Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Lurraldea abuztuan

Abuztua, ia-ia munduaren erdiarentzako, etenaldiaren eta geldialdiaren deklarazio-hilabetea da. Ematen du lurralde batzuk itxi egiten direla, taberna eta denda askotako atarietan irakurgai diren karteltxoek dioten bezala, “Oporrak direla-eta itxita gaude, barkatu eragozpenak”. Zeinen arraroa den horrelako lurralde itxietara bidaiatzea abuztuan; gerrate edo izurrite batek biztanleria akabatu izan balu bezala gelditzen dira herriak, hilik eta isilpean. Barnealdeko herri eta hiriak biztanlez eta aktibitatez husten diren bitartean, kostaldeko lurraldeek overbooking izugarria pairatzen dute, pil-pilean daude. Iparraldekoek hegoaldea okupatzen dute. Hondartzen bilaketaren eromena da lurraldean desorekak sortzen dituena, kabitu ezinik egoteraino, eguzkiaren –eta azal beltzarana erakustearen– kulturaren eraginpean. Urtean zehar hutsik izan diren etxe asko okupatuak izateko garaia, horrela prestatu ditugulako lurraldeak eta etxebizitza-eraikin parkea.

Itsas lurraldeen inbasioaz aparte, biztanleria ordezkapena gertatzen da beste leku batzuetan, bertakoak joan eta kanpokoak etorri, jatorri anitzeko biztanleria nomadak populazio berezi bat osatu arte. Benetan biztanleria trukaketa gertatuko balitz –zu Bostonera eta ni Kaliforniara–, ekonomia zirkularrean oinarriturikoa bizitegi aldaketa bat bezala planteatuaz, bestelako kontakizuna litzateke abuztukoa. Baina kapitalismoak oparitu digu mugitzeko askatasuna, eta langileriak botere hori praktikatu nahi du aisialdi garaian. Horregatik, abuztuan gertatzen diren desplazamendu ororen marraketa mapara eramaterik balego, lurraldeak zirriborratuko genituzke. Eta hobe ez jakin eta ez neurtu zenbateko aire kutsadura eta hondakin kopuru eragiten dion lurraldeari merezitako deskantsu tarte honek...

Izan ere, nola ez oparitu deskantsu unerik, lanak agortzen gaituenean, gorputza nekatu, hustu eta etsitu arte. Abuztuak garbituko gaituen desioarekin planifikatzen dugu, denbora libratzen dugunean plazerean murgiltzeko eta disfrutatzeko espazioa erabakitzen dugunean. Abuztuak emango digu aspertzeko espazioa eta denbora, baldin eta gure buruari baimentzen badiogu. Bizi-erritmo eroa eramaten dugu gainontzeko hilabeteetan, eta abuztuko mugimenduek plazeraren bilaketa amaigabea dute helburu, etxetik ateratzeak hutsune bat beteko balu bezala. Desplazamenduak eta distantziak gure gorputzak sendatuko ditu, abuztura arte gaixotzen egon garelako, egunetik egunera, hilabetez hilabete. Eta lurraldearen antolamendu-sistema eta ekonomia eskutik emanak dira desplazatzeko boterea eman digutelako, baina bizi-erritmoak ahituak uzten gaitu aisialdi-ereduaren gaineko gogoeta egiteko. Eta datorren urtean, protagonista eta gidoi berdinarekin, abuztuko eszenak errepikatuko dira. •