Cyril BELAUD (Afp)
KENYA

Pobreziatik ateratzeko dopatzera behartuta sentitzen dira korrikalariak

Kenyakoak dira munduko maratoilari onenetako asko: aurten mundu osoan egin diren 100 marka onenen artean, 38 kenyarrek lortutakoak dira. Aldi berean, dopinaren aurkako erakundeak beste herrialde askotakoak baino ahulagoak dira. Afp-k dopatzera behartuta sentitzen diren lau atletekin hitz egin du.

Ezagunak dituzte dopinarekin lotutako arriskuak, baina esaten dute horiek onartzea beste erremediorik ez dutela kirolean errendimendu egokia lortu eta beren familiak miseria gorritik ateratzeko. EPO edo eritropoietina kontsumitzen duten Kenyako bigarren mailako lau atletekin hitz egin du France-Presse agentziak, izenik eman gabe beren lekukotasuna eman dezaten.

Beste ehunka kirolarik egiten duten moduan, lau atletak Iten Kenyako atletismoaren sehaskan entrenatzen dira, herrialdearen mendebaldean, Rift Haran Handian nabarmentzen den goi lautadan. Kenyan bertan ez dira ezagunak, baina kirolari horien markak maratoian, maratoi erdian edo 10.000 metroko lasterketan oso onak dira, Europan edo beste leku gehienetan punta-puntako atletak bihurtzeko adinakoak.

Maratoian sekulako harrobia du herrialdeak. 42.195 metroko lasterketan Kenyak talentu asko ditu, beste edozein herrialdek baino askoz ere gehiago. Datu bat ideia hobeto ulertzeko: aurten mundu osoan egin diren 100 marka onenen artean, 38 kenyarrek lortutakoak dira.

Eta Atletismoaren Zuzentasun Unitateak emandako datuen arabera, gaur egun mila kenyar inguruk mundu osoan maratoiak egiten dituzte bildutako diruarekin bizi ahal izateko. Mila, erraz esaten da!

Izen handiko lasterketetan ordaintzen dituzten zentzugabeko kopuruetara (200.000 dolar kobratu zituen iaz Dubaiko maratoia irabazi zuenak) iritsi gabe, atletok ehunka dolar ateratzen dituzte karrera bakoitzeko, milaka dolar kasurik onenetan.

Kopurua txiki samarra irudituko zaio irakurleari, baina nekazari askok eguna pasatzeko 1,4 dolar besterik ez duten herrialdean (FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak 2015ean argitaratu zuen ikerketa baten arabera), dirutza da.

Lau kirolariek antzeko istorioa kontatzen digute. Hasiera batean, garbi arituta lasterketak irabaztearekin egiten zuten amets, baina dopinaren eraginez gainbehera izan duten izarren eredu okerrak, kirolari guztiak dopatuta ibiltzen direla pentsatzeak eta etxera elikagaiak eraman behar izateak, planteamendu hura aldatu eta urratsa egitera animatu zituen.

«Nire familia oso pobrea denez, ni dopatzea beharrezkoa zen bizimodua atera ahal izateko –adierazi du Alex goitizeneko atletak–. Dopatzen den jendearen pare egotea ezinezkoa da ezer hartu gabe».

«Kirola ez da garbia»

Orain bi urte hasi zen Alex EPOa hartzen. Inoiz ez diote probarik egin. Ezin harrapatu, beraz. Lasterketa egiteko bi hilabete falta direnean hartzen du eritropoietina eta eguna iristen denean, lehenengo hiru postuetan ez iristen saiatzen da (kontrolak saihesteko), baina gehiegi atzeratu gabe, ezer kobratu gabe etxera itzultzea egin dezakeen gauzarik txarrena baita.

Harrapatuko ez dutelakoan dago. «Bizitza honetan arriskuak hartu behar dira bidezko zerbait irabazi nahi baduzu», arrazoitzen du bere posizioa. Lehiaketetatik kanpo egiten diren probekin ere ez da kezkatzen, bera ez baitago Kenyako korrikalari onenen artean, eta horiek dira ADAK Dopinaren Aurkako Kenyako Agentziaren kontrolpean dauden bakarrak.

Alex goitizeneko atletak lursail bat erosi du lasterketetan bildutako diruarekin. Bere larruan gozo bizi da, hala ere. «Gaur egun kirola ez da gauza garbi bat. Dopatzea delitu da, bai. Baina etxean dituzun beste arazoen eraginez, zeure buruari esaten diozu horregatik barkatzeko eskatu beharrik ere ez duzula», esplikatzen du bere jarrera.

Tonyk 22 besterik ez zituen EPOa kontsumitzen hasi zenean. Dopin kontrolik egiten ez dituzten lasterketak aukeratzen ditu, eta kontrola egon badagoela esaten diotenean, mantsoxeago egiten du korrika. Modu horretan, kontrola pasa behar izan duen bakoitzean, emaitza negatiboa izan du, garbi dagoela adieraziz. Hori bai, lasterketa egin baino askoz ere lehenago hartzen du eritropoietina.

Atleta gehienek dopin egiten dutela uste du korrikalariak. Eta hortik abiatuta, bere jarrera azaltzen du: «Besteek tranpa egin zutelako egiten dut nik ere». Beste kontsumitzaile guztiek bezala, «lagun baten bitartez» hasi zen dopatzen.

