2019/07/06

Erreportajea
INDIA
Herritar pobreenak erabat itota dauzkate beroaldiek eta lehorteek

Krisi klimatikoaren adierazleetako bat dira beroaldiak, Indian batez ere apirilean eta maiatzean jasan behar izaten duten fenomenoa, baina aurten ekainean ere sufritu dutena. Gero eta herritar gehiago hiri handietan bizitzeak, populazioaren zahartzeak eta klimaren egoerak arazoa larriagotu egingo dute.

Jose Angel Oria
0713_g8_delhiberoa2

Egin ditugun autopsiek erakutsi digute heriotzaren arrazoia beroaldia izan dela kasu guztietan», esplikatu zuen orain aste batzuk Pratyaya Amrit-ek, AGND hondamendiak kudeatzeko Indiako erakundeko eledunak, iparraldeko Bihar estatuan ekainean izan duten muturreko beroaldiaren inguruan.

Klima-larrialdi arloko adituek diotenez, India da beroaldiek gehien kaltetuko duten herrialdea, bertan baitaude munduko hiri populatuenetako asko eta herritar gehienek ez baitute larrialdiari aurre egin ahal izateko nahikoa baliabide.

Aditu horiek egin dituzten kalkuluen arabera, beroaldiak jasan behar izaten dituzten hiri populatuen kopurua hirukoiztu egingo da 2050. urterako: gaur egun mundu osoko 354 hirik izaten dituzte 35 gradutik gorako batez besteko tenperaturak udan, eta hemendik 31 urtera 970 izango dira.

Beste modu batera esanda, muturreko tenperaturak sufritu behar izaten dituzten hiri handietako herritarren kopuruak %800eko hazkundea izango du, 1.600 milioi pertsonara iristeraino.

Bero zakarrarekin lanean

«Bero zakarra egiten du, baina bizirik segitu nahi badugu lan egin behar», esan zion Efe agentziari Sushila kale-saltzaileak ekainaren 7an, termometroek 50 graduko markara iristeko oso gutxi falta zutela.

Eguzkia sutan zegoen egun hartan eta emakumea New Delhi Indiako hiriburuko erdigunean usoentzako janaria saltzeko ahaleginetan ari zen. Herritar batzuek erosi egiten diote bere produktua, ondoko biribilgunean dauden hegaztiek nola jaten duten ikusteko.

Trukean, saltzaileak errupia batzuk jasotzen ditu, ur fresko limoiduna erosteko adina. «Limoia duen ura edaten dugu, eta glukosa eta ur hotza ditugu. Horrela ateratzen gara bizirik», esan zuen aterki handi baten azpian zegoela.

Saltzaileak ordu asko egiten ditu kalean lanean, baina hiriburuko agintariek ez diote onartzen leku berean denbora asko egitea.

Beroaldiek herritar guztien bizimodua aldatzen dute, baina ez neurri berean. Ohituta dauden herrialdeetan neurri egokiak hartzen dituzte beroari aurre egiteko, agintariek zein herritarrek. Baina ohiturarik ez duten lekuetan oso tragikoak izan daitezke beroaldiak: 2003an Europako termometroak ikaragarri igo zirenean, 70.000 hildako izan ziren kontinentean. Espezialistek iragarri dute tankerako fenomenoak askoz ere larriagoak izango direla eta maiztasun handiagoarekin gertatuko direla 2040ko hamarkadatik aurrera. Eta horrek sekulako presioa eragingo die energia, garraio eta osasun sistemei.

Indiako kasuari dagokionez, etxe bat, itzala eta haizagailuak lanean jartzeko elektrizitatea dutenek errazago pasatzen dituzte egunak baliabide horiek ez dituztenek baino. Itzala dagoen edozein puntutan, metroaren sarreran esaterako, kartoi puska bat hartuta diru eske egoten dira herritar pobreenak. Iluntzen duenean ere egoera ez zaie hobetzen. «Gauean ere bero handiegia egiten du. Non egingo dugu lo?», galdetu du Ajay Singhek. Adituek diote beroari aurre egiteko garrantzitsuena ondo hidratatuta egotea dela, baina horretarako ere arazoak dituzte indiar askok.

Nekazariak ere larri

«Egoera honek mundu osoan du eragina, baina pobreenek gehiago sufritzen dute, ura ere falta zaielako», adierazi du Sunil Dahiya Indiako Greenpeace erakundeko ordezkariak. Eta pobreenen artean, nekazari askok dute egoerarik negargarriena: beste guztiek bezala beroa sufritzeaz gain, uholdeek eta muturreko beste fenomeno meteorologiko batzuek ere kalte handienak beraiei eragiten dizkiete.

