2019/08/03

Erreportajea
BIZITZA ONA EHUNTZEN
Euskal eragileak Guatemalan, jendarte eredua aldatzeko ekina konpartitzen

Guatemalara bidaiatuko dugu erreportaje honetan, handik etorri diren bi lagun euskaldunekin. Unai Gondra eta Edurne Gallo Bizitza Onaren Sareko kideak dira. Bizitzaren jasangarritasuna erdian jarri eta desazkundea josten aritu dira Guatemalako kideekin, hori baita eurentzat bidea, behar duguna era orekatuan lortzea.

Maider Iantzi Goienetxe
Guatemala4

Ekainaren 29tik uztailaren 7ra, “Tipi-tapa bagoaz” kanpainaren barrenean, Euskal Herriko talde bat Guatemalan izan zen eraldaketa soziala lortzeko lan egiten duten bertako elkarte eta mugimenduetako kideekin. Edurne Gallo eta Unai Gondra Desazkundea eta Bizitza Onaren Sareko lagunek fresko dute bidaia eta bertako berri kontatu diote GAUR8ri.

«Guatemalara heldu ginenean, lehenengo egunean, memoria historikoaren aldeko martxan parte hartu genuen. Militarren eguna ere bazen eta militarren martxa ere egin zen. Guatemalaren irudia nahiko argi adieraz dezakegu hala», hasi da Gondra azaltzen. «Garbi ikusten da herrialdea oso militarizatua dagoela eta huts egindako estatuaren egoera oso presente dagoela biztanleen artean».

Gallok erantsi du benetan herrialde ederra dela, jendeak primeran hartu zituela, baina indarkeria bortitza jasaten ari direla. «Hauteskundeak bigarren bueltan daude uneotan [datorren abuztuaren 11n bozkatuko dute] eta nahiko etorkizun negatiboa espero dute, baina jendearen erresistentzia eredugarria da, hona ekartzekoa. Indar handia jartzen zuten kolektibotasunean. Gauzak aldatzeko beharrezkoa da denok biltzea, salatzea eta eskatzea».

Pobrezia ikaragarri latza dela ere ikusi dute. «Geroz eta handiagoa da eta, dirudienez, hala jarraituko du». Hauteskundeen bigarren bueltara pasa diren bi alderdiak eskuindarrak dira, «bata eskuinekoa eta bestea askoz ere eskuinekoagoa». Orduan, gauzak aldatzeak ez du erraza ematen, baina, Bizitza Onaren Sarekoek baieztatu dutenez, erresistentzia oso handia da, batez ere kalte gehien jasateko arriskua duten pertsonen aldetik, bai indigenak eta baita emakumeak ere.

Elkarte mota ezberdinekin bildu dira: emakumeen ahalduntze prozesuak bideratzen dituztenak, indigenen eskubideak berreskuratu eta duintasuna eman nahi dietenak, kulturaren defentsa egiten duen Ehuleen Elkarte Nazionala (Asociación Nacional de Tejedoras), Ciudad de Guatemalan giza eskubideen legezko defentsa egiten duen zentroa...

Azken horrek, adibidez, Efrain Rios Montt kondenatzea lortu zuen. Genozidioagatik kondenatutako lehenengo presidentea da. «Azkenean ez zen kondena gauzatu, baina, halere, eredugarria da». Lurraren, baliabideen eta naturaren defentsarekin harremana duten erakunde ugarirekin ere elkartu dira.

«Izenak oso zailak dira esaten. Gehienak maiak dira, baina maien 22 komunitate eta 22 hizkuntza daude», azaldu dute.

Bizimodu zentzugabea

Desazkundea eta Bizitza Onaren Sareko kideek egiten duten hausnarketa da gure bizimoduak ez duela zentzurik ez hemen eta ez inon. «Hemen gaixotasun asko garatzen ari dira, estresarekin bizi gara... Denok dakiguna. Baina pentsatu behar dugu ispiluaren beste aldean zein dagoen eta zein ari den gu horrela bizitzeko bizi ezinean», agertu du Edurne Gallok.

Gogoeta horretatik, beren proposamena, koherenteena ikusten dutena, desazkundearen bideari segitzea da: «Bizitzeko behar dena lortzea era orekatuan, kontsumismo, kapitalismo, patriarkatu eta arrazakeriatik edaten duten eredu guztietatik at». Alegia, material gutxiago kontsumitzea eta pertsona eta kolektibo gisa gehiago garatzea.

