Pablo Ruiz de Aretxabaleta
ASKAPENAKO BRIGADAK (I)

Grezian etsipenaren eta Brasilen errepresioaren lekuko izan dira brigadistak

Askapenaren eskutik uda honetan hainbat herritako borrokak ezagutzen ari diren brigadistak hasi dira lehen kronikak bidaltzen. Aurten, Grezian herri mugimenduak beste etsai bat aurkitu duela egiaztatu ahal izan dute internazionalistok: etsipena. Aldi berean, Bolsonaroren Brasilen errepresioaren gorakadaren lekuko izan dira.

Askapenako brigadistek Greziako hainbat erakunde eta borroka ezagutu dituzte uda honetan, baina, batez ere, herrialdeko auzo, herri eta taldeetan hedatu den etsipenaren lekukoa izan dira. Hori bai, etsipen hori gainditzeko ahaleginen berri ere izan dute. «Etsipenaren aurkako borroka inork irabazten badu, herri mugimenduek irabaziko dute», nabarmendu dute Greziako brigadako kideek beraien kronikan. Izan ere, Greziako azken hauteskundeetan islatu zen moduan, Europako Batasunetik eta Nazioarteko Diru Funtsetik ezarritako murrizketen eta memorandumen zein Syrizak gidatutako Gobernuak eragindako desengainuaren ondorioz, borroka ezberdinak ahuldu egin dira.

Euskal Herriko brigadistek KOE erakunde komunistaren eskutik egin zuten bidaia. Hasiera batean KOEk Syriza koalizioan parte hartu bazuen ere, 2015ean utzi egi zuen Alexis Tsipras lehen ministroak, egindako erreferendumeko emaitzaren kontra, herstura neurri gogorrak onartu zituenean. Ildo horretan, KOEko militante historikoek brigadistei azaldu zietenez, «historia modernoan behintzat, garaian garaiko indar inperialisten menpe izan da beti Grezia: Otomandar Inperioa, naziak, britainiarrak, yankiek sostengatutako diktadura…».

Brigadistek gaineratzen dutenez, «gaur egun ere, bestelako menpekotasun egoera bat» bizi du Greziak: «azken urteetan aplikatu diren erreskateen (memorandumak) eta horien ondoriozko neurrien bidez, estatu, multinazional eta banketxe boteretsuak jabetu dira Greziako azpiegitura estrategikoez. Gainera, esku hartze zuzena dute parlamentuan eta gainerako erakundeetan hartzen diren erabakietan. Greziaren burujabetza hutsaren hurrengoa da. Are gehiago, arriskua dago Greziako Estatua eta lurraldetasuna bera desegiteko, aipatu ditugun interes horiek eta Turkiako politika espantsionista dela medio».

Hiru auzo ezagutu dituzte brigadistek Atenasen. Lehena, Kokinia langile auzoa, XX. mendeko 20ko hamarkadan Turkiako kostaldetik kanporatutako greziarrek sorturikoa eta nazien okupazioaren aurkako erresistentzia indartsua agertu zuena. Elkarren arteko laguntzari esker aurrera egin zuten inongo egiturarik ez zegoen eremu batean. Horren ondorioz, komunitate indartsuko auzoa bilakatu zen.

Brigadistek ezagututako bigarren auzoa Exarchia izan zen. Bertan, oraindik ere diktadura militarraren aurkako unibertsitate politeknikoko ikasleen borroka urtero gogoratzen dute. Joera libertarioko hainbat borroka eta ekimenen gotorleku, bertan bestelako prozesuak ere ematen ari direla azaldu dute Askapenako brigadistek: «Alde batetik, arazo handia dago drogarekin auzoan, eta bertako mugimenduen arteko istilu iturri izaten ari da horren aurrean hartu beharreko jarrera. Bestetik, munduko beste hainbat hiri handitako auzoetan gertatzen ari den moduan, gentrifikazio prozesu larria ari da gertatzen: alokairuen prezioak igotzen ari dira, auzoa taberna eta kafe modernoz betetzen ari da, polizia berriro sartzen hasi da…».

