Jose Angel Oria
SUEDIA

Klima larrialdiaren eraginez, hegazkinak hartzea lotsagarri bihurtu da

Hegazkina hartzeak krisi klimatikoa larriagotzen al du? Oporretan urrutira joan gabe geratu behar al dugu, planetaren egoera gehiago izorratu nahi ez bada? Orain arte pentsaezinak ziruditen galderak ipintzen ditu mahaiaren gainean klima larrialdiak, eta hizkuntza bera ere aldatzen ari da, kontzeptu berriak behar bezala adierazi ahal izateko.

Suedia betidanik nabarmendu izan da ingurumena zaintzeko ahaleginetan. Ezagunak dira, esaterako, suediarren birziklatze tasa ikaragarriak: orain hamarkada batzuk eraiki eta lanean jarri ziren erraustegiek hondakinak inportatu beharra izaten dute gaur egun, porrot ekonomikoa saihesteko.

Ezaguna da Greta Thunberg hamasei urteko neska autistak giza mugimendu gazte eta potente bat inspiratzeko erakutsi duen kemena ere: bera bakarrik hasi zen ostiraletan eskola utzi eta Parlamentuaren aurrean protestaldiak egiten, agintariei klima krisiari aurre egiteko moduko neurriak hartzeko exijitzeko; gaur egun makina bat hiritan egiten dira Fridays For Future izeneko mobilizazioak.

Berotegi efektua eragiten duten gasak murrizteko Parisen 2015ean egin ziren negoziazioetatik kanpo geratu ziren hegazkinek eta itsasontzi erraldoiek erabiltzen dituzten erregaiak. Kezkagarria, ingurumena zaintzea benetan lortu nahi den helburua bada.

Udazken hartako negoziatzaileek kanpoan utzi zuten arloari gero eta gehiago erreparatzen diote, eta Suedian hitz ezin egokiagoa asmatu dute egoera berri honetarako: «flygskam» suedieraz, «hegaldia hartu behar izateak eragiten duen lotsa», euskaratzen saiatuz gero.

Lotsa eta hegaldiak

Suediar askok Europako hegoaldeko eta Afrikako iparraldeko bazterretara joateko joera izaten dute, etxean duten eguraldiak bultzatuta. Uda bukatzen denean hasten da iparretik hegora doan exodoa, eta Suedian bertan eguzkia ia agertu ere egiten ez den neguko egun ilunenetan izaten da punturik gorena. Trena, itsasontzia... edozein gauza erabiliko dute suediar askok hegazkinik ez hartzeko, urrutira joan beharra izaten badute.

Gure planeta bakarra berotzen ari diren gasak isurtzen dituztelako «errudunen aulkian» eserita daude abioiak, eta adituek egindako kalkuluak betez gero, gauzak gehiago okertuko dira: munduan gaur egun 20.000 hegazkin inguru baditugu, hemendik 20 urtera kopuru hori bikoiztu eta gehiago egingo da: 50.000 hegazkin airean, erregai fosilak erretzen.

Egoera larri hori saihestea litzateke «flygskam» hitza asmatu dutenen helburua. Lotsa eta mespretxua eragiten omen diete hegaldiek. Aireportuetan antzeman dute ondorioa: gero eta bidaiari gutxiago erregistratzen da, Suedia barruko hegaldietan batez ere. Apirilean, herrialdetik irteten ez diren hegazkinek aurreko urteko apirilean baino %15 bidaiari gutxiago izan dituzte aurten.

Gainera, inkesten arabera, lau suediarretik batek ingurumena aipatzen du hegaldiak ez hartzeko arrazoi moduan. Malena Ernman opera kantariak –Greta Thunbergen amak– hegazkinik ez duela gehiago hartuko jendaurrean adierazi izanak lagundu egiten dio fenomenoari.

Hegaldien aurkakoei beraiei ere arazoak eragiten dizkie erabakiak. Greta Thunbergek ez du hegazkinik hartu 2015az geroztik. Maiatzean Europako makina bat hiri bisitatu zituenean, autobusez ibili zen. Suitzako Davos hirira, bertan egin zen Foro Ekonomikoan esku hartzera, joan ahal izateko 60 ordu egin behar izan zituen trenean sartuta. Bere hitzak entzuten egon ziren gonbidatuetako batzuek hegazkin pribatuak erabili zituzten hitzordura joateko. Ez zuten ulertuko neska gaztearen hitzaldia. Ezta pentsatu ere!

Rickard Gustafson Scandinavian Airlines konpainiako zuzendari exekutiboak Danimarkako egunkari batekin egindako elkarrizketan esan zuen «flygskam» mugimendua aire trafikoa kaltetzen ari delakoan dagoela.

Arazoa asko larriagotuko litzaieke giza fenomeno hori munduko beste lekuetara ere zabalduko balitz.

Horixe izan zen Seul Hego Koreako hiriburuan egin berri den aire konpainien gailur bateko esku-hartzaileek mahairatu zuten kezketako bat. «Zalantzan jartzen ez badugu, sentimendu hori hazi egingo da, hazi eta zabaldu», adierazi zuen Alexandre de Juniac Nazioarteko Aire Garraio Erakundeko buruak.

Kaliforniatik New Yorkera

AEBetan herritarrek Europan baino gehiago erabiltzen dute hegazkina: mundu osoko bidaiarien %24,5 Europan daude; %27,7 Ipar Amerikan; %32,1 Asian eta Ozeano Bareko herrialdeetan (askoz ere populazio handiagoa izanda, hori bai); %6 Latinoamerikan eta %3 baino gutxiago Afrikan.

Hegazkina, autoa baino kaltegarriagoa al da? Galdera horixe egin zuten zientzialariek AEBetan. Autoak eta kamioiak herrialdeko isurketa guztien ia %20ren arduradunak dira gaur egun. Eta ibilgailu horiek gero eta garbiagoak izaten dira. Ingurumenean eragiten dituzten kalteak kontuan hartuta, egile batzuek diote autoa aukera hobea dela egun.

“The New York Times” egunkariak egin duen ikerketa baten arabera, Kaliforniatik New Yorkera hegazkinez joan eta etortzen den bidaiari batek bere autoak urte osoan egiten dituen isurketen %20 inguru egiten ditu. Hegazkinez bidaia hori behin egitea autoa 70 egunez erabiltzea bezain kutsakorra da.