Ramon Sola

Sanferminetako ajean, zenbait burutazio trakets

Surrealismoak goitik behera bustitako jaiak dira sanferminak. Aje ederra uzten dute, baina burutazio eta ondorio ugari ere bai. Finean, errealitatea ulertzeko beste modu bat besterik ez omen da surrealismoa.

Alkate-ohia, airean jauzika: Bolo-bolo ibili da bideoa. Parrandazale batzuek Joseba Asiron kalean topatu eta gogoz manteatu zuten, txarangak “Volveremos” (Itzuliko gara) jotzen zuen bitartean. Txantxetan hartu zuen berak, baten bati balentriak ondorio fisikoak utziko zizkiola esanez, baina serio hartu beharrekoa da pasartea, beste inon ez baita ikusiko alkate ohi bati horrelako omenaldi herrikoi jatorrik. Ondarea da Asiron, baina ez ondare historikoa, etorkizunerakoa baizik. Zain dezagun (manteatzean ere bai!).

«A mordiscos y a patadas»: Ikurrina udaletxean ager ez zedin indarkeriari heldu zioten agintariek, baina, minutu gutxian, askoren begietara erasotakoak erasotzaile gisa azaltzea lortu zuten. Surrealista izan zen gezurrari oihartzun berezia emateko «a mordiscos y a patadas», Cicatriz taldearen hitzak erabili zituela Fermin Javier Alonsok, Navarra Suma koalizioko zinegotzi gazteak. Fatxak dira oso, baina, batzuen kasuan behintzat, tontoak batere ez.

Poliziak zaldiz, baina ez kargatzeko: Frankismo gordinekoa dirudien irudia izan da poliziakide zaldunena, baina kontuz interpretazio okerrekin. Ez dira horrela jantzi Txilen bezala kargatzeko, ez eta 1978ko mamuak berpizteko, familia selfie ugaritan agertzeko baizik. Berdina egin dute “Juan Sebastian Elcano” Armadaren eskolako itsasontziarekin Getarian edo martxoan “Juan Carlos I” gerra-ontziarekin Getxon. Garai batean ikaratzekoa zena jendea liluratzeko egiten dute egun, erakartzeko, beren seduzitzeko modua baita.

San Fermin gehiegi ikusten denean: Oraindik NO-DOkoagoa da balkoi ugaritan ikusitako San Fermin santuaren irudia. Katolizismoa sasoiko ez dabilela jakinda, segur aski egun ez daude lehen baino estampita gehiago, baina, bestelako ikur eta aldarrikapenen faltan, errazago ikusten dira. Altsasuko gazteen aldeko kanpaina indartsua salbu, hor nonbait galdu dira bidean pegatina, kartel, elastiko eta lelo irudimentsuak.

Errekoleten plazako mojak dira Erregimena: PSNren mugimenduen harira, egun Erregimena zertan den hausnartzen ari ginela, Errekoleten plazan argitu ziguten: bertako komentuko bederatzi mojak herri jaigunetik pasa diren milaka eta milaka gazteen gainetik dira eskubide mailan. Eskerrik asko gogoratzeagatik!

Kalejira hutsa baino askoz gehiago: “Multikulturismoa” hitz polita baino askoz gehiago dela frogatu zen azken eguneko kalejiran. Integrazio lan handia antzeman dut ekimen horren antzean: beren onena eman diote jaiari 62 komunitate eta elkartek. Ondoan nuen emakumeak, ordea, hauxe esan zien bere kuadrillakoei, gazteleraz: «Goazen hemendik, honek ez du-eta sanferminekin zerikusirik». Udal agintetik kanpo ere, bada zertan lan egin, norekin eta noren aurrean.

«UPN kanpora!» lelotik haratago: Sanferminetako surrealismoa zezen plazako binomioan adierazten da beste inon baino hobe: Iruñea koloretsua eta zuri-beltzezkoa, euskalduna eta erdalduna, Aldaketa eta Erregimena aurrez aurre erromatarren zirku borobil itogarrian. Eguzkipekoek “UPN kanpora!” oihukatuz agurtu zituzten itzalpekoak; txistuka baina irribarrez itzalpekoek eguzkipekoak. Eta iruditu zitzaidan Asironen bideoaren “Itzuliko gara” harekin asaldatuago zeudela. •