Hirugarrenik, Galatsi auzoa ezagutu zuten brigadistek. Bertan bizi diren maila ertaineko eta baxuko herritarren bizi-maila nabarmen okertu da, Grezia osoan gertatu bezala, krisiaren ondorioz. Biztanleen %50 pobrezian bizi dira, eta, %33, pobrezia-atalasearen azpitik. Brigadistek azaldu dutenez, estrategia integral bat abiatu du mugimendu antolatuak auzoan, hiru ildo nagusiren bitartez: «Lehena, auzo osoaren topagune bilakatu nahi duen gune politiko-soziala, elkarren arteko harremanak sustatu eta auzoko arazoak identifikatzeko. Bigarrena, proposamen munizipalista bat, auzoa eraldatzeko plan integral batekin. Hirugarrena, kontsumo-kooperatiba bat, egoera okerrenean daudenen premiazko beharrei erantzun eta auzotarren arteko harreman sozialak eraldatzeko».

Hain zuzen ere, auzotarren arteko harremanak eraldatzea lehentasun bihurtu da «kapitalismoaren eta azken urteetako krisiak sortutako gabezia larrien eraginez ematen ari den deshumanizazioari aurre egiteko. Etsipena da nagusi, nork bere burua salbatzea beste aukerarik ez du ikusten, joera indibidualistak eta etsaitasuna zabaldu dira... Horregatik, kolektibotasunean oinarritutako harremanak bultzatu nahi dituzte, egoera irauliko duten borrokak martxan jartzeko asmoz». Greziak uneotan bizi duen giroa horrela laburbildu dute brigadistek: «Herri mugimendua asko apaldu da azken urteotan, etsipena da nagusi, baina badaude etsipen hori indar iraultzaile bihurtzeko lanean ari diren mugimenduak».

Mugimendu horietako batzuk Kreta uhartean ezagutu dituzte brigadistek. Besteak beste, Tiganitis Heraklioneko kluba, kirolaren bidez komunitatea sortzea helburu duena. «2015ean sortu zuten kluba, batez ere mugimendu anarkistatik heldutako hainbat lagunek. Haien helburu nagusiak futbol modernoari aurre egitea, komunitatea eraikitzea eta futbolak jendea mugiarazteko duen ahalmena baliatzea dira. Oinarri nagusitzat antifaxismoa, antiarrazismoa eta antisexismoa dituzte», azaldu dute brigadistek.

Kretan bestelako arazoak ere ezagutu zituzten, turistifikazioak eta NATOren base militarrak sortutakoak. Kokapen estrategikoa izateaz gain, «basearen zeregina gerran dabiltzan militarrak hornitzea da», eta, aldi berean, errefuxiatuak kontrolatzea, piratak geldiaraztea eta multinazionalen ontziak babestea. «Azken batean, helburua itsasoan botere inperialista nagusien interesak defendatzea da», salatu dute Askapenako kideek.

Aipatutakoez gain, gerran dabiltzan militarrek atseden garaian daudenean sortzen dituzten arazoak aipatu dituzte brigadistek (gehiegikeriak, emakumeen kontrako etengabeko erasoak...), Greziak eta Ameriketako Estatu Batuek izenpetutako akordio baten ondorioz inpunitate osoz egiten dituztenak, militarrok ezin baitituzte Grezian epaitu. Hala eta guztiz ere, brigadistek aitortu dute badaudela basearen aldeko ahotsak ere, «Turkiaren joera espantsionistatik babesten omen dituelako eta Kretan dirua uzten dutelako militarrek», diru hori herritarren poltsikoetara iritsi ez arren.

Brigadistek azaldu dutenez, garai batean militar estatubatuarren aurkako oposizioa indartsua zen arren, egun presentzia hori normalizatu egin da. «Borroka honetan ere etsipena da nagusi: asko kontra egonik ere, ez dute uste ezer egin daitekeenik, eta horren erantzuleak, neurri handi batean, alderdi politikoak (batez ere ezkertiarrak) omen dira, kontrako diskurtsoa zabaldu arren, finean base militarra babesten dutelako».

Tesalonikako borrokak

Greziako iparraldean, Tesalonikan, desindustrializazioaren ondorioak ezagutu dituzte Askapenako kideek. Langile klase indartsu eta borrokalaria zuen hirian langabezia asko handitu da agintariek turistifikazioa bultzatu duten bitartean. «Etxebizitza turistikoen eraginez, errentak asko garestitu dira, eta, batez ere gazteek, erdigunetik alde egin behar izan dute azken urteetan. Aldi berean, bizi-kalitatea okertuz joan da, zerbitzu publikoen kalitatea okertu egin da…».

