Juantxo EGAÑA

Piarres Aintziart Heletako idazlea, gerrara behartua

Familia bildumetan maiz benetako altxorrak topa daitezke. Familia baten istorio txikiak kontatzen dituzten irudiak, era berean herri baten historia ere kontatzen dutenak. Normalean, etxeko argazkizaleek egindako argazkiak izaten dira.

Lerroon gainean ageri den argazkia Aljeriako Independentzia Gerraren garaian egindakoa da, 1954 eta 1962 bitartean, deskolonizazio prozesu betan. Garai hartan, soldaduska egiten ari ziren Ipar Euskal Herriko ehunka gazte errekrutatuak eta borrokara behartuak izan ziren. 102 euskal gaztek galdu zuten bizia.

Argazkia Heletako (Nafarroa Beherea) Piarres Aintziart idazleak egindakoa da, 1960an, Aljeriako Chellala herrian, eta soldaduska egiten ari zen konpainiarekin ageri da bertan. Argazkiaren ezkerreko aldean dagoena da Piarres eta argazkia etxekoei bidaltzeko egin zuen. Piarres berak honakoa idatzi zuen 2003an bizitako esperientziaren inguruan: «Oraindik oso gai mingarria da niretzat, oraindik errudun sentitzen naiz, nahiz eta badakidan nik ez nuela ezer txarrik egin… Ez genuen deus esan eta gerrara joan ginen».