Zientzia eta Ingurumen Zentroak egindako ikerketa baten arabera, Indian ezagutzen eta sufritzen ari diren muturreko tenperaturen eragilea «klima aldaketa» da, hedabide batzuetan «krisi klimatiko» esaten dioguna, alegia. Iaz, Indiak dituen 29 estatuetatik 11k muturreko gertaera meteorologikoak izan zituzten: 1.425 hildako. Azken 17 urteotako batez bestekora (urtean 2.169 hildako) ez ziren iritsi.

Muturreko fenomeno batek eragiten duen hildako kopurua fenomenoaren beraren larritasunaren eta osasun sistemaren egoeraren araberakoa izaten da. Adituek Indiak 2016an jasan zuen beroaldia gogorarazten dute, bertako erietxeek urte hartan aurrekoetan izan zuten paziente kopurua bikoiztu egin baitzuten.

Gradu erdia besterik ez

Zientzia eta Ingurumen Zentroak Munduko Bankuak emandako makina bat datu gogorarazi ditu: klima-larrialdiaren eraginez, 2050. urtean Indiako 600 milioi herritarrek nahikoa ur ez izatearen ondorioak jasan beharko dituzte. Zenbaki horiek ekonomiara pasatuta, Indiak bere barne produktu gordinaren %2,8 galduko du hemendik 31 urtera, adituak oso oker ez badabiltza bederen.

“Science Advances” aldizkariak 2017an argitara emandako ikerketa baten arabera, Asiako herrialde handian 1960az geroztik tenperatura 0,5 gradu baino ez da igo.

Hala ere, ehundik gora hildako eragiten dituzten beroaldiak izateko aukera ia hirukoiztu egin da azken hamarkadotan.

Adibidez, mendebaldean dagoen Ahmedabad hirian bero-bolada batek 1.300 pertsonaren heriotza eragin zuen 2010ean; 2015ean arrazoi berarengatik 2.500 herritar hil ziren herrialde osoan.

Indian 1956az geroztik izan dituzten beroaldien sailkapen bat egina dute ingelesezko Wikipedia entziklopedian. Agian, koadroa ez da zientifiko deitzeko modukoa, baina esanguratsua dela ezin ukatu. Zazpi beroaldi ageri dira: lehenengoa 1956koa, bigarrena eta hirugarrena 1990eko hamarkadakoak dira –1995 eta 1998–, beste bat 2000ko hamarkadakoa –2002–, eta azken hirurak hamarkada honetakoak –2015, 2016 eta 2019–. Hamarkadatik hamarkadara gero eta kasu gehiago izan dira beroaldien sailkapen horretan.

«Beroaldi batean hiltzea su txikian kozinatua izatea bezalakoa da –esplikatu zuen Camilo Mora Hawaiiko ikerlari talde bateko eledunak orain urte batzuk–. Tortura hutsa da. Txikiak eta zaharrak dira ahulenak, zaurgarrienak, baina konturatu gara beroak edonor hil dezakeela, gazteak, soldaduak, atletak...»

Aire girotua kalea berotzen

Fenomenoa larriagoa da hirietan herri txikietan baino, asfaltoak, adreiluek, hormigoiak eta teilatu ilunek beroarekin esponja funtzioa egiten baitute egunez, eta gauean beroa igortzen dute. Etxean aire girotua duten herritarrak salbatuta daudela dirudi, baina gailu horiek eragiten dute kaleak are gehiago berotzea. Gainera, herritar askok aire girotua aldi berean jarrita edukiz gero, itzalaldiak izateko arriskua izugarri hazten da, kasu askotan gertatu izan den moduan, Kaliforniako San Bernardino konderrian 2018an, adibidez.

 

Ura «urre urdina» bihurtu zaie chennai hirian

Chennai hirian ura «urre urdina» bihurtu zaie eta likidoa lortu nahian putzuen inguruan elkartzen diren herritarren artean borrokak ere sortzen dira. Tamil Nadu Indiako hegoaldeko estatuko hiriburuak hamar milioi biztanle inguru ditu eta gehienak muturreko lehorte baten biktima dira. Plastikozko ontziak erabiltzen dituzte ura putzutik ateratzeko. Txirrika hotsak, zipriztinak, presa. Azken urte eta erdian ia ez du euririk egin eta badirudi lehorteak ez duela amaitzeko asmorik.

