2019/07/27

Erreportajea
AHAZTUTAKO GERRA
Donbasseko biztanleek sufritzen segitzen dute, gerra albistegietan agertu ez arren

Oraindik sufrimendu latza eragiten duen Donbasseko gerra ahaztuta geratu da komunikabide handietan. Biztanleek dagoeneko ez dute espero infernutik ateratzeko kanpoko laguntzarik bizitza itzaltzen ari den lurraldean. Errusiara alde egin nahi dute askok. Gaur egun, duten erronka nagusia bizi baldintzak hobetzea da.

Ignacio Ortega (Efe)
G8_donbas1

Bonbardaketak, minaz jositako eremuak eta gorrotoa, gorroto izugarria eguneroko ogia dira Donbassen. Anaiarteko gerren osagai guzti-guztiak ditu Donbasseko gatazkak, baina munduak beste alde batera begiratzen du. Hidrokarburorik tartean ez denez, Ukrainiako ekialdeko borrokak auzokideen arteko ika-mikak bailiran hartzen dira.

Gero eta gutxiago dira milioika lagunen sufrimendua argira ateratzen duten mendebaldeko politikariak. Dena –senideak, jabegoak, herria, askatasuna...– galdu duten horien errealitatea. 2015eko otsailean sinatu ziren Minskeko bake-akordioak, baina ez alde batek ez besteak ez dute hitzartutakoa bete. Ondorioa, NBEren arabera, 10.000 hildako baino gehiago: Ukrainiako Armadako soldaduak, Errusiaren aldeko milizianoak eta, gatazka guztietan gertatzen den bezala, baita zibilak ere.

Donbassen gertatzen denaren gaineko informazio itzalaldia gero eta handiagoa da. Beste gai batzuez kezkatuago dago nazioarteko iritzi publikoa. Bitartean, izugarrikeriak eguneroko gordin bihurtu dira ukrainarrentzat. Ez hori bakarrik, hasi dira ulertzen sartu diren infernutik beraien baliabideekin bakarrik atera beharko direla.

Donbass, Donets ibaiko arrotik izena hartzen duen lurraldea, harrikatz meategiei esker bilakatu zen mundu osoan ezagun. Donetsk eta Luhansk eskualdeak hartzen ditu baitan, biak ere Errusiako mugan. Gerrak bitan banatu ditu bi eskualdeok. Uneotan, Errusiaren aldekoek daukate kontrolpean lurraldearen erdia, eta, beste erdia, Ukrainiako Armadaren esku dago. 2015eko otsaileko Minskeko bake-akordioek gerra frontea egonkortu eta bi bandoen indarren arteko banaketa lerroa finkatu zuten. Orduan gelditu zen maila handiko gerra, baina gatazkak eta liskarrak etengabekoak dira.

Matxinadaren bihotza

«Eskerrik asko gurekin oroitzeagatik», oihukatu du Slovianskeko komisariako atean dauden polizietako batek. Donetskeko hirian, 2014ko apirilaren 12an hasi zen Errusiaren aldeko matxinada.

Donbasseko biztanleen iritziz, munduak ahaztu egin ditu eta gerra gatazka izoztu bihurtzearen beldur dira: ez garailerik ez garaiturik gabeko amaierarik gabeko gatazka.

Igor Strelkov ofizial errusiar erretiratuak ez zuen oharkabean aukeratu Sloviansk operazio-gune gisa. «Herritarren babes osoa dugu. Slovianskeko biztanleen %90ek Errusiarekin bat egin nahi zuten eta, gainera, denek errusieraz egiten dute, ez ukraineraz», azaldu dio Eferi. Sloviansk bere iraganaz harro dago eta, XVII. mendean eraiki zenetik, errusiar inperioari lotuta egon da.

Armada ukrainarra aldekoak lortzen saiatzen da kontrolpean dituen Donetsk eta Luhanskeko guneetan, baina gerrako zauriei zornea darie oraindik, ageri-agerian dira hondamendiaren aztarnak. Bost urteren ondoren, Semionovka herri txikiak –gerrako lehen borrokak gertatu ziren tokietako bat– 1945eko bonbardaketaren ondorengo Dresden ekartzen du gogora, edo 1999ko Txetxeniaren aurkako eraso errusiarraren ondorengo Grozni.