Horri deitzen diote “bizitza ona”. «Europan edo Mendebaldeko munduan beti pentsatzen dugu aurrerapena, garapena, teknologia oso ona dela, baina nora goaz? Ez dakigu». Hausnarketa hori egin behar dela uste du Gondrak. «Kosmobisio mailan garbi ikusten da zer den benetan garrantzitsua bizitzarako: haizea, ura, landareak, lurra... Autonomia izatea fisikoki, politikoki zein ekonomikoki».

Naturarekiko harremana

Gallok gaineratu duenez, zer den beharrezkoa eta zer den zaindu behar dena hartu behar da kontuan. «Ez da bakarrik ura behar dugula bizitzeko; ura gara. Naturarekiko harremana oso presente egon da beren ekarpenetan».

«Maiak izanda, beren kosmobisiotik, oreka, bizitzaren jasangarritasuna, erdian jartzen dute; eta, nolabait, bizitzeko denak orekatua egon behar badu, guk hori errespetatu eta zaindu behar dugula ulertzen dute».

Ura aipatuta, enpresa hidroelektriko dezente dago Guatemalan eta enpresa horien jardunak ondorio negatiboak eragiten dizkie maiei. Adibidez, Cementos Progreso Suitzako kapitala duen enpresa multzoa San Juan Sacatepequez-eko komunitatean ezarrita dago. «Basogintza egiten dute, errepideak, meatzeak... Horren ondorioz, hogei egunetik behin ordu erdiz soilik zeukaten ur korrontea biztanleek. Argi ikusteko Estatuak nola aprobetxatzen duen egoera hori, Estatuak berak kudeatzen du ura. Hara joan eta saldu egiten du».

Ikaragarrizko porlan fabrika handia da, 70 kilometro karratuko espazioa hartu du eta ustiapena 100 urtekoa da. «Ondorioz, hasteko, bertako komunitateek ezin dute orain arte izan duten ura erabili, ez gauzak garbitzeko ezta edateko ere. Horrez gain, beren lurretatik bota dituzte, erabiltzen zituzten bideak moztu dituzte. Jendea kriminalizatu, atxilotu eta, sarri, akabatu ere egin dute porlan fabrikaren mesedetan. Horrek denak Gobernuaren oniritzia dauka eta transnazionalen onurarako Armada bertara joan eta indarkeria guztiak martxan jartzen dituzte, baita emakumeen kontrako sexu indarkeria ere. Jendea kartzelan dago eta jendea hil egin dute», azpimarratu du Edurne Gallok.

Inpunitate osoz

Zer gertatzen da horrekin? «Inpunitate osoa dago». Ez dago inolako babesik herritarrentzat. «2008an eta 2014an prebentzio estatua jarri zuten San Juan Sacatepequez-en eta berez setio estatu bat izan zen», oroitu du Gondrak.

«Eskubideak mugatu zituzten. Militarrek emakumeak bortxatu zituzten. 15 eguneko prebentzio estatua egon zen 2008an eta 45 egunekoa 2014an». Eta bitartean, porlan fabrika gero eta gehiago handitu zen. «Niretzat ikaspen handi bat izan da Mendebaldeko bizimodu honek, gero eta gehiago erosi, dena azkar... horrek guztiak nola eragiten duen munduko beste latitudeetan. Zergatik Guatemala? Eredu delako honetan. Nola sartu den neoliberalismoa eta horrekin emakumeen kontrako indarkeria, patriarkatua... Horregatik erabaki genuen bertara joatea. Triskantza izan delako natur baliabideetan eta kulturalki ere bai», adierazi du Gallok.

Kultura errespetuz partekatu

Adibidez, huipil-a da beren jantzi tradizionala eta orain modan dago. Hortaz, HM eta bertze multinazional batzuek saltzen dute. «Baina guk ez dakigu zer dagoen jantzion atzean. Eurek esaten ziguten espainolek erre ezin izan ez zituzten liburuak direla. Beraien kultura oihalon bidez transmititzen da eta euren ustez hori ez da merkatura ateratzeko zerbait, kultura errespetatu eta partekatzeko zerbait baizik», nabarmendu du.

«Kulturari, baliabideei eta giza eskubideei begira, gu hala bizitzeko beste batzuk eta natura ere gure mesedera eta errespeturik gabe erabiltzen dugu, eta ez dugu horren kontzientziarik», gaineratu du.

