2019/06/08

Mikel Zubimendi Berastegi
EH Bilduren arrakastaren sentsazio gazi-gozoaz

350.000 boto... eta gazi-gozo? Ene, ene! Horrelako babes herritarra lortu eta emozio nahasiak herriratu? Agian ahaztu egin zaigu zer-nolako kalbariotatik pasatu garen

Gaur zortzi eratuko dira Hego Euskal Herriko udalak. Han eta hemen, ohikoa denez, sorpresak ez dira faltako. EH Bildukoentzat batzuk atsegingarri eta besteak mingarri izango dira. Durangon zoriontasun eztanda frenetikoan imajinatzen ditut, lau hamarkada eta gero ezkerretik alternatiba badagoela eta irabazle egin dutela ikustean. Soraluzen, aldiz, nahiz eta bigarrenez hauteskundeak irabazi, alkatetza galduko dela suposatzen dut eta bertako lagunak ikusten ditut tristaturik, baina ez etsiturik. Nafarroan imajinatzen dut panorama, baita Araban ere. Eta berriz ere argituko da eguna eta segitu beharko dugu aurrera, beti bezala: ekin eta jarrai.

Amaitu da hilabete eskasean lau hauteskunde ekarri dituen zikloa. Eta jada azkartuta dabil hurrengoa ere, EAEko hauteskunde autonomikoetara ziztu bizian hurbilduko gaituena. Arnasa hartzeko betarik gabe ia-ia, kokotsa altxatu eta urrutira begiratzeko patxada barik, zurrunbiloak atrapatuko gaitu, berriz ere. Tira.

Letrokin ez dut hauteskunde zikloen gaineko inolako tesirik defendatu nahi. Baina bai jardun nahi dut lagunartean, are militante eta minkide ditudan batzuen artean, sarritan entzun dudan sentsazio baten inguruan. Hots, hauteskundeetako EH Bilduren emaitzak gazi-gozoak izan direla, sentsazio gazi-geza utzi dutela. Zapore bitxia iruditu zait, datuen argitara ezin uler dezakedana. 350.000 boto lortzea gazi-gozo bazaie, agian nirea da problema, ez ditudalako ulertzen ez gazitasunaren ezta gozotasunaren zentzua ere.

350.000 boto eta gazi-gozo! Ene, ene, ene! Agian ahaztu egin da nondik pasatu garen, zer-nolako kalbariotatik. HBren 150.000 boto haiekin nola egin genuen aurrera berunezko hamarkadetan, nola eutsi genion ilegalizazioaren hamarkada mingots hari, eta abar. EH Bilduk zortzi urte bete berri dituenean eta bere marka historikoa gainditu duenean, hainbeste jendek bere proiektua babestea, horrelako oinarri herritar bat izatea gazi-gozoa bada, ez dakit ba uste baino lehenago etorriko den 400.000 botoen langa pasatzean zer zapore gailenduko den ezkerreko herri abertzalean. Ez dakit ba, ez dakit. Ez dakit ez ote den sentsazio hori nikefobiaren beste sintoma bat, edo, hain handiak izanik, ez ote dugun handikeriaren gaitzaren arrastoren bat, edo ez ote garen aurreikuspen puztuen eta euforiaren aparretan ito. Ez dakit, zinez, ez dakit.

Ulertzen dut emozio nahasi horrek horrelako boto pilak ordezkaritza mailan izango duen efikazia urrian izan dezakeela jatorria. Eta badakit bizitza oso bat beteki bizitzeko ez dela beharrezkoa beti ondo sentitzea, emozio nahasiek bizitza esanguraz betetzen dutela. Baina EH Bilduren emaitzak aztertuta, uste dut ez dagoela horretarako arrazoi errealik. Inondik begiratuta ere, sekulakoak dira lortutako emaitzak, beldurgarriak. Eta gutako askok ez bezala, hori ongi dakite aurkariek. Ez dut hau esaten lortutakoarekin bertan kieto gozo egoteko. Gehiagorako anbizioa behar da, askoz gehiago lor dezakegula eta lortuko dugula ziur bainaiz. Gauza asko aldatu behar dira, jakina. Eta astindu beharko dira buruak aldatu behar direnak aldatzeko.

Baina, jo, gozatu behar denean gozatzen jakin behar da, gozagarri diren emaitzok lortzeko egindako lan puskari balioa ematen, ospatzen. Harro egotekoa da, oso harro. Marka handiagoak lortzeko serio prestatzen hasteko unea da, onena etortzeko baitago. Hartara, disfruta, topera disfruta, lortutakoa latza da-eta. •