Telebistako izarrak

Dopinari esker izar izatera iritsi diren atletek ez diete eredu egokia eskaintzen. «Izar horiek medikuaren etxetik irteten ikusi izan ditugu. Eta handik bi egunetara, pertsona hori telebistan ikusten duzu. Izar handi bat da eta zuk badakizu pertsona horrek tranpak egin dituela. Beraz, atleta gazte bat izanda, zergatik ez proba egin? Sentitzen dut dopin egin izana, nik korrika garbi egin nahi nuelako. Baina jende horren eraginez ez dugu beste aukerarik izan». Tonyk badaki EPOa kontsumitzeak nahi gabeko ondorioak ere izan ditzakeela. «Horrek kezkatuta nauka, badakit-eta nire osasunarentzat arriskuak daudela, eta edozein momentutan hil naitekeela. Baina arrisku horrekin bizi behar dut, nire anai-arrebak aurrera ateratzea ere nire ardura baita».

Entrenatzeko 15 atleta elkartzen dira. Horietako lau, gutxienez, dopatu egiten dira. «Jendeak tranpak egiteari uzten badio, nik ere utziko dut. Baina uzten ez badu, nik ere jarraitu egingo dut», adierazi du Tonyk. Lau korrikalariak bat datoz: gero eta zailagoa da Kenyan EPOa lortzea. «Niretzako, aldiz, gero eta errazagoa da, doktorearen lagun egin naiz-eta», esan du Lucasek, 2013an dopatzen hasi zen atleta. Medikua bera ere orain zuhurragoa dela kontatu digu.

Donald goitizeneko atletak 2014an kontsumitu zuen lehen aldiz eritropoietina. Lehen eta azken aldia, oraingoz. Lasterketa hartan 40.000 dolar irabazi zituen. Baina beldurrez bizi zen eta gehiago ez egitea erabaki zuen. Gaur egun gauzak aldatuta daude eta, lagunek lortu dituzten emaitzak ikusita, berriz ere dopatzeko erabakia hartua du dagoeneko. «Dopina utzi nuenetik, nire bizitza zaila izan da. Horregatik erabaki dut lasterbide bat hartzea».

Beste puntu batean ere bat datoz lau korrikalariak: Kenyako dopinaren aurkako borroka oso ahula da, agintarien ustelkeriaren eraginez. Oso erraza omen da funtzionario bat erostea. «Kenyan herritar gehienak ustelak dira. Beraz, dopina albo batean uzteko eta atletismotik iruzurgile guztiak botatzeko, ustelkeriaren aurka egin behar da borroka». Baina aurrekontuak murriztu egin dizkiote ADAK agentziari.

 

 

«Oraindik gehiago egin behar dugu»

ADAK Dopinaren Aurkako Kenyako Agentziako burua da Japhter Rugut. Berak dioenez, dopinaren aurkako borrokan asko aurreratu dute Kenyan 2016an erakundea sortu zutenetik, baina oraindik askoz ere gehiago egin beharko da, herrialdeko atletak susmopetik ateratzeko.

Agentzia sortu zuten garaian esaten zen Kenyako atleta askok dopin kontroletan emaitza positiboa izaten zutela zer egiten ari ziren ez zekitelako. Horregatik atletei zuzendutako hezkuntza programa bat jarri zuten abian. «Etikari dagokionez, tranpak egitea ez dagoela ondo jakin dezaten nahi genuke», azaldu du. Eta garrantzi handiagoa ematen dio debekatutako gaiak zer diren kirolariek ulertzeari.

Kirolariei substantzia horiek ematen dizkieten pertsonen aurkako borrokari dagokionez, ADAKek itun bat sinatu du Kenyako Batzorde Farmazeutikoarekin onartuta dauden araudiak bete daitezen. Botika bakoitzaren trazabilitatea edukitzea dute helburu, gai bakoitza nork hartu duen jakitea errazago izan dadin.

Arazoari behar bezala heltzeko Kenyak duen oztopoetako bat bertako atleta kopurua izugarria izatea da. «Horixe da gure erronka nagusia». Ruguten hitzetan: «Programa berriak garatu behar ditugu, langile gehiago eduki lanean, eta beharbada Gobernuari diru gehiago eskatu. Disuasio-neurriak behar ditugu, norbaitek pentsatzen badu kontrolik pasa gabe korri egitea posible dela, tentazio horretan eror daitekeelako».

Parlamentuak onartu dituen aurrekontuak kontrako bidetik doaz, ordea. Eta modu horretan, ustelkeriaren susmopean segituko dute funtzionarioek. IAAF Atletismo Federazioen Nazioarteko Elkarteak dio Kenya dela, dopin kontuetan, arrisku gehien duen nazioetako bat. Nola aldatu iritzi hori? «Erraza da: kontrol gehiago egin behar ditugu, hezkuntza eskaini eta kontroletan emaitza positibo gutxiago eman». 2020ko Olinpiar Jokoetara joateko arazorik ez izatea espero du, 2016an esku hartu ezinik geratzeko arriskuan egon baitziren.

Honi buruzko guztia: KENYA