2019/06/15

Erreportajea
INGURUMEN KRISIA
Asiako hego-ekialdeak uko egin dio Mendebaldearen zabortegi izateari

Asiako hego-ekialdeko herrialdeek birziklatu ezin diren hondakin plastikoak hartzeari utzi egin diote eta kasu batzuetan sortutako lurraldeetara bidali dituzte. Arazoa, beraz, gehiegi kontsumitzen dugun herrietara itzultzen ari da. Hondakinen inguruko orain arteko planteamendu asko okerrak zirela ederki asko frogatuta geratu da.

joseangel.oria@gaur8.info
0615_g8_ministra

Maiatzaren 30ean Kanadako Estatuak bidalitako itsasontzi batek sekulako hondakin pila kargatu zuen Filipinetan. Birziklatu ezin diren edo toxikoak diren 1.500 tona hondakin eraman behar zituen berriz Ameriketako herrialdera, 2013an eta 2014an legez kontra inportatutakoak zirelako, Manilako agintarien arabera.

Egun horietan ere, Malaysiako Gobernuak tankerako operazio bat jarri zuen abian, 3.000 tona hondakin sortutako herrialdeetara itzultzeko. «Inportatutako hondakin plastiko kutsatuak bueltatzen jarraituko dugu. Kontainer horiek geure ingurumen legea bortxatzen duten deklarazio faltsuak aurkeztuta eta bestelako irregulartasunak eginda sartu ziren herrialdera», adierazi zuen Yeo Bee Yin Energia, Zientzia, Teknologia, Ingurumen eta Klima Aldaketako ministroak. Oso esanguratsua da Gobernuko kide horri eman dioten titulua. «Birziklatzearen aitzakiarekin, zaborra salerosten dute. Plastikoa erretzeak eragiten duen kalitate txarreko airea arnastu behar dugu malaysiarrok eta horrek osasun arazoak sortzen ditu», erantsi zuen.

Txinak birziklatu ezin diren hondakin plastikoak inportatzea debekatu zuenetik, Asiako hego-ekialdeko estatuetara desbideratu zen negozio zikin hori: Malaysiara, Thailandiara, Filipinetara eta Indonesiara batez ere. Thailandiak marka guztiak hautsi eta aurreko egoeran baino %1.000ko (ondo dago datua) hazkundea izan zuen, inportatutako hondakin plastikoen kopuruari dagokionez, Gaia izeneko aliantzak egin dituen kalkuluen arabera.

Greenpeace nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeak emandako datuen arabera, Txinaren debekuaz geroztik Malaysiak askoz ere hondakin gehiago inportatu zuen. Iazko urtarriletik uztailera, Japonia, Ameriketako Estatu Batuak eta Britainia Handia izan ziren tankerako esportazio gehien egin zituzten herrialdeak. Geroztik Malaysiako Ingurumen sailak zorroztu egin du esportazioei buruzko araudia, birziklatu ezin daitekeen plastikorik ez inportatzeko. Ondorioz, Britainia Handiak, Herbehereek, Alemaniak, Singapurrek, Norvegiak eta frantses Estatuak bidalitako hondakinek azterketa zailagoa pasa behar zuten herrialdera iritsi ahal izateko.

Duterteren mehatxua

Hondakinak sortu diren herrialdeetara itzultzea gatazka diplomatiko baten azken kapitulua baino ez da. Herrialde aberatsek hondakin gehiegi sortzen dute eta, normalean, ez dute behar bezala jasotzen, gai bakoitza ondo bereizita alegia. Asiako herrialdeek, Txinak hasiera batean eta gero hego-ekialdekoek, inportatu egiten zituzten hondakinok, behar bezala prozesatzeko. Teorian behintzat.

Britainia Handiak, “The Guardian” egunkariak emandako datuen arabera, urte bakar batean, 2016an, 10.000 igerileku olinpiko betetzeko adina hondakin esportatu zituen. Urte hartan, Txinak mundu osoan esportatzen ziren hondakin plastikoen erdia prozesatu zuen. Baina Pekingo agintariek, ingurumen arloan oso irudi txarra zutela-eta, jarrera aldatzea erabaki zuten. Eta hondakin horiek inportatzeari ezetz esan zioten 2018an. “Negozioa” beste herrialdeetara joan zen. Asiako hego-ekialdeko herrialdeak «Mendebaldearen zabortegi» bihurtzen ari zirela salatu zuten adituek.

Gobernuek aurkako ahaleginak egin arren, birziklatzerik ez dauden hondakinak munduko bazter hartara iristen segitu zuten. Teorian, herrialde aberatsek Asiara bidaltzen zituzten birziklatzeko moduko hondakinak, bertan prozesa ditzaten: lanpostu ugari eta irabazi ederrak herrialde pobreentzat. Mendebaldeko herrialdeak, gainera, birziklatze kopuru hobeak aurkezteko moduan geratzen ziren. Guztiak pozik, ustez behintzat.

