Joana Garmendia

Kartzelaren kodeak

Hitzezko komunikazioa aztertzeko bi eredu edo modelo oso desberdin daude. Bati, klasikoenari, “kodearen eredua” esaten zaio. Horren arabera, komunikazio orotan, honako elementu hauek atzeman daitezke, eta horien arabera aztertu hitzezko elkartruke oro. Hasteko, igorlea daukagu: gogoan duen zerbait komunikatu nahi dio beste bati –hartzaileari–. Igorleak, gogoan duen hori kodetu egiten du, eta kanal baten bidez igortzen dio mezu kodetua hartzaileari. Hartzaileak, kanalaren bidez jasotzen du mezua; hori deskodetzean ulertuko du igorleak helarazi nahi izan diona.

Igorlearen gogoan zegoen ideia edo ustea, hartzailearen gogora iritsiko da; dena ondo bidean, berdinak izango dira batek igorri nahi izan duena eta besteak jaso duena. Dena ondo bidean. Kodea (hizkuntza) eta kanala egoki partekatu behar dituzte biek. Zailtasunik suerta daiteke bidean: mezuak kanalean egin behar duen bideari traba egiten dion orori “soinu” esaten zaio eredu honetan.

Bigarren eredua berriagoa da; joan den mendeko hirurogeietatik aurrera proposatu eta garatu zen. Eredu honen arabera, komunikatzea ez datza horrenbeste mezu bat kodetu edo deskodetzean. Izango da hortik ere zerbait, jakina; hizkuntza (alegia, kodea) partekatzen ez duten bi lagunek nekez ulertuko dute elkar. Baina komunikazioa hori baino gehiago da, eta komunikazioan gehiena da hortik apartekoa. Hiztunaren asmoek gidatzen dute, oro har, komunikazioa; elkar ulertzea, neurri handian, besteen gogoak irakurtzen saiatzea da.

Gauza oso desberdinak komunika daitezke hitz, esapide edo are esaldi berdin-berdinak esanaz. Gakoa, orobat, testuinguruan dago: nork, noiz, non, nola, zergatik eta zertarako esan ote duen esan duena; hori ulertzeak lagunduko digu zer esan zaigun ulertzen. Norbaitek “Bada garaia” esaten badizu, ez duzu benetan zer esan dizun ulertuko hiztunaren asmoei buruz zerbait ez badakizu –zertarako garaia den, testuinguruak esango dizu, seguru asko–.

Bigarren eredua gailendu egin zaio, neurri handian, kodearen eredu klasikoagoari. Eta, hala ere, kartzelara bisitan noan bakoitzean, iruditzen zait eredu zaharkitu hori antzezarazten digutela, behin eta berriro.

Pareta zuriko gela txikian ez dago testuinguru handitarako lekurik; mahaia eta bi aulki, ezin ñabardura handiegirik igarri hor. Bi lagun elkarri zuzen begira, txandak gordez, gogoan zerrendatuta ekarri duten guztia mezu bihurtu eta den-dena igorri nahian, ezer ahaztu gabe, ezer bidean galdu gabe. Soinurik ia ez da, eta eskerrak; sarraila-hotsak etengo du kanala, akabo gaurkoa.

Funtzionarioak behatxulotik zelatan ikusten ditudanean, horretan ari direla irudikatzen dut; eredu klasikoa errespetatzen ari garela zaintzen, alegia. Kodetu-deskodetu, ez dela gure artean hortik haragoko harreman trukerik.

Eskerrak, baina, asmoak eta usteak argi eta ziur ditugun guk –hitzen artean, barnean eta azpian, esan ezin ditugun guztiak elkarri ulertzen dizkiogun–. Eskerrak testuingurua soinean dakargun; zergatik eta zertarako ari garen sobera dakigun. Eskerrak, guk, nor garen ondotxo dakigun; noiz eta non gauden haiek baino hobeto ulertzen dugun.

Eredu zaharkituari eutsi nahi dioten kartzela horietan kode berriz hitz egiten dugu guk. Ohartuko ote dira halako batean. Bada garaia. •