2019/07/20

Erreportajea
Palestina
Basket Beats Borders, baloia lagun bestela pasa ezin dituzten mugak urratzen

Uztailean Basket Beats Borders ekimeneko gazteak Euskal Herrian ibili dira. Proiektuak Beiruteko errefuxiatuen kanpamendu batean du sorburua eta jatorri ezberdinetako neskak biltzen ditu saskibaloiaren inguruan, bizi duten bortizkeria testuinguruan elkarbizitza eta aisialdi alternatiba bat eskaintzeko.

Koldo Sagasti
0720_beats3
Arrate REMON

Uztaileko lehenengo asteetan Basket Beats Borders ekimeneko gazteak Euskal Herriko hainbat txokotan bisitan ibili dira. Proiektu horrek Beirut Libanoko hiriburuko Shatila errefuxiatu kanpamenduan du sorburua eta jatorri ezberdinetako neskak biltzen ditu saskibaloiaren inguruan, bizi duten bortizkeria testuinguruan elkarbizitza eta aisialdi alternatiba bat eskaintzeko. Azken egunotan, gurean egindako hamaika erakustalditan, euren kirol jardunaz gain, emakume errefuxiatu gazteen errealitatea ere ikusarazi dute.

Shatila, Sabrarekin batera, iltzatuta dago gure oroimen historiko kolektiboan, 1982an Beiruteko mendebaldeko errefuxiatuen kanpaleku horietan Falange Libaniar Kristauak eta Israelgo Armada sionistak egin zuten sarraski ankerrarengatik. Irailaren 16a zen eta, Ariel Sharon komandante israeldarrak gidatutako operazioan, Libanoko milizia kristau-falangistak milaka erbesteratu palestinarren bizitokian sartu ziren PAE Palestina Askatzeko Erakundearen ekintzaile talde bat atzemateko aitzakiarekin. Hogeita hamar orduz, labanez, pistolez eta aizkorez armatutako erasotzaileek, Armada sionistaren sostengu militarrarekin, triskantza odoltsua gauzatu zuten kanpamenduko biztanle zibil babesgabeen kontra.

Sarraskien itzalean hazi

Milaka errefuxiatu palestinar –gehienak emakumeak, haurrak eta edadetuak– erail, bortxatu, torturatu eta mutilatu zituzten, tropa sionistek sarraskiaren agertokia argiztatzen zuten bitartean. Iturri ezberdinek kopuru kontrajarriak eman bazituzten ere, Gurutze Gorriak kalkulatu zuen oldarraldian 3.000 pertsona inguru erail zituztela. Etxeko animaliak ere ez ziren libratu falangisten odol egarritik. Hainbesterainokoa izan zen masakreak nazioarteko iritzi publikoan sumina eragin zuen eta Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak «genozidio» deitu zion errefuxiatu palestinarren hilketa ikaragarri hari.

Egungo Shatilako gazteek 1982ko sarraski hura zuzenean bizi ez bazuten ere, pasarte historiko odoltsu hark baldintzatutako gizartean hazitakoak dira. Halaxe azaldu dio GAUR8ri Oihana Alberdi Elorriaga ekintzaileak, Basket Beats Borders ekimena Euskal Herrira ekartzeko arduradunak. Ekintzaile bizkaitarra 2015ean iritsi zen Beiruteko errefuxiatuen kanpalekura irratigintza proiektu baten eskutik eta bertan ezagutu zuen Palestine Youth izeneko kirol kluba. Alberdiren hasierako asmoa errefuxiatuen ahotsa zabalduko zuen irrati proiektua eratzea zen, baina kirol ekimenak hunkituta, gurera ekartzeko eta ikustarazteko lanetan sartu zen buru belarri, eta horrelaxe sortu zuen, beste ekintzaile italiar talde batekin elkarlanean, Basket Beats Borders egitasmoa.

