Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Lurraldeko arkitektura

Arkitektura. Hitz arrotza diziplinatik at dagoen gehiengoarentzat. Ohiko hizkuntzan arkitektura adiera erabiltzen da elementu baten egitura logiko eta fisikoarekin lotuta, hau da, arkitektura errealitate fisiko bati loturiko argudio jarioen antolaketarekin lotzen da. Baina errealitate fisikoaren arkitekturaz ari garenean, askoren ulerpena ez da materialtasunaren atzetik egon daitezkeen pentsamendu geruzetara zuzentzen, baizik eta begi aurrean dagoenaren itxurara. Arkitektura, gustu afera hutsera sinplifikatuz. Atarian gelditzeko ohiturak sakonean dagoena adituen esparruan kokatzeko joerari jarraitzen dio –ulertezina zaigulakoan–. Arkitekturarekiko eraikitako ulergaitasunak, filosofiarekin gertatzen den tankeran, talka egiten du eguneroko bizitzak jakintzokin duen harreman estuarekin. Izan ere, arkitekturan bizi gara eta arkitekturaz inguraturik gara. Bizimoduaz eta bizi ditugun espazioez hausnartuko bagenu, bi jakintzotara hurbiltzen saiatuko ginateke, estereotipoen armadura zeharkatuz eta ohikotasunaren lengoaiara gerturatuz.

Hala eta guztiz ere, ez da guztiz egia arkitekturaren eta gizartearen artean jakintza arloa dagoenik. Arkitekturaren materialtasunak iruditeria bat eraikitzen du lurraldetasunarekin estuki lotuta dagoena, memoria-edukiontzi eta adierazkortasun kolektiborako tresna gisa funtzionatzen duelako. Arkitektooi deigarri gertatzen zaigu zeinen arketipo materiko eta formal boteretsuak dauden jakintza arlotik kanpo, adibidez, etxe batek nolakoa izan behar duen galdetuz gero –intimoki espazioarekin erlazio bat eraikitzeko garaian–. Askotan, iraganeko arkitekturaren iruditeria nagusitzen da, inguruan “benetako” arkitekturarik eraikiko ez balitz bezala. Arkitekturaren erreferentzi edo eredu gisa gaur eguneko gizartearen bizimodutik urruti gelditzen den bat aukeratzean, lurraldea osatzen duen arkitektura gehienarekiko onarpen eskasa adierazten da eta desfase kultural bat uzten da agerian. Zergatik lurraldetasunaren arkitektura harriarekin lotzen da eta ez txapa metaliko zulatuarekin?

Lurraldeko arkitektura hirietan eta hirietatik kanpo dagoen orok osatzen du. Landa eremuetan dauden oilategi erraldoien nabe industrialetatik eta ortu ondoan autoeraikitako txaboletatik hasi eta baseliza, baserri multzo eta babes ofizialeko etxe dorreetara arte. Paisaia materiko horretan iragan hurbileko eta urrutiko garaietako eraikuntzak daude; denek osatzen dute gizarte baten materialtasuna. Iragan gertuko eraikuntza gutxik lortzen dute iruditeria kolektiboaren parte izatea, denborak materiari onartze-maila eskainiko balio bezala. Paisaia materikoan, elkarrekin daude azkar eta merke eraikitzeak ezaugarritzen dituen eraikinak eta adierazkortasun ariketa gisa sortzen direnak. Itxuraren zainketaren hierarkiak gizartearen lehentasunak mahai gainean jartzen ditu; horren adibide da landa eremuko eraikin berrietan zeinen kariño gutxi jartzen den hirietakoekin alderatuta. Erabaki inuzentea ez delako, lurraldetasunaren eraikuntzan lurraldearen arkitekturan erreparatzeko deia izan nahi dute hitzok. •