Brigadistek nabarmendu duten bezala, «beste hiri askotan dituzten arazo antzekoak» dituzte Tesalonikan ere: «Agintariak turistak erakarri nahian ari dira, eta, bitartean, biztanleak ezin bizirik. Halere, badu hiriak beste ezaugarri bat: Balkanetan dago, gune estrategikoan. Ondorioz, inperialismoari lotutako gatazkak ere izaten dituzte», gaineratu dute. Askapenako kideek hiru adibide ezagutu dituzte: uraren pribatizazioaren aurkako borroka, meatzeen gatazka eta Viome enpresako langileek hartutako lantegia.

Uraren kudeaketa pribatizatzeko saiakera geratzeko herri mugimenduak 2008an egindako borrokari esker ez dute enpresa publiko osoa pribatizatu. «Ur-kudeaketaren pribatizazio saiakera pribatizazio orokor baten testuinguruan ulertu behar da: hamaika enpresa publiko pribatizatuz joan dira, memorandumez memorandum. Multinazionalen esku geratu dira», azaldu dute.

«Pinocheten Txileren atzetik, Grezian izan da kanpoko kapitalaren esku hartzerik handiena enpresa publikoetan. Pribatizazio horren ondorioz, uraren kasuan esaterako, prezioa igo eta kalitatea jaitsi da», gaineratu dute.

Baina, kasu honetan ere, indartsu zen borroka moteldu egin da eta Tesalonikan ere etsipena nagusi da. «Ikusitakoak ikusita, jendeak uste du ezin direla gauzak aldatu, baina sindikatukoek borrokan jarraitu nahi dute, ez baitute beste aukerarik ikusten».

Meatzeen gatazka

Greziako ekialdeko Kaltzidikako meatzeetako langileek ere borrokari bizirik eustea dute erronka. Gobernuak meatzeak Kanadako enpresa bati saldu ondoren, komunitateak borrokan hasi ziren egitasmo berrien kontra, batez ere «ustiapen basatiak» ingurumenean eragindako kalteagatik.

Brigadistek azaldu dutenez, 2011tik 2013ra 400 pertsona auzipetu zituzten –oraindik 100 epaiketa zain daude–, eta, errepresioaren ondorioz, egun jada «ez dute itxaropenik, epaiketek ito egin dituzte, eta etorkizuna beltz ikusten dute». Egoera okertu eta kalteak azaleratu ahala jendeak zerbait egiteko beharra sentitzea espero dute orain, herriak husten ari diren bitartean.

Viome: lantegiak langileentzat

Azkenik, Viome fabrika okupatuaren esperientzia ezagutu zuten brigadistek Grezian. 2011n, jabeek fabrika abandonatu ostean, langileek elkartasun deia egin, elkartasun sarea sortu, eta, azkenean, 2013an, kooperatiba bat eratu zuten.

Arazorik ez da falta: Estatuak pabiloiak saldu nahi ditu eta langileei zaila zaie ekoizpena barne merkatuan saltzea. «Mundu osoko fabrika okupatuekin batera lan egiten dute, eta tarteka topaketak antolatzen dituzte. Langileen erabakitasunagatik, izan duten babesagatik, bai solidarioena eta bai familiena, eta ahal izan duten saltsa guztietan sartu direlako, beste borroketan inplikatu direlako, lortu dute zazpi urtez irautea».

Brasilen, errepresioa gora

Eta Grezian herri mugimenduak etsipenari aurre egiten dion bitartean, Bolsonaroren Brasilera joandako brigadistek beste mehatxu bat ezagutu dute: errepresioaren gorakada.

Brigadistak iristean, ikusi zuten MST Lurrik Gabekoen Mugimenduaren eta Via Campesinaren banderak haga erdira jarrita zeudela Florestan Fernandez eskolan. Bezperan MSTko militante bat hil zutela kontatu zieten, «auto batekin nahita harrapatuta uraren aldeko protesta batean parte hartzen ari zela».

Brasilera joandako Askapeneko kideek egoera larria deskribatu dute. «Ordu batzuk nahikoa izan dira Brasilera zein une historiko gordinean iritsi garen ulertzeko. Eraldaketa sozialaren aldeko mugimenduen aurkako errepresioa handitzen ari da Jair Bolsonarok Brasilgo presidentetza hartu zuenetik, bereziki MSTren aurkakoa».

«Azken hilketa Valinhos hirian gertatu zen, Marielle Vive kanpamentuko kideak ur-hornidura eskatzeko manifestazio bat egiten ari zirela. Bizilagun batek autoz harrapatu zuen Luiz Ferreira 72 urteko MSTko kidea, eta, ondoren, hilketaren egileak berak nahita harrapatu zuela aitortu zuen. Bolsonaroren gorroto mezuek horrelako ekintzak ugaritzea ekarri dutela azaldu digute, edonork sentitzen duela horrelako sarraski bat egiteko zilegitasuna», kontatu dute brigadistek.