Siriako iheslariak

Hasiera batean Italiara eraman zuten biran ekimena, eta, azkenik, buruhauste askoren ondoren, Euskal Herrira ekartzea ere lortu dute. Alberdik azaldu du Shatila Nazio Batuek 1948an erbesteratutako errefuxiatu palestinarrentzat behin-behinean egokitutako kanpamendu guztien tankerakoa dela. Kilometro koadro bateko azalera dauka eta bertan 28.000 lagun inguru bizi dira. Azken 71 urteotan esparruko populazioak gorantz egin duen heinean, eraikuntzak ere gorantz hazi dira.

Gaur egun azpiegiturak eskasak eta urriak dira biztanle kopuru horren gutxieneko beharrak asetzeko eta, ondorioz, bizi baldintzak latzak dira. Egoera, gainera, kaskartu egin da azken urteotan, Siriako gatazka armatutik ihes egindako errefuxiatu gehiago iritsi direlako bertara eta eurentzako hala moduzko etxebizitzak eraiki behar izan dituztelako.

Gainpopulazioaren ondorioz, etxadien arteko esparrua gero eta murritzagoa da eta testuinguru horretan nekez topatu daiteke aisialdirako edota kirol jarduerarako tokirik, are gutxiago saskibaloian ganoraz aritzeko lekurik.

Kirola, alternatiba

Bestalde, egoera ekonomiko latz horretan, mutilek bereziki, oso gaztetik uzten dituzte alde batera ikasketak, familia aurrera ateratzeko moduko lan bat aurkituko dutelakoan. Baina ezinean aritzen dira. Libanon bizi diren erbesteratu palestinarren estatus legala berezia da: ez zaizkie onartzen herritartasun eskubide beteak eta, besteak beste, zenbait unibertsitate ikasketetan edota lanbidetan aritzea galarazita daukate. Hortaz, langabezia tasa oso altua da errefuxiatuen artean. Gauzak horrela, kirol jarduera ez da Shatilako gazteen lehentasunetako bat.

Nolanahi ere, 2017an Basket Beats Borders ekimena sortu zuten, errefuxiatu eremuko neska-mutilei aisialdiko alternatiba bat eskaintzeko. Alberdiren nabarmendu bezala, familia askok ahalegin berezia egin dute seme-alabei aukera hori eskaintzeko, elkartzeko aukera emateko. Ez da erraza, kanpalekuan ez dagoelako kirolean aritzeko azpiegiturarik, eta kanpora atera behar izaten dute: kantxak alokatu, neguan aire zabalean entrenatu...

Ia ezin mugitu

Hala eta guztiz ere, saskibaloia indargune bat izan da gazte horientzat, aukera eman baitie egunerokotasun bortitzetik aldentzeko, eta esparru hori jatorri ezberdinetako neska-mutilen artean elkarbanatzeko. Izan ere, Shatilako taldean mutil zein neskak aritzen dira: errefuxiatu palestinarrak batzuk, Siriatik azken urteotan etorritako iheslariak besteak, eta Beirut inguruko auzuneetako gazte libanoarrak azkenik.

Majdi Majzoud taldeko entrenatzailea da Shatilatik etorri den kideetako bat. Azaldu du proiektuaren hastapenak ez zirela errazak izan, errefuxiatuek, euren egoera legala dela-eta, ez daukatelako mugen gainetik mugitzeko erraztasun handirik, eta nekez lortzen dituztelako bidaiatzeko baimenak.

Ezinbestekoa izan da Oihana Alberdiren eta egitasmoa Italiara eramateaz arduratu diren ekintzaileen laguntza administratiboa, sekulako buruhausteak eragin baitituzte hamazazpi errefuxiatuen taldea Libanotik atera eta Euskal Herrira ekartzeko gainditu behar izan dituzten traba legalek. Majzoud beraren familia Akkakoa da, egungo Israelgo kostaldeko iparraldekoa, eta 1948an bortxaz bota zituzten euren jaioterritik. Haren aitak hamar urte zituen Libanoko hegoaldeko errefuxiatuen kanpalekuetara ihes egin behar izan zuenean.

