Nerea Ibarzabal Salegi

Inoren esku

The Great Hack” dokumentala ikusi dut aste honetan. Facebookek bizi izan zuen eskandalua kontatzen du; Cambridge Analityca enpresak Facebookeko milioika erabiltzaileren datuak eskuratu zituen app baten bitartez, eta hainbat kanpaina politikotarako erabili zituen, tartean Trumpi edo Brexitaren aldekoei laguntzeko. Zuckerbergen sare sozialak ez zuen neurririk hartu bere erabiltzaileen datuak babesteko, jada berandu izan arte.

Oraindik beraien bozari buruzko zalantzak zituzten herritarrak detektatzen zituzten Cambridgekoek, eta hauek konbentzitzeko iragarki neurtu eta zehatzak helarazten omen zizkieten hauteskunde garaian zehar. Garbi denez, arrakasta izan zuten kanpainek.

Urtebete pasa da hau guztia argitara atera zenetik, eta Facebookek kritika gogorrak eta boikoterako deiak jaso dituen arren, datuek diote hazi egin dela ordutik. Erabiltzaileko zazpi dolar inguruko irabaziak eskuratzen ditu Facebookek, eta urtez urte igotzen doa. Alegia, sare sozialen garaiak ez daukala amaierarik eta, eskandaluak eskandalu, aurkitu nahi gaituen orok hortxe izango gaituela eskuragarri, gure izen-abizen, kokaleku, argazki, iruzkin eta mezu pribatuekin, baita gure profila itxiko bagenu ere. Ez egotea zailagoa delako egotea baino, dagoeneko. Bestela, irakurri ezazue Jokin Bergarak “Berria”-n argitaratu zuen “Algoritmoen aulki jokoa” artikulua, are gehiago beldurtu nahi baduzue.

Pentsa zenbat informazio, auskalo noren eskutan, auskalo zelan iritsiko zaiguna bueltan. Pragarako hegaldiak begiratu Skyscannerren eta bat-batean iragarkia Facebooken, “Pragan lotarako leku bila?”. Eta horrelako milaka adibide konspiratzaile, zure asmo, pentsamendu eta profila ezin zehaztuago daukatela erakusten dutenak, zuk zeure burua berezitzat izan arren, merkatuarentzat laukitxo bat zarelako “18-35, bizkaitarra, ezkertiarra, emakumea” dioena. Aurreikusgarria zara, eta gainera erakusleiho bat zabaldu duzu beraientzat.

Cambridgen eskandalua publiko egin da, batek daki zergatik, baina gauza batzuk ez dira inoiz jakingo, eta enpresa pribatuak ez direnean, beste botereren bat izango da ahaleginik barik barrutik irakurriko zaituena. Eta euskaraz idaztea ere ez da izango gure territorio librea hemen, big data-ren munduan.

Gogoan dut lehenengo aldiz noiz sentitu nuen nire datuen gaineko kontrolik eza. Gure belaunaldia eta pixka bat zaharxeagoak izan ginen geroko sare sozial arrakastatsuen hasierako diseinuen akuriak. Fotologetik Tuentirako trantsizio horretan –enpresek ez daukatelako zertan elkarri daturik erosi, norbera doa batetik bestera zabaltzen behar sozialek aginduta–, pixkanaka auto-lotsa geureganatzen hasi ginen Fotolog arkaikoan elkarbanatutako argazki eta iruzkin infantilengatik, eta une batetik aurrera iragan hori ezabatzeko beharra sentitu genuen. Ba, zer diren gauzak, guk gure kontuak ezabatu arren, eta Fotolog bera ere duela bi urte itxi zuten arren, oraindik Googlen aspaldiko izen horiek jarri eta irakur daitezke gure iruzkinak.

Eta orain, gure amesgaiztoa edo nostalgikoen une gorena: Fotolog itzuli egin da, eta 2016an oraindik aktibo zeuden kontuak berreskuratzeko aukera ere ematen du hiru euroren truke. Hau da, ustez betirako itxi zen zerbaitek berdin-berdin dirauela Interneteko lainoren batean; berdintsu egingo zuten beste sare askok, ziur naiz, gure praka-kanpana, flekillo eta maitasunezko aitortzak hor nonbait egongo dira gordeta, gutxien espero dugunean norbaiten interesei erantzun diezaieten. Gure ziber-zaborra baliotsuegia baita babes-kopiarik egin barik suntsitzeko. •