haurrek eskualdeko hizkuntza hitz egiten dute soilik» esanez abiatuta, «pedagogikoki ainitz bada eztabaidatzeko. Haurra frantsesa errefusatzeko egoeran jartzen bada, kognitiboki ez da hain ona» ondorioztatzera iritsi da. Kognitiboki zenbateraino ote da onuragarria euskararen kontra jartzen bada...

Interesgarria izango litzateke ministroa murgiltze eredua behin eta berriro zalantzan jartzera eraman duten argudio pedagogikoak ezagutzea. Nago, pertsonak «hizkuntza baten kontra jartzea» ikuspegi politikotik egindako azterketari dagokiola gehiago. Eta ikuspegi politikoa non oinarri daiteke polisaren (herriaren) iritzian oinarritzen ez bada?

Biga Bai eskola elebidunetako gurasoen elkarteak esanda, hurrengo ikasturterako Irisarrin (Nafarroa Beherea) familien %84k eta Ainhoan (Lapurdi) %95ek eskatu dute euskarazko murgiltze eredua. Frantziako Gobernuak ezetz esan die. Seaskak 50 urte bete ditu aurten. Dagoeneko milaka izango dira frantsesez, euskaraz zein atzerriko beste hizkuntza batean ari direnak arlo pertsonalean zein profesionalean.

Zerk beldurtu eta asaldatu ote ditu horrenbesteraino frantses agintariak? Beude lasai, ikerketek eta eskarmentuak mantentze ereduan ere frantsesaren ezagutza bermatzen dela erakutsi dute.

Euskaldunak gara hain lasai egon behar ez dugunak. Ape Musa Anter, nazionalitate turkiarra zuen idazle eta intelektual kurdua belarrira ari zait, berriro: «Nire hizkuntzak zure estatuaren zimenduak astintzen baditu, horrek esan nahi du zure estatua nirearen lurretan eraiki duzula».

Gurea bezalako hizkuntza txikien patua. Herri menderatu eta zapalduan bizi gara, herri gisa aurrera egingo badugu, ezin diogu gure errealitate horri ezikusiarena egin, ezta hezkuntzan ere! •