> Everest, turistentzat hurbilago

Everesteko gailurra zapaltzea ez da gauza erraza. Gaur egun, bertako sarrerako atea mendi artean kokatutako Tenzing-Hillary aireportua da, munduko arriskutsuenetakoa. Lukla hirian, 2.860 metroko altueran, abiatzen da astebete inguruko ibilbidea Everesteko kanpamentu nagusiraino, eta Nepalgo Gobernuak bertarainoko errepide bat egin nahi du.

2.100 metroko altueran dagoen Khari Kholaraino iristen da oraingo errepidea, eta Gobernuaren nahia Chaurikharkaraino luzatzea da, Luklatik hiru bat kilometrora. 2020ko uztailean amaituta egotea aurreikusten dute. Bi autobus geltoki izanen dira Khari Kholan, eta bertatik ibilgailu elektrikoak soilik pasatuko dira.

Ohikoa da Tenzing-Hillary aireportuan hegaldiak atzeratu edo bertan behera geratzea, eguraldia txarra tarteko. Bertara heltzeko 25 minutuko hegaldiak 180 euroko prezioa izan ohi du. «Turistek eta Nepalgoek bertakoek bitan pentsatzen dute Everesteko eskualdera bidaiatu aurretik», adierazi du Gobernuak.

Era berean, Chaurikharkan teleferiko bat eraikiko dute, 3.440 metroko altueran dagoen Namche Bazaarera igotzeko. Bertan bizi dira xerpa edo mendi gidari gehienak.

Gobernuaren hitzetan, iaz 56.303 atzerritar gerturatu ziren eskualdera, eta, errepidearekin, 500.000 izatea dute jomuga. Nepalen gehiegizko turismoaren aurkako ahotsak ere hasi dira indar hartzen.

> Donostiako arratoiek ez dituzte siglak bereizten

Donostiako Udalak badu telefono bat herritarrek arratoiak ikusten dituztenean informa dezaten, neurri espezifikoak hartzeko. Iaz 916 abisu egin zituzten, esate baterako 2014koaren bikoitza, orduan 528 izan baitziren. Uste izatekoa denez, kaleetan arratoi gehiago ikusten direlako daude jakinarazpen gehiago.

Datu horrek txikikeria dirudi, baina badu nabarmentzekorik. Duela bost urte EH Bilduren legegintzaldiko azken urtea zen, eta ustez arratoiak kontrolik gabe ugaldu izana izan zen oposizioak Juan Karlos Izagirreren taldearen aurka egiteko baliatutako gaietako bat. Arratoiek, antza, ez dituzte alderdien siglak bereizten.

> Txernobylgo haurrak, Euskal Herritik etxera bueltan

Euskal Herrian uda eman duten 189 haur ukrainarrak joan den astean itzuli ziren etxera. Chernobil Elkartearen harrera programak 1986ko eztandak kutsatutako inguruan bizi diren adin txikiko horien osasunak hobera egiten laguntzea du helburu, eta harrera familiei esker funtzionatzen du.

Elkartea 1996an sortu zen, eta urtebete geroago lehen harrera programa antolatu zuen, haur horiek zenbait hilabete inguru osasungarriago batean eman eta, horretara, beren osasunak hobera egin zezan.

Aurten, ia 200 adingabe etorri ziren Euskal Herrira uztail hasieran. Bi hilabeteon balantzea oso ona da eta jarduera ugari egin dituzte. Programa hasi zenetik, haurren osasun egoeraren hobekuntza nabarmena izan dela nabarmendu dute antolatzaileek.

> «Bostak» sailaren egileari betoa

Sarah Vine zutabegile britainiarrak “The Daily Mail” kazetan jakinarazi duenez, Royal Mint entitateak, txanponak eta billeteak egiten dituenak, 50 zentimoko txanponetan Enyd Blytonen aurpegia agertzea baztertu zuen 2016an. Horrela, bertan behera utzi zuen idazle haren heriotzaren 50. urteurrenean egiteko asmo zuen aintzatespena.

Blyton, XIX. mendearen amaieran Londresen jaioa, idazle emankorra izan zen. Haur eta gazte literaturako 750 obratik gora sinatu zituen, bai bere ezkondu izenarekin, bai Mary Pollock ezkongabe izenarekin. Haren sailik nabarmenena “Bostak” izan zen.

Hala ere, arrazista, xenofoboa eta sexista izatea leporatu zioten, arraza beltzeko pertsonaiei, atzerritarrei edo neskatilei bere lanetan emandako trataeragatik. Hori dela eta, Royal Mint entitateak Blyton omentzeari uko egin zion, Sarah Vinek adierazi duenez.

> EHUko eserleku bakarreko auto bat, onenen artean

Formula Student Bizkaia taldearen eserleku bakarreko ibilgailuak motor elektrikoen sailkapen orokorreko bederatzigarren postua lortu du Montmeloko (Bartzelona) zirkuituan egin zen lasterketan, Bilboko Ingeniaritza Eskolak jakinarazi duenez.

Ingeniaritza Eskolako 54 ikaslek eta lau irakaslek osatzen dute Formula Student Bizkaia taldea, eta eurek prestatutako autoak EHU ordezkatzen du txapelketetan. Aurtengoa denboraldi bikaina izan dute, Silverstoneko (Britainia Handia) eta Montmeloko lasterketetan hamargarren eta bederatzigarren postuetan sailkatu baitira hurrenez hurren.