Eskolatik etxera

Hantxe jaio zen entrenatzailea, eta berak ere hamar urte zituen Sabra eta Shatilako sarraskien lekuko izan zenean. Orduan, Majzoudek kontatu digunez, triskantza gertatu zen leku zehatzetik bostehun metro eskasetara bizi ziren, eta bere begiekin ikusi zituen Israelgo Armadako tankeak eta helikopteroak, eta nola jaurtitzen zituzten bengalak eremua argiztatzeko, milizia falangistek euren ekintza odoltsua burutu zezaten.

Dena den, Majzoudek ohartarazi du bere kasua ez dela berezia, errefuxiatu guztiek dituztela saminezko familia-istorio lazgarriak, baita saskibaloi taldeko jokalariek ere.

Neska horietako askorentzat errefuxiatuen eremutik kanpo bidaiatu duten lehenbiziko aldia izan da. Afaf jokalari palestinarrak kontatu du lehen eskolatik etxerako bidea besterik ez zuela egiten; orain, aldiz, saskibaloiak ahalbidetu dio edonora bidaiatu ahal izatea eta jende berria ezagutzea. Rawan jokalariak aitortu du kanpamendutik atera den lehenbiziko aldia izan dela.

Hamabost eguneko egitarau oparoa esperientzia aberasgarria izan da, dudarik gabe, euren errefuxiatu kondizioa tarteko mugak nekez zeharkatu ditzaketen neska horientzat. Baina ekimenak bestelako mugak urratzeko ere balio izan du, aurreiritzien mugak hain zuzen ere. Euskal Herrian zehar egindako bidaiarekin, saskibaloi erakusketa egiteaz gain, emakume gazte errefuxiatuen errealitatea ere ikusarazi nahi izan dute. Halaxe azaldu du Oihana Alberdi antolatzaileak. Haren esanetan Basket Beats Borders ekimenak indargune bat eman die gazte errefuxiatuei, batez ere neskei, ahalduntzeko. Neska horiek sekulako indarra daukate eta hori Euskal Herrian ezagutarazi nahi zuen, emakume arabiarren inguruan ditugun estereotipo eta aurreiritziak desmuntatzeko.

Rastadun euskalduna

Baina, bestalde, ekintzaile bizkaitarrak aitortu du bestelako muga kulturalak ere urratu behar izan dituela egitasmo hau aurrera ateratzeko. Izan ere, Shatilara iritsi berritan Alberdi bera pertsona guztiz arrotz eta deigarria zen bertakoentzat, emakume mendebaldarra izateagatik eta, batez ere, bere itxurarengatik –1,80 metroko altuerako neska puska da, gerrirainoko koloretako rastak dituena, oinetatik leporainoko tatuajeak, piercingak aurpegian, ahots urratua...–. Berriztarrak kontatu du hasiera batean, bere burua aurkezterako orduan, muga estetiko eta kultural horiek ere gainditu behar izan zituela hangoen konfiantza bereganatzeko, baina mugak bi norabidetakoak izan daitezkeela; eta mugak, hain zuzen ere, urratzeko daudela.

Burokrazia eta dirua

Shatilako familien konfiantza irabazita eta proiektua sinestarazita, ordea, bestelako mugak aurkeztu zitzaizkion Alberdiri. Betetik, ekonomikoak, modu autogestionatuan garatu baitu ekimena, eta tamaina horretako erronka bati heltzeko neurri bereko diru bilketa egin behar izan baitu: besteak beste, kontzertuak, elkartasun afariak edota material salmentak antolatuz.

Bestetik, muga burokratikoak, taldekideentzako gonbidapen ofizialak lortu behar izan zituztelako, logistikaren justifikazioa, eta bestelako betebehar legalak, areagotu egiten direnak bidaiariek errefuxiatu estatusa daukatenean; eta izapide horiek guztiak egitura legala duten erakundeen bitartez egin behar dira. Nolanahi ere, hilabete askotako lan eskergaren ostean, eta lagun askoren babesarekin, azkenik lortu du muga horien guztien gainetik elkartasun ekimena Euskal Herrira ekartzea.

