Juantxo Egaña

Frankistak, Donostiara sartu berritan

1936ko irailaren 13ko arratsaldeko ordu batean Molaren armada, militarrak, erreketeak, guardia zibilak, legionarioak eta falangistak Donostiara sartu ziren Mirakruz kaletik. Bitartean, Donostiako kaitik azken milizianoak irteten ari ziren. Donostiarren erdiak baino gehiagok alde egin zuten hiritik frankisten iritsiera zela eta. Amara Zaharra eta Egia auzoetan, esate baterako, bizilagunen %70ek baino gehiagok ihes egin zuten. Donostiar askok jasan zuten errepresioa; kartzelatu, torturatu eta fusilatu egin zituzten asko, eta beste asko gabetu zituzten beren ondasun guztiez, etxea eta lana tartean. Irudia, kalitate handikoa ez bada ere, neurri batean altxatuak Donostiara sartu ondorengo lehen egunetan gertatu zena islatzen duen dokumentu paregabea da. Bertan, Garibai kaleko 4. zenbakia ageri da, Unión Republicana alderdiaren Donostiako egoitza; frankistak sartu arte hiriko alkatea zen Fernando Sasiain zen alderdiko presidentea Donostian. Irudian, guardia zibil batzuk ageri dira, Pascual Marin argazkilariaren aurrean jarrita, su handi bat egin eta liburu eta agiriak erre ondoren.