Donostia galbidean
Donostiari betaurrekoak jantzi dizkiote. Ez hobe ikusteko baina. Ispiludun eguzkitako betaurrekoak, glamour apartekoa emango diotelakoan, kanpotarren atseginerako eta salgarriago egiteko. Baina, zer saldu eta nori? Berdin du. Saldu, kosta ahala kosta. Kostako herri dotorea da Donostia, erakargarria zalantzarik gabe. Badu historia bikaina, arkitektura zoragarrizko eraikinak, pintxoak, bazter anitz eta bakarrak… auzoak, auzotarrak eta bizimoduak, baina, norantz doa?
Badirudi agintariak eguzkitako betaurrekoak jantzita nazioarteari begira bizi direla eta turismo oldeak erakartzeko irrikaz dituztela politikak diseinatzen, hiritarren beharrei erantzuteko ordez. Turismoak aberastasuna dakar, zalantzarik ez. Norentzat ordea?
Arduradun politikoen nahia hotelak eta pisuak eskaintzea da turista oldeak erakartzeko, baina turista espezie inbasorea da (turistok ere…), eta, sortzen dituen kalteak ekiditeko neurriak hartu ezean, hamarkada bitan Donostia plastikozko hiria bilakatuko da, postal hutsa. Mamirik gabe, azala baino ez.
Giro honetan, Woody Allenen etorrerak eztabaida piztea ulergarria da, izan ere, hiriaren etorkizuna eta, batez ere, hiritarrena, arriskuan dago.
Nago egoerak okerrera egin aurretik neurri zorrotzak hartu eta hiritarren beharrak bermatu behar direla lehenik, bizimodua eta ohiturak zaindu, familia kideek bertan jarrai dezaten etxebizitza politika ausartak bultzatu, eta abar.
Gainontzean turismo inbasoreak hiriak berezkoak dituen xarma eta bizimodua apurtu egingo ditu betirako. Adibide garbiena Bartzelona dugu, turismoaren ohian huts bilakatuta, galbidean jada. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