Majzoudek adierazi du esperientzia oso aberasgarria izan dela neskentzat eta berarentzat arlo pertsonalean, sekula bizi gabeko esperientziez gozatu ahal izan dutelako.

Baina, era berean, baliagarria ere izan dela nabarmendu nahi izan du. Izan ere, elkartasuna partekatzeko aukera ere izan dute. Euskal herritarren harrera abegikorra jaso duten neurri berean, bertako errealitatearen berri ere izan dute; Altsasuko gazteen kartzelatzearen aurkako protestaldian parte hartu zutenean, Errekaleor auzo askean egin zuten egonaldian, edota euskal selekzioaren errekonozimendua jaso zutenean, kasu; eta hori guztia ere Libanora bueltan eramango dute.

Esker oneko hitzak

Esker oneko hitzak izan ditu, bereziki, Tel Aviveko Maccabi saskibaloi talde israeldarraren aurkako boikot kanpaina bultzatzen duten ekintzaileentzat, ekimenak sionismoaren ilogikotasunaren erroetara jotzen du-eta. Ez baita inolaz ere logikoa apartheid erregimen baten kirol enbaxadoreek normaltasun osoz parte hartzea Europako lehiaketetan, eta bertako erakunde eta hedabideen onespena izatea, kirolari palestinarrek askatasunez mugitzeko hainbeste traba dituzten bitartean.

Itxaropentsu esaten du Majzoudek ekimen honek jarraipena izan dezakeela etorkizunean; saskibaloia tresna bat izan dadin herrien arteko elkartasun sareak josten jarraitzeko, pairatzen duten apartheid egoeraren ilogikotasuna azalarazteko, eta bereziki, emakume errefuxiatuen indarra ikustarazteko.

 

Unerik hunkigarriena, Altsasun

Euskal Herrian batetik bestera ibili diren bi asteetan gazteek hamaika txoko bisitatu dituzte bertako taldeekin batera saskibaloi erakustaldiak egiteko. Guardia, Bergara, Arrasate, Bera, Mutriku eta Donostia bisitatu dituzte, eta bestelako jardueretarako tartea ere izan dute: Berrizen egun osoko jardunaldi internazionalista antolatu zieten; Orion, traineruan arraunean ibili ziren arabiarrak; Gasteizko Errekaleor auzo askean argazkilaritza, antzerki, horma-irudigintza edota clown tailerrak egin zituzten; Gasteizen, halaber, Araski saskibaloi taldekoekin entrenamendu saioa egin zuten, eta Adurtza auzoko jaietan saskibaloi erakustaldia; Laidako hondartza zein Gaztelugatxerako bisitez ere gozatu zuten; Bilbon Unamuno klubaren eta Bizkaiko zein Euskal Herriko federakundeen errekonozimendua jaso zuten.

Bidaiako momentu hunkigarrienetako bat Altsasun bizi izan zuten, bertan herriko gazte errepresaliatuen senitartekoen elkarretaratzean parte hartu eta elkarri elkartasun keinuak adierazteko parada izan baitzuten.

Egungo Shatilako gazteek 1982ko sarraskia zuzenean bizi ez bazuten ere, pasarte historiko odoltsu hark baldintzatutako gizarte batean hazitakoak dira

Azken egunotan Euskal Herrian egindako erakustaldietan, euren kirol jardunaz gain, emakume errefuxiatu gazteen errealitatea ere ikusarazi dute

Familia askok ahalegin berezia egin dute seme-alabei saskibaloian jokatzeko aukera emateko. Kanpalekuan kirolean aritzeko tokirik ez dagoenez, kanpora atera behar dute

Afaf palestinarrak kontatu du lehen eskolatik etxerako bidea besterik ez zuela egiten; orain, aldiz, saskibaloiak ahalbidetu dio edonora bidaiatu ahal izatea eta jende berria ezagutzea