Itzea Urkizu Arsuaga

«Snorkel»

Uretatik irten eta eguzkitan lehortu. Ba al da sentsazio hoberik? Mediterraneoko hondartza batean nago, etxe eta ontzi zuriek inguratzen naute, eta iritzi zutabe hau josteko ideiak biltzeari ekin behar diodala erabaki dut.

Aldamenean haur bat, bainujantzia nola-hala atondu nahian; ur ertzean bikote bat musuka; eta, atzerago, neskato bat leiho erraldoi diruditen snorkel egiteko antiojoak jantzita. Ezinbestean, pentsatu dut snorkel egitearena izan litekeela testuari –eta nire oporrei– heltzeko metafora bat; asteko zein egun den ez dakizunean exijitu daitekeen metaforen mailan, noski. Depilazioaren, gorputz idealen eta norbere borroka politikoaren arteko talkaren motxilarekin batera, hori ere izaten baita uda: burua izatea denbora existitzen ez den mundu paralelo batean, baina hodi bat izatea, beti, errutinaren kea etengabe arnasteko.

Eta horrela, snorkel eginez, ozpindu naiz New Yorkeko zine zuzendariari gipuzkoarron hiriburuan miazkatu dioten alfonbra gorriarekin. Eta hiri horretako ordezkari politikoek aste berean aurkeztu duten kanpainarekin: indarkeria matxistaren aurkakoa omen den baina indarkeria linguistikoa betikotzen duenarekin. Petraldu naiz, aktore-kazetari eztabaidatik, feminismo ona eta txarra hizpidera eraman zituen protagonistetako batek zine zuzendari hori publikoki txalotu duelako. Bai, bere alabaordea bortxatzen zuen hori bera. Eta Manresa, eta enegarren “Manada”, eta Iruñea, eta udarik ez duen patriarkatu hilkorra.

Banoa segituan hondartza ertzeko dendara, snorkel egiteko betaurreko batzuen bila. Gure plastiko eta hondakinek uzten badidate behintzat, arnasari eutsiko diot segundo batzuez, denbora existitzen ez den urpeko mundu horretan. •