Kaleetan ez da inor. Aspaldian ospitale eta etxebizitza izandako eraikinen hondakinetan orain arratoiak eta piztiak bizi dira. Babesgune den-denak daude kalibre handiko metrailadoreen balek zulatuta. Morteroen etengabeko bonbardaketei ez zion teilatu bakar batek ere eutsi. Bizitza zantzu bakarra bi auzokidek berreraikitako bi etxe eta ezintasunak dituzten umeentzako eraiki berri duten klinika bat dira. «Hemen ez dago etorkizunik», adierazi du Mishak. Trenbideetan lan egiten zuen 20 urteko gazteak eta, azaldu duenez, bere gelakideen erdiek Errusiara alde egin dute.

Herriaren sarreran oroigarri bat dago; Semionovkako borroketan eroritako dozena erdi militar ukrainarrak soilik gogoratzen ditu. Inor ez da oroigarria profanatzen ausartzen, baina askok ez dute ulertzen zergatik ez den hildako zibilak omentzeko monumenturik. Tokikoek Kieveko gobernu nazionalistaren zapalkuntzaren aurkako gatazka zibila ikusten duten lekuan, Kremlineko buru Vladimir Putinek babestutako separatisten aurkako gerra ikusten dute Kieven. «Nire lagun bat hil zen hemen. Eta ez milizianoa. Kaletik zihoan eta bonba batek hil zuen», gogoratu du Alexandrek, Kieven kontra gorrotoz hitz egiten duen taxilari batek.

Zauriak irekita dirau

Gobernuak ukraineraz idatzitako kartelez bete du hiria, ia inork hitz egiten ez duen hizkuntza. Errusiera dute ama hizkuntza herritar ia guztiek. «Okupaziopean bizi gara», diote biztanle askok. Slavianskeko erdigunean eliza autozefalo bat sortu dute, baina denak Moskuko Patriarkatzari lotutako tenplura joaten dira. Hiri askoren izenak ere aldatu egin dituzte. “Liman Gorria” orain “Liman” baino ez da; “Artiomovsk”, berriz, “Bajmut”. «Plazatik Leninen estatua ere kendu zuten!», nabarmendu du haserre Alexandrek.

Apirilaren 12a ere ez da ospatzen, uztailaren 5a baizik, soldadu ukrainarrek hiria «errusiar uztarripetik askatu» zuten eguna. Urtero, Udalak Slavianskeko gatazkan hildako 63 soldadu gogoratzen ditu. «Srelkovekin askoz hobe bizi ginen. Lapurrak berehala fusilatzen zituen», gogoratu du Slavianskeko Vasili gazteak, Errusiaren aldekoak hiria kontrolpean izan zuten bi hilabeteak gogoan.

Izuak lagun asko geldiarazten ditu. Batzuk, matxinadan aktiboki parte hartu zutelako, alderdi separatistan senideak dituztelako edo Errusian egon zirelako.

«Egoera baketsua dugu uneotan, baina gerraren ondorioak pairatzen ditugu», azaldu du Vadim Liaj Slavianskeko alkateak. Izan ere, frontea ehun kilometro eskasera dago. Biztanleek Kiev ez dutela gogoko onartu du, baina uste du herritarren eskaera nagusia ez dela independentzia, dituzten bizi baldintzak hobetzea baizik. «Jendea ez dago pozik hozkailuak hutsik daudelako eta jatekorik ez dagoelako. Donbassen prezio altuengatik kexatzen direnean, Kieven Moskuren eskua ikusten dute. Herritarrak Poloniara eta Errusiara joaten dira, ez jazarpena jasaten dutelako edo errusieraz ezin dutelako hitz egin, beren familia mantentzeko dirua irabazi nahi dutelako baizik».

Gorrotoa ez da beste inon Stanitsia Lukanskan bezain agerikoa. Luhanskeko probintzian frontean dituen 150 kilometroetan dagoen korridore humanitario bakarra da. Errusiaren aldeko miliziek, etsaien ibilgailuen sarrera galarazteko, Severski Donets ibaiaren gaineko zubia leherrarazi zuten, eta, ondorioz, 10.000 pertsona baino gehiagok egunero egin behar dituzte oinez korridoreko bost kilometroak janaria erosteko edo soldatak eta pentsioak kobratzeko.

Ibilaldian adin guztietako lagunek eta familia osoek hartzen dute parte, gabezia nabaria delako Errusiaren aldeko guneetan, Ukrainako Gobernuak ezarritako blokeoa dela-eta. Horregatik, Putinek errusiar pasaportea lortzeko itxaronaldia hiru hilabete baino gutxiagora murrizteko egindako promesak itxaropena sortu du herritar askorengan, gorrotoaren, gerraren eta hondamendiaren sorgin-gurpiletik atera ahal izateko bide gisa ikusten baitute.

