Ander Gortazar Balerdi - @andergortazar
Arkitektoa

Hiri eraztunak

Auzoko kontsumo taldean eman dut izena. Kostatu zitzaidan erabakia hartzea, ez naizelako sekula izan bereziki barazkizalea tentagarriegiak dira alternatibak supermerkatuan, azkenean azelgak, lekak eta azalorea aukeratzeko. Akuilu bat behar nuen nik, igerilekura salto egiteko duda-mudatan dagoen haurrak bultzadatxoa behar duen modu berean, plasta.

Baserria auzoaren goialdean dago, batek daki zergatik urbanizatu gabe gelditu den txoko batean. Maldan behera trenbidea, alboan 90eko hamarkada hasieran eraikitako auzoa eta, apur bat aurrerago, parke periurbano handi xamar bat, merkataritza gune erraldoia, 2x2 errepidea eta industrialdea. O, Euzkadi. Hiria non amaitzen den zaila da esaten.

Historikoki, «eraztun berdea» deitu izan zaie hiriguneen inguruan sustatu diren eremu urbanizaezinei. Naturagune babestuek eta parkeek osatzen dituzte normalean, eta hirien kontentzio-lana egiten laguntzen dute. Gasteizkoa da, seguruenik, gure artean ezagunena, 33 km luzeko arnasgune zirkularra. Mende laurdena bete berri du eta euria gogotik egin du ordutik. Hasiera batean eraztun berdeen helburuak ziren hiriari muga jartzea, hiritarrei natura irisgarri egitea eta bertako espezieen habitata bermatzea, baina denborarekin laugarren bat ari dira etengabe azpimarratzen adituak: elikadura burujabetza.

Energia burujabetzarekin obsesionatua bizi den herri honetan apenas aipatzen da elikadura burujabetza. Labur, elikadura sistema (ekoizpena, banaketa, kontsumoa) birtokiratzea helburu duen kontzeptua da, lurraldea ahalik eta autosufizienteena izan dadin elikagaien ekoizpenari dagokionez. Energiarekin bezala, alegia, baina janariarekin. Elikadura burujabetzak, gainera, beste hainbat arlotan luke eragina: osasuna, lana, paisaia, kutsadura, harreman sozialak, eta abar.

Izenak ematen du izana eta «eraztun agroekologikoa» esaten diote aditu batzuek (Mikel Valero, Iker Eizagirre eta Carlos Renedori irakurri diet hitza Aldiri aldizkarian idatzi duten artikuluan) eraztun berdearen eboluzio honi. Asmo bat, hainbat lubaki. Alde batetik, goitik beherakoak, plangintza tresnak eta legedia moldaketak; bestetik, behetik gorakoak, tokiko ekimenak eta norberaren ohitura aldaketa. Azken honekin hasi naiz ni, kalekume honen ignorantziaren frogak utziz bidean. Otarraren bila joan nintzen aurrekoan: tipulak, letxugak, ilarrak, lekak, dena ok, salbu eta ezagutzen ez nituen zera batzuk, azelga modukoak baina iletxoekin –zeharo desatseginak lehen begi kolpean, aitortuko dut–. Whatsapp bidez idatzi nion Joxerrari, ea zer zen hura; borrajak, antza. Harri batez bi kolpe: borraja, porru eta patata krema egiten hasi naiz eta, hori gutxi ez, eta orain badakit nondik datorren gaztelaniazko «quedarse en agua de borrajas» esaera. Ezin gehiago eskatu. •