Baina Estatua bera pobrea baldin bada, ezin ditu betearazi onartu dituen arauak. Ekologistek salatu dutenez, herrialde industrializatuek esportatutako hondakin ugari toxikoak, teknologikoak eta materia degradaezinetakoak ziren. Aileen Lucero EcoWaste gobernuz kanpoko erakundeko koordinatzailearen arabera, «hondakin kutsakor horiekin lan egin behar duten langileak eta hondakinak jasotzen dituzten komunitateak, normalean oso pobreak direnak, izaten dira egoera horren biktima nagusiak».

Nabarmentzen du hondakin horiek bidaltzea legez kontrakoa izan zela: «Filipinetako legediak gai toxikorik ez duten hondakin plastiko birziklagarriak inportatzea onartzen du, baina hona benetan iritsi zena sailkatu gabeko nahaspila zen: hondakin elektronikoak, erabilitako pixoihalak eta plastikozko botilak, guztia ondo nahastuta».

Porrot egin duen mitoa

Rodrigo Duterteren Gobernuak hilabete egin zuen Kanadakoa estutzen eta azkenean Justin Trudeau lehen ministroak onartu zuen ontzi bat bidaltzea: 190.000 dolar gastatu ditu Ottawak 69 kontainer «herriratzeko». Urteak egin zituen Ameriketako Estatuak Manilari ezikusiarena egiten. Esaten zuten Chronic Plastics konpainiaren transakzio bat besterik ez zela, baina Duterte ez zegoen horrelakoak berriz entzuteko: «Gerra deklaratuko diegu. Kontainerrak itsasontzi batean kargatuko ditugu eta Kanadari jakinaraziko diot bere zaborra etxeko bidean dela, sekulako ongietorria egin diezaioten edo, nahi badute, hondakinak jateko».

Dutertek “gerra” hitza erabili bazuen ere, ez zen horrelakorik izan. Asiako herrialdeak Ameriketakoan dituen ordezkariekin hitz egin zuen, pertsonal diplomatikoaren zati bat etxera eraman zuen eta goi karguei Kanadara bidaia ofizialak egitea debekatu zien. Aldi berean, ehunka lagunek protestak egin zituzten Kanadak Manilan duen enbaxadaren aurrean.

Tentsioak gora egin zuen baina gerrarik ez da hasi. Edonola ere, ez dira Kanadakoak arazoak eragiten dituzten hondakin bakarrak, azken asteotan Hego Korea, Hong Kong eta Australiako hondakinak dituzten kontainerrak aurkitu baitituzte Misamis hiriko portuan. «Zabor hori ez da onartzeko modukoa. Erabat gaitzesgarria da. Herrialde aberatsen zabortegi izateari uko egiten diogu –esan zuen Abigail Aguilar Filipinetako Greenpeace erakundeko zuzendariak–. Asiako hego-ekialdea zabortegi moduan ikusten duten herrialdeei beren hondakinak murrizteko garaia iritsi zaie. Orain arteko birziklatzea porrot egin duen mito bat da».

Agintariek beraiek esplikatutakoaren arabera, «ezkutuko merkatu» bat sortu zen: legez kontrako zentroetara eramaten zuten zaborra eta bertan erre egiten zuten, gizakion osasunarentzat eta ingurumenarentzat oso kaltegarri dena. Leku aberatsetan debekatuta dago horrelako hondakinak erretzea, eragiten duten kea oso toxikoa delako. Horrexegatik Mendebaldeko herrialde askok alternatibarik merkeena aukeratu dute: Asiara bidali, bertako enpresa askok diru gutxiren truke hondakinak onartzen baitituzte. Bost axola zabor horrekin zer egiten duten!

Sistema gaizki funtzionatzen ari da, Txinak hondakinak ez inportatzea erabaki zuenetik garbi ikusten denez. Horrenbeste plastiko ekoiztea eskatzen duen eredua aldatu eta kalitate txarreko gaiak debekatu beharrean, «azken hamarkadotan egin duguna kontsumoa bultzatzea izan da, birziklatzearen aitzakiarekin», Alodia Perez Lurraren Lagunakeko kideak salatu duenez.

Europako Batzordeak, Europar Batasunaren “Exekutiboak”, zerga bat jarri nahi du abian plastiko gutxiago kontsumitu dezagun. Neurri hori eraginkorra den ala ez aurrerago ikusi beharko da. Orain arte plastikoa birziklatzea zen kontua eta horren ondorioak dagoeneko kalkulatuta dituzte adituek. Europako Ingurumen Agentziak egindako txosten batek onartu duenez, «birziklatze helburuak ezarrita», Europar Batasunaren politikak hondakinak beste herrialdetara eramatea bultzatu du.

Arazoa ez du konpondu, baina urrutira eramanda, konponduta dagoela dirudi. 1995 eta 2007 artean, birziklatzen ziren plastikozko ontzien kopuruak gora egin zuen: 10 milioitik 14 milioira. Epe berean, Asiara bidaltzen zen plastikozko ontzi kopuruak %1.100eko hazkundea izan zuen.

