Mikel Zubimendi Berastegi

Pena eta beldurra ematen duten bi inbestidura saio

Pedro Sanchezen inbestidura saioak aspertu duen horietakoa naiz. Espektakuluak tristatu egin nau erabat eta, nahita, ihes-plan ezberdinetan ibili naiz. Beste kezka batzuek eta jakin minek bultzatuta, hemen Euskal Herrian baina urruti-urrutian. Eta horietan nengoela Boris Jonhsonen inbestidura gertatu da, Sanchezen porrota baino kezkagarriagoa zaidana, zenbait burutazio piztu dizkidana.

Kuriosoa da, baina gertakari politikoak berdintzera jotzen dute Britainia Handian eta Ameriketako Estatu Batuetan. Horrela gertatu zen 80ko hamarkadan Thatcher-Reagan bikotearen aro eta politikekin, eta, berriz, 2016an, britainiarrek Brexitaren alde eta estatubatuarrek Trumpen alde bozkatzean. Paralelismoak, analogiak, antzekotasunak… deitu nahi bezala, baina bada errepikatzen den errima.

Benetan deigarria egin zait Johnsonen hautapen “demokratikoa”. Alderdi Kontserbadoreak dituen 160.000 kideen artean hautatu dute, %71 gizonezkoak eta %97 zuriak direnak, ia erdiak baino gehiago 55 urtetik gorakoak –66 urtetik gorakoak %40–. Erraz esaten da: populazioaren %0,2 eskas bat, populazioa bera baino askoz ere zaharragoa eta zuriagoa gainera.

Boris Johnson Trump baino arriskutsuagoa al da? Biak dira goi klaseko ahoberoak, biak bufoi itxurakoak, biak gizonak, biak zuriak. Biek dituzte atzean astakeria arrazista, sexista eta homofobikoen bilduma partikularrak. Badituzte ezberdintasunak –Johnson politikari profesionalagoa da, bere babesak alderdikoiagoak dira eta ez da hain karismatikoa–, baina, funtsean, esan liteke Boris Johnson bera dela aurkitu daitekeen Donald Trump europar baten antzekoena.

Johnsonen aldekoek diotenez, ez da esaten duen guztia serio hartu behar, behin hainbeste amesten zuen postura iritsita moderatu egingo dela jakitera emanez, arrazional eta orekatuagoa bilakatuko dela. Baina ahaztu egiten dute kanpokoak eta gutxiengoak deabrutuz eta jipoituz, aurkariei saldukeria egotzita, boterera iritsi diren liderrek ez dutela inongo beharrik gero formula irabazle hori alboratzeko. Ez zuten egin 20ko eta 30eko hamarkadetako Europako lider faxistek eta ez dute egiten egungoek ere. Trumpek jarraitzen du eta jarraituko du emakume kongresukide beltzei, mulatoei, latinoei «etxera bueltatzeko» esanez, eta, Johnsonek, britainiarren dirua lapurtzen duen Bruselako munstro burokratikoa madarikatzen.

Egia da, egia denez, Johnsonek oraindik ez dituela Trumpek esandako astakerien parekoak esan. Baina are arriskutsuagoa izan daiteke. Trumpek oraindik orain baduelako errealismo eta kontu pixka-pixka bat; ez da oraindik inorekin gerra betean hasi. Erraza du, alde batetik, «Amerika berriro handi egitea» aldarrikatzea, zuzentzen duen herrialdea denetan boteretsuena delako eta luzaroan horrela jarraituko duelako. Britainia Handiaren kasuan ez da horrela, Europar Batasunaren aurka joz ez du bere aspaldiko handitasuna berreskuratuko, ez da indartuko, AEBen altzora joango da ezinbestean. Bestalde, AEBak beti egon dira banatuta, arraza segregazioaren eta esklabismoaren zauriak irekita mantendu dira. Brexitak Britainia Handian irekitako zauriak, berriz, berriagoak, freskoagoak dira, eta jauzi handia suposatzen dute iluntasunaren eremurantz. Eta gauza jakina da argi-itzal horietan hartzen dutela munstroek, eta munstrokeriek, erliebe osoa. •