Maider Iantzi Goienetxe

Mugimenduan

Erritmo biziko ikasturte baten ondotik, oporrak mantsotzeko eta lasaitzeko aukera izan daitezke. Baina abuztua iritsi da eta mugimendua txikitu beharrean handitzen ari dela ematen du. Hasi dira ordaintokian ilarak eta borrokak, maletadun kotxe eta karabanen artean ezin kabitu. Gero ezin aparkatu. Ez dut buelta gehiago emateko gogorik eta urrun utzi dut autoa (10 minutura!). Marmarka egin dut bidea oinez, gaizki aparkatzen duten gidariak kritikatzen. «Ze nazka, zenbat kotxe!», erratearekin batera bat gehiago naizela ohartuz, inoiz eginen ez nukeena egiten duena gainera: gero eta toki gehiagotara joan autoan eta atean aparkatzen saiatu.

Jaitsi naiz lau gurpiletatik eta oinezko bat naiz orain. Eta halere jendearekin tupust egiten dut. Ze amorrua ematen didaten erdian poste bat bezala gelditzen direnek! Eta espaloi osoa hartzen dutenek solaserako!

Zerua ere marra zuriz betea dago. Uztailaren 25ean inoiz baino hegaldi gehiago zenbatu zituzten: 24 ordutan 230.000. FlightRadar24 plataformak egiten ditu estatistika hauek, hegaldi komertzialak, jet pribatuak, hegazkin pertsonalak eta bidaia turistikoak barne hartuz, eta denbora gutxian errekor hori gainditzea ez dela harritzekoa izanen azaldu du bertako komunikazio arduradunak. Ipar hemisferioko jende ugarik mapako puntu bat aukeratu eta abioia hartzen dugu, hego hemisferioko biztanle aunitzek gerratik eta gosetik atera ezin duten bitartean.

Itxarongeletan ere mugimendua dago: mugikorra, gurutzegramak, telebista, musika, eta dena batera. Eta halere aspertuta. Badirudi bertzerik gabe egoten ahanzten ari zaigula. Etxalarko aitatxik eta amatxik bertan egin zuten bizitza; urrunen Donostiara atera ziren. Horra itzultzea ere ez da kontua, baina gelditzen ahal gara. •