2019/08/10

Iñaki Altuna
Partida ez da tanto bakar batean irabaziko

EH Bilduk azken hauteskundeetan lortu duen boz zaku handia faktore inportantea da aurrera begira, nahiz eta jokaleku politikoa zenbait eremutan zaildu egin den

Aspaldi ikasita behar genuen, baina oraindik ere nabarmendu beharreko printzipio bat bada honakoa: ez dago ez prozesu politiko idilikorik ez kontraesanik gabeko urratsik. Argi eta garbi ikusi dugu Katalunian. Aspaldi inon egondako prozesu herritar eta iraultzaileena garatzen ari dira, eta aparra goi-goian zegoenean bazirudien ez zegoela bihurgunerik, zuzen-zuzen egingo zuela aurrera, bururaino aitaren batean. Antza, Euskal Herritik ohartarazi zitzaien Estatuak gogor erantzungo zuela, gurean izandako esperientzia ikasbide. Diotenez ez zuten halakorik (edo hainbestekorik) espero, eta 155. artikulua indarrean jarri izanak eta auzitegietan bide penala abiatu izanak osoki baldintzatu zituzten prozesuaren abiadura eta izaera (aldebakartasunaren mugak ikusi baitzituzten, aldebikotasunarenak ikusita zituzten tamaina bertsuan; bi-bietan horma berarekin egiten baita topo beti). Egin beharreko ordaina asko garestitu zitzaien, isilean hainbat ordezkari politikok aitortzen duenez. Jakina, prozesua ez da amaitu, indar metaketa independentista –izandako kontraesan eta arazo guztien gainetik– handitu egin da hauteskundeetan, baina nondik eta nola egin aurrera dago orain eztabaidagai. Partida hau ez dute tanto bakar batean irabaziko, hori bai ikasi dute; jokaldi magiko bat baino gehiago bide orri bat beharko dutela, taktika eta estrategia txertatzen jakingo duena. Euskal Herrian beste horrenbeste beharko da.

Izan ere, Euskal Herrian azken hamarkadan ezkerreko independentismoak izandako eztabaida ezberdinetan hauxe izan da, bada, ikasgai garrantzitsuenetako bat: gutxieneko demokratikoak barnebilduko dituen egoera ez da egun batetik bestera, gertaera bakar bati esker, erdietsiko. Ikuspuntu eta lasaitasun horri eustea oso garrantzitsua da prozesu independentista bat egituratu nahi duten indarrentzat, eta horregatik ere EH Bilduk azken hauteskundeetan lortu duen boz zaku handia faktore inportantea da aurrera begira, nahiz eta jokaleku politikoa zenbait eremutan zaildu egin den, batez ere aliantza eta akordio politikoen alorrean. Nork ez du jada espero EAJk mantsotu nahi izango duela estatus politikoari buruzko prozedura Gasteizko Legebiltzarrean?

Zailtasun horien guztien adierazlea da Nafarroan sortutako egoera hauteskundeen ostetik. Talka “Erregimena”-ren eta “Aldaketaren Gobernua”-ren artean irudikatu zen neurri batean, baina ondoren etorritakoa beste zerbait da, erregimenaren indarrak zatitu egin baitira (ez da agostazo-rik gertatu) eta ezkerreko independentismoaren esponente garbiena oposiziotik arituko baita. Bi modu daude horri aurre egiteko: ez dela aurrera urratsik izango iragarri eta horrela gertatzea itxaroten geratu, edo prozesu emantzipatzaile bati onura ekarriko dion dekoratua atontzen saiatu. Maisuki azaldu zuen hori dena Iñaki Sotok NAIZ Irratian egindako elkarrizketan: https://www.naiz.eus/eu/mediateca/audio/inaki-soto-gara-barkos-eta-chiviteren-botere-aldaketaren-aurrean. Eta ez legoke batere gaizki, testuinguru horretan, lehentasunak finkatzen jakitea, aurrerapausoak desiretatik errealitatera ekartzeko, seguru asko nahi baino arazo eta ñabardura gehiagorekin izanda ere. Esate baterako, Euskal Herrian garatu beharreko prozesu politikoan hain garrantzitsua den lurraldetasunaren eremuan pausotxoak egitea ez litzateke lorpen makala. •