2019/09/07

Isidro Esnaola
Biarritzeko gailurra eta GAFA zerga berria

Interes talka estatu garatuen artean ematen denean, askoz zailagoak dira adostasunak. Are gehiago, multinazionalek ordaindu beharreko zergekin pasatzen den bezala, diru asko dagoenean jokoan

G7ko agintarien Biarritzeko gailurrak ez du erabaki garrantzitsu askorik utzi. Emmanuel Macronek ustekabeko jokaldiekin egunkarietan lerroburu batzuk irabazi ditu, baina denbora pasa ahala garbi gelditu da mugimendu hutsalak zirela. Hala ere, bada gauzak pixka bat mugitu diren esparru bat: enpresa digitalen gaineko zergapetzea. Eman beharreko urratsetan adostasun batera iritsi direla ematen du.

Gailurraren aurretik Estatu frantsesak zerga berri bat onartu zuen: GAFA (Google, Amazon, Facebook eta Apple multinazionalen akronimoa). Enpresa digitalek, goian aipatutakoak eta beste batzuk, mundu osoan zehar egiten dituzte negozioak, baina, askotan, negozioa egiten duten estatuetan egoitza ez dutenez, ez dute apenas zergarik ordaintzen. Egoera horri aurre egiteko asmoz, GAFA zerga ezarri du Gobernu frantsesak. Zerga berri horren arabera, mundu osoan 750 milioi eurotik gorako negozio bolumena duten enpresa digitalek Estatu frantsesean egindako salmenten ehuneko bat (%3) ordaindu beharko dute zerga gisa. Horrek haserrea piztu du, batez ere, Ameriketako Estatu Batuetan, bertakoak baitira enpresa digital erraldoi gehienak.

Zerga horren haritik, Donald Trumpek ardo frantsesari zerga-muga ezarriko zion mehatxua bota zuen Biarritzera heldu aurretik. Gailurrean, Macron eta Trump akordio batera iritsi ziren. Batetik, Estatu frantsesak indarrean mantenduko du GAFA zerga. Bestetik, OCDEren barruan sozietateen gaineko zergaren inguruko irizpide berriak adostea espero da 2020rako. Horiek aplikatzen hastean, kontuak egingo dituzte, eta, irizpide berriekin gutxiago ordaindu behar badute enpresa digital horiek, Estatu frantsesak aldea bueltatuko die. Azkenik, bi estatuok OCDEko batzorde teknikoa dinamizatzeko ardura hartu dute gaia ahalik eta azkarren ixteko.

Ez da batere erraza izango batzorde horretan ezer adostea. G20aren mandatuz sortu zuen OCDEk batzordea; zorroztasun fiskala eskaera orokorra zen eta krisia gainditzeko ezinbesteko osagai gisa saldu zuten. Zorroztasun horrek ekarri zituen gastu sozialen murrizketa handiak eta herritarren haserrea. Testuinguru horretan, enpresa handiek sozietateen gaineko zerga ez ordaintzea lizuna zen eta G20ak neurriak hartzea erabaki zuen.

Helburua zen sozietateen gaineko zerga berri baterako irizpide orokorrak adostea. Jakina, globalizazioaren testuinguruan ezinbestekoa zen estatu guztietan irizpide berdintsuak erabiltzea; bestela, zerga saihesteko aukerak mantenduko ziren. Azkenean, adostasun batzuetara iritsi ziren. Irizpide bateratu horiekin, hala ere, Hirugarren Munduko estatuek galtzen jarraitzen zuten.

Irizpide berriak indarrean sartzeko prozesuan, monopolio digitalak zituzten multinazionalak pentsatutako eskematik ihes egiten zutela konturatu ziren. Orduan, beste garapen batzuk hasi ziren lantzen OCDEren batzordean. Baina esparru horretan askoz zailagoak dira adostasunak: interesen talka, batez ere, estatu garatuen artean ematen delako; gainera, diru asko dago jokoan. Estatu batzuk irizpideok soilik erraldoi digitalei aplikatzea nahi dute; beste batzuek, multinazional guztiei. Eztabaida horretan, Estatu frantsesak onartutako GAFA zergak bazterrak astindu ditu. Beste kontu bat da nahikoa izango ote den eztabaida ixteko. Eta bada are garrantzitsuagoa den beste zerbait ere: akordioaren zehaztapenak. •