2019/09/07

Itsasoko pozak eta ezbeharrak

Luis Carril, Donostiako kontsulatuaren dorretxean jaioa baitzen, ezagunagoa zen Torrekua goitizenez. 1889an eta 1890ean Kontxako Bandera irabazi zuen traineru donostiarreko patroia izan zen. Hala ere, haren garaipenik ezagunena 1890eko abenduaren 2an jokatutako estropadan Ondarroa mendean hartu zuenekoa izan zen. Lehia hartarako Donostiako eta Ondarroako arrantzale batzordeak osatu zituzten; besteak beste, estropada hamalau arraunlariko arrantza-traineruetan egitea adostu zuten, baita 10 milia egingo zituztela ere, Lekeition hasi eta Getarian bukatuta. Bi traineruen arteko apustu bat ere egin zuten, 25.000 pezetakoa. Donostiakoak minutu bat eta 28 segundoren aldea atera zion Ondarroakoari. Azken horren patroia Ambrosio Bedialauneta zen. Probatik egun batzuetara egindako argazkian Donostiako trainerua ageri da, “invencibles” idazkuna duen egurrezko plaka bat duela. 1892ko urriaren 20an “La Unión Vascongada” egunkariak Luis Carril Donostiako traineruko patroiaren eta zortzi arrantzaleren heriotzaren berri eman zuen lehen orrialdean. Haien ontzia, “Elcano”, olatu-kolpe batek irauli zuen. Carrilekin batera Jose Maria Taberna, Luciano San Sebastian, Jose Beobide, Mariano Blanco, Jose Miguel Egaña, Francisco Jauregui, Jose Joaquin Landa eta Manuel Uribe hil ziren. Hildako arrantzale haietako batzuk Carrilekin izan ziren haren traineruak Ondarroakoa garaitu zuenean.