Xabier Izaga

(Salbuespen) legea eta etika

Udaro bezala, hainbat politikari, zenbait hedabidek zirikatuta, euskal preso politikoekin akordatu dira. Baina ez lan astunaren zurrunbilotik kanpo haien egoeraz hausnarketa egin dutelako, jada nahiko izorratu dituztela aitortzeko-edo. Ez, udaro bezala, presoen argazkiak eta ongietorriak dira salatu duten egoera jasanezina, ongietorrien berri modu zaratatsuenean zabaldu dutenek polemika sustatuta.

Asteon bertan Kepa del Hoyoren neska-lagun Maite Sanchez eta haren seme Peru elkarrizketatu ditu egunkari honek. Barne Ministerio espainolak ez du onartu Keparen heriotza saihets zitekeenik. Ezta, haren segurtasuna bere ardura izanda, gutxienik huts egin duenik ere. Hori ez al da Keparen senideak iraintzea, umiliatzea, mespretxatzea? Salatu eta kriminalizatzeko imintziorik ñimiñoenaren zain dauden horien enpatiak ez al du ama-semeontzako eta beste hainbatentzako lekurik? Antza, existitzen ez denarekin ez dago zertan enpatia izanik. Min hori euren onarpenik gabe existituko ez balitz bezala...

Esandako elkarrizketan Maite Sanchezek dioenez, lan handia egin da motxiladun haurren inguruan, baina zalantza egiten du erabakiak hartu behar dituztenengana iristen ote den hori. Iritsita zein ez, ondo baino hobeto dakite existitzeko aitorpenik ez duten haur horien berri, eurek sortu edota aplikatzen baitituzte gizagabe zigortzen dituzten neurriak.

Datorren irailean 47 euskal herritar epaituko dituzte, duela bost, hamar eta berrogeita hamar urte bezala. Ez al da ezer aldatu? Badakite baietz, gauza asko aldatu direla, eurak gorabehera, eta badakite 47 lagun horien delitu bakarra elkartasuna dela, bidegabe kartzelara joateko arriskuan daudela eta, edozer gertatuta ere, urteetako zigorra jasan dutela dagoeneko, lehenengo kartzelan eta gero epaiketaren zain. Gauza asko aldatu dira, baina, lehen bezala, ez daude eurek eragindako mina aitortzeko prest. Horregatik, besteek eragindako minak hauspotu eta beharrean dira.

Herri honetan normalizazio eta bake prozesu bat abiatu zen duela zenbait urte. Gizarte osoak, instituzio eta erakunde guztiek parte hartzeko modukoa, baina alde bakarrekoa izan zen, batzuek parte hartu nahi izan ez zutelako, eta parte hartu nahi izan ez zutenek, areago, prozesu hori oztopatzen ahalegindu zirenek, besteari zer egin behar duen eta zer esan behar duen adierazten diote etengabe.

Legea omen da gakoa. Hala ere, legeak ez ditu ez presoen argazkiak ez ongietorriak debekatzen, eta orduan gakoa etika izatera pasatzen da (bide batez, Estatu espainolaren salbuespen legeak, baina lege, ez dira oso etikoak). Eztabaida dezagun etikaren arloan, bada. Egin ditzagun akordioak, hitz egin eta urratsak egin ditzagun. Ekarpenak, Gobernu espainolaren ordezkari Jesus Lozak egin duenaren kontrakoa, hain zuzen. Zer nahi du gizon horrek, sakabanaketa zuritu? Hori eta bere alderdiak PPrekin adostutako salbuespen neurri guztiak, oraindik indarrean dauden neurriak, alegia?

Hitz egin dezagun, beraz. Gertatutakoak ez zuen jazo behar izan. Denok ados, baina gertatutakoaren erantzukizuna alde bakar batena dela uste izanda, gurpil zoro berean jarraitzen dugu, eta besteak bere erantzukizuna onartuta ere, beste betebehar bat jarriko zaio norberarena aitortu baino lehen.

Etika...? •