Antton Izagirre

Bizipoz

Bizipoz deitzen diote Markel Irizar txirrindulariari. Dagoeneko txirrindulari ohia esan beharko, utzi berria baitio profesional moduan lehiatzeari.

Bada hilabete bat “7K” aldizkariak egin zion elkarrizketa irakurri nuela eta, txirrindulari modura ezaguna banuen ere, elkarrizketa horretan erakusten zuen gizatasunak arreta eman zidalako aipamen berezia merezi zuela pentsatuta, zutabe honetara ekarri nahi izan dut.

Aitortu behar dut emozioz, hunkituta irakurri nuela elkarrizketa. Geroztik ETBk eskaini dion erreportajea ikusi dut eta, txirrindulari modura izan dituen merezimenduak ezagunak badira ere, agerian utzi nahi nituzke hark baliotsuagoak direlakoan nabarmendu nahi izan dituen giza baloreak.

Bizipoz ezizena egoki jarria duelakoan nago. Bizitzak eskaini dizkion ezusteko guztien gainetik erakusten duen sendotasuna, bizinahia eta itxaropena edonork beretzat nahiko lituzke, balio modura gizarte honetan egin asmo dugun bidea zentzuz burutzeko. Erresilientzia modura ezagutzen den gaitasun hori ondo garatua duelakoan nago. Aipatzen hasita, baikortasunari eta enpatiari egiten dizkion erreferentziak bizitzari emandako kantuak dirudite; ahul, baztertu eta babesgabekoen aldeko deiadarrak, berriz, ontasun eta justiziari eginiko olerkia. Aitatasunaz, familia eta lagunarteaz erakusten duen mira, benetakotasunaren ispilu dela erakutsi digu.

Lehia eta garaipena maite dituen arren, kiroltasunez jokatu eta lagun giroan jardutea atsegin duenaren lekukotza utzi digu.

Bukatzeko, sustraiei lotua, lurrari, herriari eta hizkuntzari fidel ageri zaigu. Euskaldun izateaz harro.

Bejondeizula Markel! •