Garazi Goia - @GaraziGoia
Idazlea

Sinetsi edo ez sinetsi

Testuinguru politikoan ez daukagu aspertzeko denborarik Londresen. Azken hilabeteetako (edo urteetako) gorabeherekin eta parlamentuko kaosarekin gogaituta eta dagoeneko gehiengoa egoera apatiko batean sartuta geundenean, Boris Johnsonek ekarri dizkigu pizgarri batzuk egun gutxi batzuetan.

Gizakiak lehen aldiz Ilargia zapaldu zuela 50 urte bete diren honetan, gertaera horri erreferentzia eginez eta berarengan hain ohikoa den harrokeriarekin «gizakia Ilargira iristeko gai izan bazen, gu Brexita kudeatzeko gai izango gara» esanez hasi zuen eguna Johnsonek. Hori esan eta aurrera. Dena da zilegi, promesek mugak galdu dituzten honetan, guztia posible da, Erresuma Batuak merezi duen etorkizun oparoa lortuko duela dio. Bide batez, ez al dizue honek Donald Trumpen «we are going to make America great again» gogorarazten? Amerika hobeago bat lortuko zuen promesa hura. Theresa Mayri egindako erreferentzia bakarrak, hiru urteetan egin ez dituen gauzei buruzkoak dira eta bat-batean salbatzaile bat iritsi dela dirudi. Superheroien fikzio ipuinetan bezala.

Parlamentuan lehenengo agerraldia egin zuenean, parlamentuaren inguruko kaleetako kaosak eraginda ondoko auzoetan trafiko ilara handiak sortu ziren. Londres zentroan taxi batean nindoan eta laneko hitzordura ordu erdiko atzerapenez iritsi nintzenean, «Boris lehenengo egunetik arazoak ematen» esanez agurtu ninduten. Hain zuzen ere, bi ikuspegi polarizatu sortu dira edo, hobeto esanda, berretsi dira. Johnsonen harrotasun eta kaiku eiteko jarreren fan izugarria zara edo bestela erabat gorroto duzu.

Erresuma Batuko inperialismo garaiko garaipenekin eta orduko menperatzaile zireneko urteekin halako zerikusia duela iradokiz, erretorika erromantikoa darabil askotan, baina betiere inteligentzia handiz, taktikoki sortu duen “pertsona” hori erabiliz. Brexit osteko egoera positiboa izango dela sinestarazi nahi digu. Ez dakit zer lortuko duen, baina hasi da erdi-bidean bere alde edo kontra egin zalantzan dauden horiek alienatzen. Diskurtso populista berri batean oinarrituta promesa asko egin ditu lehen bi asteetan. Osasun zerbitzua hobetuko duela. Garraiobideak eta hiri nagusien arteko konexioak ere bai. Hogei mila polizia gehiago kontratatuko dituela, herrialde seguruagoa izateko. Goiburuetatik haratago informazioa zalantzan jarriko ez duten horiek bere albora eramatea da helburua. Eta jendeak entzun nahi duen hori behin eta berriz errepikatzen ari da. Brexitaren ziurgabetasuna amaitzear dagoela. Erresuma Batua Europatik irtengo dela urriaren 30ean. Horretan ez dago eztabaidarik. Oso garbi utzi du hori. Akordio berri bat lortuko duela eta “akordiorik gabeko Brexit bat” Europar Batasunak hala nahi duelako bakarrik izango dela. Europatik kanpo dauden lurraldeekin harremanak sendotzea eta haziera beste lurralde batzuetatik etorriko dela ere tartean botatzen du. Badaezpada. Gauzak berak nahi ez bezala ateratzen badira, munizioa prest edukitzeko.

Kontua da Mayk utzitako erreferentzia edo abiapuntua oso maila baxuan duela eta, tamalez, hori ere bere aldeko du. Egiten duen urrats positibo orok, berdin izango da txikia edo handia izan, bere alde jokatuko du. Garaipen bat bestearen atzetik kontatzen hasteko aproposa. Puzteko beharrik ez duen egoa oraindik gehiago puzteko. Eta bagoaz, berriro ere Ilargira…

Baina errealitatea bestelakoa dela gogorarazten ari zaizkigun beste hamaika adierazle batetik eta bestetik ateratzen ari dira. Superheroi papera puntu jakin bat arte bakarrik eraman dezake Johnsonek. Eta, kazetari ezagun batek gaur zioen moduan, Boris Johnson ez da Winston Churchill, eta Brexita ez da Bigarren Mundu Gerra. •