Tamil Nadu estatua aberatsa da herrialdeko beste batzuekin alderatuta, baina lehorteak eta beroaldiek erabat aldatzen dute egoera. Normalean, hiriak 830 milioi litro ur kontsumitzen ditu egunean, baina azken asteotan erabiltzeko moduko ura ez da kopuru horren %60ra iristen. Deposituak agortuta daude eta geruza freatikoa bera ere behera doa.

«Gauean ez dugu lo hartzea lortzen, putzuko ura agortuko zaigun beldurrez», azaldu dio France Presse agentziari Srinivasan V. 39 urteko elektrikariak. Egunsentian iritsi zen putzura, bere familiak har dezakeen ura hartzera. Kolore ezberdinetako plastikozko ontziak hogei metroko sakonerara iristen dira nazioarteko aireportutik gertu dagoen putzuan.

Gauzak nola dauden ikusita, agintariek mugak ezarri eta kandaduak jarri zituzten putzuan eta bertatik ura ateratzeko baimena duten 70 familiek egunean 75 litro atera ditzakete: 25 litroko hiruna ontzi. Kopuru hori ez da nahikoa izaten eta herritar askok beste iturri batzuk lortzeko ahaleginak egiten dituzte, enpresa pribatuek eskaintzen duten ura erostea baztertu gabe. Ura ateratzen hasi baino lehen, zozketa egiten dute zein familiak hasi behar duen erabakitzeko: zorte ona dutenek, ur garbia eramango dute; azken familiek, marroi kolorekoa.

Srinivasan elektrikariak egunean bost ordu egiten ditu ura lortzeko ahaleginetan. Azken asteotan 25en bat euro gastatzen ditu ura erosteko edo zisterna-kamioi pribatuaren bisita ordaintzeko. Sekulako dirutza da, hilean 190 euro kobratzen dituen pertsonarentzat. «Mailegu batzuk ordaindu behar ditut, baina epe horiei aurre egin ezinik nabil», azaldu du bere etxeko ekonomia erabat suntsituta ikusten duen langileak.

Hiri osoak egoera berrira egokitu beste erremediorik ez du izan. Jatetxeek bananondo hosto tradizionaletan eskaintzen dute janaria, ontziteria garbitzen urik ez gastatzeko. Herritar asko gauez jaikitzen dira kanila irekitzera, ontziak tantaz tanta bete daitezen. Egunsentian, ura ezer ordaindu gabe banatzen duten ur-ponpen inguruan elkartzen dira herritar pobreenak, etxera zerbait eramateko itxaropenarekin. Giroa bero-bero dago eta askotan sortzen dira liskarrak. Tamil Naduko beste hiri batean, familia batek ur gehiegi hartzen ari zirela salatu zuen ekintzaile bat hil zuen sekulako jipoia emanda.

Chennaik inguruetan dauden lau lakuetatik ateratzen du ura. Baina azken bolada honetan aintzirak basamortu bihurtuta daude. Lakuetako arrainak ere usteltzen ari dira, ura falta zaielako. Prezipitaziorik ez izateak larriagotu du aurtengo egoera, baina adituek diote krisia gaiztotu duela euria egiten duenean nahikoa ez jasotzeak. Izan ere, India gero eta urbanoagoa da eta ur beharrak ikaragarri egin du gora. Garai bateko erremedioek gaur egun ia ez dute ezer konpontzen.

Pradeep John blogariak sekulako arrakasta dauka Tamil Nadun bere eguraldi-iragarpenengatik. Bere ustez, «5.000-10.000 errupia (60-120 euro) zisterna pribatu bat ekartzeko ordaindu beharrean, herritarrek diru hori euria egiten duenean ura jasotzeko sistema bat abian jartzeko gastatu beharko lukete, eta orduan independente izango lirateke». Itxaropenez betetako mezu horrek iragarpen negargarrienei egin behar die aurre: meteorologoen arabera, urrian iritsiko omen diren montzoien zain egon beharko dute.

«Egoera honek mundu osoan du eragina, baina pobreenek gehiago sufritzen dute, ura ere falta zaielako», adierazi du Sunil Dahiya Indiako Greenpeace erakundeko ordezkariak

Beroaldiak jasaten dituzten hirien kopurua hirukoiztu egingo da: egun munduko 354 hirik izaten dituzte 35 gradutik gorako tenperaturak udan, eta hemendik 31 urtera 970 izango dira

Ohiturarik ez duten lekuetan oso tragikoak izan daitezke beroaldiak: 2003an Europako termometroak ikaragarri igo zirenean, 70.000 hildako izan ziren kontinentean

«Science Advances» aldizkariak 2017an argitara emandako ikerketa baten arabera, Asiako herrialde handian 1960az geroztik tenperatura 0,5 gradu baino ez da igo