Miren Azkarate Badiola

Santuak eta azaloreak

Hilabete honetako artikulu honentzat gaia pentsatzen ibili ostean, gaurko, abuztuaren 24ko efemerideak begiratzea otu zait sarean barna. Wikipedian sartu naiz eta bertan jende famatuaren jaiotza datak, heriotzenak, gertaera politiko pila bat eta naturako beste hainbat aurkitu ditut besteak beste. Baina batek ere ez dit bereziki atentzioa piztu eta webgune berean behera jarraitzea erabaki dut.

Hortxe, pixka bat beherago, ospakizunak jartzen duen atalean sartu naiz eta hor bai, hor aurkitu dut atentzioa eman didan zerbait. Argentinan Irakurlearen Eguna omen da gaurkoa, Costa Rican Parke Nazionalen Eguna, Uruguain, aldiz, Payador-en Eguna (kantautore herrikoiak dira, gitarra batez lagundurik bertsoak inprobisatzen dituztenak), eta Nostalgiaren Gaua ere ospatzen da. Azken adibidea Espainiari dagokio: bertan San Bartolome apostoluaren ohorearen aldeko jaiak dira. Hau da hau marka! Hego Ameriketako herrialdeetako egunekin gozatzen ari nintzen eta, harrapazan!, santuekin egin dut topo, nora eta Espainiara iristean!

Jakin-mina piztu zait. Gainontzeko egunetan zer? Espainian santu eta amabirjinekin jo eta fuego. Bere konstituzioan bere burua laikotzat duen herrialdeak festa eta egun guztiak santuekin izenpetzen ditu. Zein polita izango litzatekeen beste herrialdeetakoak bezala guk ere diren bezala izendatu eta berrasmatuko bagenitu gure ospakizunak: Otsoen Eguna, Azalorearen Eguna, Zaintzaileen Eguna... santuak behingoz alde batera utzita. •