Askapenako brigadak, Luiz Ferreiraren hilketa salatzeko MSTk deitutako protestaldian parte hartu zuen Marielle Vive kanpamentua ezagutu baino lehen. Duela urte eta erdi Brasilen hildako ekintzaile feministaren omenez izendatutako kanpamentuan 1.000 familia baina gehiago daude kanpatuta, «lurraren aldeko borrokan euren egoera legeztatu eta kokaleku bat lortuko duten ziurtasun osoz».

Brigadarekin batera beste hiru autobus bete jende ere joan zen kanpamentura, eta denentzako bazkaria zuten prest: «Ehunka lagun geunden ilaran, eta denentzat zuten arroz, babarrun eta haragi platerkada. Hasi gara ulertzen MSTren antolakuntza maila noraino iristen den».

Florestan Fernandez Eskola Nazionala MST mugimenduak koordinatzen duen eskola politikoa da. Sao Paulo estatuan dago eta, Askapenako brigadistek azaldu bezala, 2005ean inauguratu zuten, «latifundisten eta kapitalaren aurka, eta mundu justuago, demokratikoago eta parekideago baten alde. Mundu osoko langileen eskola internazionalista da, sozialismoaren eta herrien independentziaren aldeko borroka ardatz duena».

«Iritsi garen unetik, eskolaren tamainak eta antolakuntza mailak harritu gaitu. Eskola MSTk formaziori ematen dion garrantziaren erakusle argia da: ezinbestekotzat jotzen dute militanteen heziketa politikoa benetako eraldaketa soziala lortzeko, eta argi daukate iraultza hori militanteen eta mugimenduaren oinarrietan daudenengandik etorriko dela», azaldu dute brigadistek.

1.200 lagunen lan militanteari esker auzolanean eraikitako eskola da, Brasil bertako zein beste herrialde batzuetako zenbait artista ezagunek emandako euren lanen gaineko egile eskubideen laguntzarekin sortutakoa: Sebastiao Salgadoren argazkiak, Jose Saramagoren testuak, Chico Buarquek musika... Eskola erreferente da Latinoamerikan zein mundu osoan. «MSTko kideek kudeatzen badute ere, kontinente osoko mugimendu iraultzaileetako militanteek jasotzen dituzte bertan formakuntza eskolak. El Salvador, Argentina, Kuba, Venezuela, Hego Afrika, Maroko, Bangladesh eta beste hainbat herrialdetako lagunak ezagutu ditugu eskolan emandako egunetan», kontatu dute.

«Eraldaketa sozialen aldeko borrokan diharduten pertsona militanteak sortzea eta ekintzaileoi borrokak aurrera eramateko tresnak eskaintzea da helburua. Bestetik, beren herrialdeetan formatzaileak izango diren pertsonak formatzeko ikastaroak eskaintzen dituzte», gaineratu dute.

Eskolak metodologia pedagogiko propioa du. «Metodologia hori bera jartzen dute praktikan MSTko kideek Brasilen zehar okupatutako kanpamentu zein kokalekuetan».

Eskolako pedagogiaren baitan, borrokak berak formatzen ditu pertsonak. Martxak, protestak, lurren okupazioak, formazio bide nagusia dira: «Borrokan hazi eta hezten da pertsona». Askapenako brigadistek egiaztatu dutenez, «ez da ikasketa teorikoa bakarrik, bizitza militantean egin behar dituzten lan ezberdinak egiten dituzte. Eskola hau da MST mugimenduaren bihotza, mugimenduaren bizitza eskola bertan hasten delako».

Agroekologia ere ezagutu dute brigadistek Bahia estatuan MSTren eskutik. «Elikagai osasuntsuen ekoizpena ahalbidetzen du agroekologiak bizitzaren defentsan. Biodibertsitatea kudeatzean datza, bere ikuspegi zabalenean, hau da, dimentsio sozial, politiko, ideologiko, ekonomiko, ekologiko, energetiko eta kulturalak lantzen ditu», azaldu dute.

Eta eredu hori garatzeko eta zabaltzeko hainbat eskola sortu ditu MSTk. Heziketa teknikoa eta politikoa eskaintzen dute, gero ikasleek euren komunitateko eskoletan praktikan jarriko dutena.