 

Uste baino mikroplastiko gehiago aurkitu dute Kaliforniaren parean

Ameriketako Estatu Batuetako zientzialariek frogatu berri dute Kaliforniaren parean dagoen Monterrey badiako ur sakonetan, Ozeano Bareko erdialdean dagoen «plastikozko uhartean» baino mikroplastiko gehiago dagoela. MBARI institutuak egin du ikerketa eta “Scientific Reports” aldizkariak eman ditu argitara emaitzak eta ondorioak. San Diegoko Kaliforniako Unibertsitateak ere esku hartu du lanean.

Bost milimetro baino gutxiago duten plastiko zatiei mikroplastiko esaten diete adituek. Ikerlariek lehen aldiz berretsi dute Monterreyko eremu pelagikoan, sakonera ertaineko uretan alegia, orain arte uste zen baino mikroplastiko gehiago dagoela. Ikerlariek jakinarazi dute plastiko zati horiek gizakiok kontsumitzen ditugun produktuetatik sortutakoak direla eta dagoeneko itsasoko animalien dietan sartuta daudela, azaleko zein hondoko animaliek jan egiten dituztela. Eta arraina jaten dugun gizakiok, ere bai.

GAUR8n «plastikozko uhartea» deitu genion Ozeano Barekoari eta beste egile batzuek «Zazpigarren kontinentea» esaten diote. Zientzialariek kalkulatu dute uneotan 3,4 milioi kilometro koadroko azalera duela (Euskal Herrikoa 21.000koa da), Hawaii artxipelagoaren eta Kaliforniaren artean dagoela eta 100 milioi tonako pisua duela. Gaur egun zientzialariek badakite tankerako «uharteak» ozeano guztietan ditugula, eta itsaso jakin bateko «irla» txikienek handienarekin bat egiteko joera izaten dutela. «Geure aurkikuntzek gero eta ebidentzia zientifiko gehiagok esaten dutena indartu dute: planetako habitatik handiena diren ur sakonak hondakin plastiko txikien depositurik handiena direla», jakinarazi du Anela Choy ikerlariak. Animaliek, karramarro gorri pelagikoek esaterako, azaletik gertu jan egiten dituzte mikroplastikoak eta hondora eraman, pieza horiek ur sakonetan duten proportzioa azaltzen laguntzen duena.

Bost eta mila metro arteko sakoneran 26.000 laginetik gora hartu zituzten ikerlariek, bertan bizi diren espezieek jaten dutena aztertzeaz gain. Karramarro horien barruan aurkitu dituzten mikroplastikoak edalontziak eta arropa egiteko erabiltzen den PET polietileno tereftalatoa ziren, batez ere. Eremu fotikoaren (eguzki-argia hartzen duten azaleko urak) beheko aldean eta itsasertzetik urruti samar aurkitu dituzte plastiko kontzentraziorik handienak. Horrek esan nahi du, zientzialarien arabera, plastikoak itsasoetan eragindako kutsadura orain arte uste zena baino askoz ere larriagoa dela. Eta gizakiok leku askotan ditugun joerak ikusita, kutsadura hori hazten ari dela.

 

Coca-Cola botilak bazter guztietan ageri dira

Greenpeacek eta Break Free From Plastic mugimenduak munduko 42 herrialdetan egin duten ikerketa baten arabera, Coca-Cola konpainiak ekoiztutako produktuen hondakinak aurkitu dituzte 40 herrialdetan. Ikerlariek 187.000 hondakin zati aztertu zituzten eta ondorioztatu zuten PepsiCo eta Nestle konpainiako produktuen hondakinak ere oso zabalduta daudela. «Kutsadura plastikoaren krisia betikotzeko konpainia horiek duten zereginaren froga ukaezina eskaintzen du geure kontu-ikuskapenak. Berreskuratu ezin diren plastikozko ontziak ekoiztuta, planeta eskala handian suntsitzearen errudun dira», adierazi du Von Hernandez kanpainako eledunak. Ur sakonenetan ere, Marianetako itsas hobian, plastikoa aurkitu berri dute ikerlariek 10.935 metroko sakoneran, BBC kateak jakinarazi duenez.

«Inportatutako hondakin plastiko kutsatuak bueltatzen jarraituko dugu. Geure ingurumen legea bortxatzen duten deklarazio faltsuak aurkeztuta sartu ziren herrialdera»

Asiako herrialdeek, Txinak hasiera batean eta gero hego-ekialdekoek, inportatu egiten zituzten hondakinak, behar bezala prozesatzeko. Teorian behintzat

Britainia Handiak, «The Guardian» egunkariak emandako datuen arabera, urte bakar batean, 2016an, 10.000 igerileku olinpiko betetzeko adina hondakin esportatu zituen

Asiara bidaltzen zituzten birziklatzeko moduko hondakinak: lanpostu ugari eta irabazi ederrak nazio pobreentzat. Mendebaldea birziklatze kopuru hobeak aurkezteko moduan zen!

«Hondakin kutsakorrekin lan egin behar duten langileak eta hondakinak jasotzen dituzten komunitateak, oso pobreak direnak, izaten dira egoeraren biktima nagusiak»

«Filipinetako legediak gai toxikorik ez duten hondakin plastiko birziklagarriak inportatzea onartzen du, baina hona benetan iritsi zena sailkatu gabeko nahaspila zen»