Guztien artean, erretiratuak dira egoera okerrenean daudenak, pasabidea hilean bitan ibili behar dutelako bizirik daudela frogatzeko. Bestela, ez dute pentsioa kobratuko. Ibilbidea egitea bereziki gogorra da neguan, elurrak eta tenperatura hotzek odisea bihurtzen dutelako. Erretiratu batzuek gazteak kontratatu behar izaten dituzte, 300 hrivnia ingururen truke (12 dolar) gurpildun aulkietan, leretan edo metalezko orgatxoetan eraman ditzaten.

«Bizimodua ateratzeko modu zintzoa da. Ez dago zertan lotsatu», dio fruta eta lekaleak daramatzan orgatxo bat bultzatzen duen Osetiako Azot gazteak. Heldu bat eta gazte bat ditu begira, biak ere adineko bi emakumeren zain daude; etxera bueltan eraman behar dituzte irabazitako dirua kobratzeko.

Ibiltariek Kievi leporatzen diote bizi duten egoera. Nazien pare jartzen dituzte bertako agintariak euren etxeak amorruz bonbardatzeagatik. Kazetariak ikustean, askok aurpegia estaltzen dute. Armada ukrainarreko bozeramale batek Efe agentziari azaldu dionez, separ edo separatistak dira, edota Luhanskeko errepublikarentzat lan egiten dute. «Normala al da ni bezalako amona batek horrenbeste kilometro egin behar izatea pentsioa kobratzeko?», salatu du 78 urteko emakume batek, ziatikaz kexu da eta nabarmen egiten du herren.

Gerrak bizitzak eta familiak apurtu ditu, baina badira adorea eta pazientzia lagun bost kilometroak ibili eta banaketa lerroaren «beste aldean» geratutako hurkoak bisitatzen dituztenak. Modu ordenatuan egiten dute, bidea utzi gabe, bi aldeetara dauden guneak minatua daudelako. Gainera, frankotiratzaileak zubiaren bestaldean daudela jakinik, inork ez du okerreko mugimendurik egin nahi. Etxeak eta jabegoak ere atzean utzi behar izan zituzten asko, eta ikustatu egin behar dituzte, lapurretak saihesteko.

Gerra guztietan bezala, urritasunarekin batzuek negozioa egiten dute. Kievek kontrolpean duen aldera pasatzen dira janaria, ekipo elektronikoak edo bestelako salgaiak erosteko, separatisten aldeko lurraldean prezioak askoz altuagoak dira-eta. Egunero bidaia bat egiten duten zamaketariak ere badaude. Gehienez 75 kilo eraman ditzakete, hori baita Armadak onartzen duen gehieneko pisua mugako postua ez kolapsatzeko; izan ere, pertsona bakoitzak bere pasaportea erakutsi behar du eta salgai guztiak xeheki arakatu behar dituztela.

Borrokak ehunka kilometrora gertatzen badira ere, gerra atzeguardian ere egiten da. Kieven, Independentzia (Maidan) plazatik hurbil den kale bateko pizzeriak frontean diren soldaduentzat dohaintzak jasotzen ditu. Ukrainako hiriburuan ohiko da uniformedunak ikustea.

Uniformeak uniforme, presidentetzarako azken hauteskundeetan argi geratu zen ukrainarrek ez dutela borrokatzen eta hiltzen jarraitu nahi. Izan ere, Volodimir Zelenski aktoreak Petro Poroxenko gainditu zuen Donbasseko kanoiak isiltzeko Errusiarekin elkarrizketa proposatuz. Eta askok Errusia etsai gisa ikusten badute ere, Moskurekiko harremanak normalizatu egin nahi dituzte, badakitelako bakea ez ezik, infernuaren bukaera ere horren baitan dela.

Guztien artean, erretiratuak dira egoera okerrenean daudenak, pasabidea hilean bitan ibili behar dutelako bizirik daudela frogatzeko. Bestela ez dute pentsioa kobratzerik izango

Severski Donets ibaiaren gaineko zubia lehertu zutenetik, 10.000 lagunek egunero ibili behar dituzte korridoreko bost kilometroak soldata edo pentsioa kobratu edota janaria erosteko

Donbasseko izugarrikeriak eguneroko gordin bihurtu dira ukrainarrentzat. Ez hori bakarrik, hasi dira ulertzen sartu diren infernutik beren baliabideekin bakarrik atera beharko direla

Semionovka herri txikiak, gerrako lehen borrokak gertatu ziren tokietako bat, 1945eko bonbardaketaren ondorengo Dresden ekartzen du gogora