> Mundu zabaletik, «brebeta euskaraz»

Mundu osotik heldutako elkartasun mezu ugari zabaldu dituzte Seaskako ikasleek brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko.

Batukadaren soinuaz lagunduta, Eiffel dorrearen azpitik edo Pirritx eta Porrotx sudur-gorrien ahotan iritsi zaigu brebeta euskaraz egin ahal izateko aldarrikapena.

Ipar Euskal Herriko hainbat ikasle egun hauetan egitekoak ziren brebeta.

Frantses azterketa salbu brebeta osoki euskaraz egin ahal izatea aspaldiko lorpena zen. Geroztik, Matematika eta Historia eta Geografiako azterketak euskaraz egin dira, baina kolegioen erreforma dela eta, zientzien azterketa gehitu da azken urteetan, eta hura frantsesez egitera behartuak dira ikasleak.

Protesta gisa, aurreko bi deialdietan zientzietako azterketako erantzunak euskaraz eman zituzten Seaskako ikasleek, eta Bordeleko Errektoretzak azterketok ez zuzentzeko mehatxua egin zuen. Seaskak oso larritzat jo zuen azterketen zuzenketa blokeatzeko erabakia. «Borondate politiko zehatz baten eragina izan da, eta zalantzarik ez dugu Parisetik heldu dela debekua», salatu zuen orduan Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Azterketak zuzendu behar zituzten hainbat irakaslek ere ezinegona agertu zuten erabaki horren aurrean.

Azken hiru urteotan brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko protesta ugari egin ditu Seaskak.

> Apustu etxeen aurkako mezu baten arrakasta sareetan

Dani Gimenezek, Coruñako Deportivo taldeko atezainak, mikrofonoen bidez apustu etxeen aurka zabaldutako mezua biral bihurtu da. Futbol talde horretako atezain Dani Gimenezek apustu etxeen aurkako aldarrikapena egiteko baliatu zituen mikrofonoak. Prentsaurrekoaren ondoren, atezainak negozio horren boterea maiseatu zuen. Halaber, lokal horietako asko langile auzuneetan daudela gogorarazi zuen. «Baliabide gutxien dituen jendeaz aprobetxatzen dira», salatu zuen. Apustu etxe horiek kirol taldeak eta lehiak babestea gaitzetsi zuen, eta haien boterea geldiarazteko beranduegi ez izateko desioa adierazi zuen.

> Zegama-Aizkorritik mundura

Golden Trail World Series zirkuituak Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren gaineko bideo zirraragarri bat egin du. Mendi lasterketa horretako txapeldun Kilian Jornetek berak Facebooken partekatu du bideoa.

Joan den igandean abiatu zen Golden Trail World Series zirkuituaren bigarren denboraldia, Aizkorri-Zegama mendi maratoiarekin, hain zuzen ere. Ekainaren 30ean Mont Blanc-eko maratoiaren txanda izango da, eta uztailean Italiara joko du, Dolomyths Run Skayrace lasterketara. Haren ondoren beste zenbaiten txanda izango da: Sierre Zinal, Suitzan; Pikes Peak, Ameriketako Estatu Batuetan, eta, Ring of Steall Skyrace, Eskozian. Hitzordu horien guztien berri eman du Golden Trail World Series zirkuituak Euskal Herrian grabatutako irudi ederren bidez.

> Zaratarik gabeko jolas parkea, autismodun haurrentzat

Autismoa duten haurrek herriko jaietan parte hartzea bultzatzeko asmoz, Getafeko Udalak (Madril) udalerri horretako jolas parkeko barraketan entzun ohi den musika itzali egingo du.

Ekimen aitzindaria datorren asteartean gauzatuko dute, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Hala, autismodun haur horiek jolas parkeko atrakzioetan gainerako haurrek bezala ondo pasatzeko aukera izango dute.

Autismoa duten haurren familiek jolas parkeak eta atrakzio zaratatsuak saihestu ohi dituzte, haur horien hipersentikortasunagatik. Izan ere, zarata eta argi maila handia edo jendetza direla-eta, haien zentzumen-edukierak gainez egiten du.

Sare sozialetan txalo asko jaso dituen ekimen honekin, autismoa duten lagunek gainerako bizilagunekin batera jaiak ospatzeko aukera izatea lortu nahi dute.

> Euskara, gurera etorri direnen begietan

Gari Garaialde eta Ander Gillenea Bostok Photo argazki agentziako argazkilariak Donostian bazkaltzen ari zirela gertatutako istorioa jaso dute Twitterren. Parte Zaharreko taberna batean euskaraz «mundua konpontzen» ari ziren bitartean, ondoan zuten Aaron txikia adi-adi. Hego Ameriketatik etorritako familia bateko seme da Aaron eta eskolan ikasitako hizkuntza atentzioz entzuten ari zen bi argazkilarien ahotan. Aaronen amak eman zien azalpena. «Liluratua dago, esaten ari zareten guztia ulertzen duela dio», esan zuen, semeaz harro.

Argazkilarien txioari tiraka, halako beste egoera batzuk bizi izan dituztenak agertu dira Twitterren.