Herritar bezala ardura zati handia dugula pentsatzen du Edurne Gallok. «Gu horrela bizitzeko esklaboak ditugu beste lurraldeetan. Bortitza da hitz hori erabiltzea, baina horrela da». «Guatemalan hau gertatzen da kapitalak mugitzen direlako, eta kapitalak nola mugitzen dira? Nazioarteko itun bat baldin baduzu Europatik Guatemalarako kapitalak baldintzatzen dituena, Guatemalara joango dira inpunitate osoarekin. Horregatik, tratatuak nola egiten diren zaindu behar dugu, tratatuetako hitzarmenak betetzen diren... Erantzukizun bat badugu horretan», erantsi du Gondrak.

Txikitik zer egin

Norbaitek pentsa dezake handi samarra gelditzen zaiola hori guztia edo norberak bere txikitasunetik zer egin dezakeen horren aurrean.

Gallok agertu duenez, «oso zaila eta oso erraza» da aldi berean. «Alde batetik politikoki eragin behar dugu, oso ondo jakin zeini bozkatzen diogun eta nola, eta kalean egon salatzen eta aldarrikatzen. Bestetik, egunerokotasunean egiten ditugun gauzen gainean kontzientzia hartu behar dugu: non erosi, erosi behar dugun edo trukean lortu...».

Adibidez, palma olioa gure produktu guztietan dago eta Guatemalan olio palmondoaren monolaborantza arazo handia da. Kutsadura izugarria eragiten du. Uraren ustiapena ere aipatu dugu lehen. Horren gainean pentsatzera gonbidatu gaituzte Bizitza Onaren Sarekoek: «Horrelako produktuak erosiko ditut edo badut beste mota bateko produktuak erosterik? Benetan erosi behar ditut edo beste modu batean lor ditzaket? Hemen badira alternatibak: baserritarren produktuak, ahalik eta gertukoenak, kontsumo taldeak... Nahiz eta tontakeria bat dirudien, denok horrela egingo bagenu, gauzak aldatuko lirateke».

Kolonialismoa, oinarrian

Honen guztiaren atzean kolonialismoa dagoela oroitu dute. Memoriaren Eguneko manifestazioan eta Memoriaren Etxean egon ziren eta azken horretan kolonialismoa gogoratzen zuten, zer izan zen bere garaian kultura maia eta espainolak iritsi zirenean nola hil zuten bertako jendea eta nola beste asko eta asko esklabotzat hartu zituzten.

Horrek arrazakeriaren egiturazko indarkeria jorratzea ekarri zuen. Kolonialismoarekin lotzen dituzte beraiek arrazakeria, kapitalismoa eta emakumeen zapalkuntza. Hor jartzen dute iturria. Gaur egun, nahiz eta beste tresna batzuekin izan, oraindik indarrean dagoela frogatu dute Unai Gondrak eta Edurne Gallok.

 

Indigenen begiekin grabatutako filma

Red Tz’ikin errealizadore independenteen sarearekin elkarlanean ibili ziren euskaldunak Guatemalako bidaian eta dokumental bat plazaratuko dutela iragarri dute. «Ez dakigu noiz, ez dakigu nola. Baina 15-20 minutuko ikus-entzunezkoa izango da eta elkarrizketak eta irudiak bilduko ditu», agertu du Unai Gondrak.

Edurne Gallo kideak gaineratu du Red Tz’ikin hedabide indigena dela eta beren ikuspuntutik egindako dokumentala izanen dela. Hori inportantea da Desazkundea eta Bizitza Onaren Sareko lagunentzat.

«Gure elkarrizketak aterako dira, eta ezagutu ditugun elkarte guztietako testigantzak ere bai. Horietan ikusiko da hemen, Euskal Herrian, egiten dugun guztiak nola eragiten duen munduko beste herrialdeetan, ikuspuntu ‘glokal’ hori nola ematen den», adierazi du Gallok.

«Huipil»-a da beren jantzi tradizionala. Modan dago eta HM eta bertze multinazionalek saltzen dute. Indigenentzat jantziok «espainolek erre ezin izan zituzten liburuak dira»

Hauteskundeen bigarren bueltan alderdi bat eskuinekoa da eta bestea eskuinekoagoa. Baina erresistentzia handia da, bereziki kalte gehien jasan dezaketenena, indigenak eta emakumeak